KOLONOAK

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-07-09 22:23
1

Gaur egun, colono hitzak zer esan nahi duen sobera daki gutako edonork. Kolonizazio garaietatik hona, dena den, urte larregi igaro dira eta, badaezpada, inori zein esangura duen ahantzi edo atzendu ote zaion, ahotara ekarri nahi nuke berba hori.

 

Berez, esate baterako Harluxet hiztegi entziklopedikoan ikusita, zera litzateke kolonoa: kolonia bat osatzen duten atzerritarretako bakoitza. Eta kolonia, Rhin ibaiaren ertzeko hiri alemaniarraz aparte, honako hau ere bada: 1. Lurralde batean, berau populatzeko eta bertako baliabideez jabetzeko, kokatzen diren atzerritarren multzoa. 2. Atzerriko estatu batek menperatu eta administratutako lurraldea, hark ekonomikoki ustiatzen duena. 3. Hiri edo herri batean bizi diren atzerritarren multzoa. Horrela, kolonialismoa sortu zen: 1. Lurralde bat, atzerriko estatu batek menperatzea, politikoki gobernatzea eta ekonomikoki ustiatzea bidezkotzat jotzen duen doktrina. 2. Kolonien bidezko menderakuntza-sistema. Eta berau bultzatzen dutenak, hortaz, kolonialistak dira: Kolonialismoari dagokiona; kolonialismoaren aldekoa.

 

Egunotan txinatar kolonoez hitz egiten ari zaigu mass-medietan. Lo dagoen estatu erraldoiaren armadak Xinjiang-eko uigurrak bakartu eta, enegarren aldiz, ukatu egin die ezertxo ere erabakitzeko baimenik. Denak omen dira txinatarrak, eta kito. Uigurrek berezko hizkuntza eta kultura izan arren, bigarren mailako biztanle bihurtu dira euren lurraldean bertan, txinatar kolono kolonialistek zanpatuta.

       xinjiang por ti.  euska_herria_karta por ti.

Bada, euskaldunontzat ez da kontu harrigarria, berton ere, Euskal Herrian alegia, badakigulako, jakin, zer den kolonizatua izatea. Garai bateko industrializazio “onuragarri” bezain masibo baten aitzakian, kanpotarrez bete zigun lurraldea Franco espainiar diktadoreak, eta, haren itzalpean, kultura eta hizkuntza inbasoreak ezarri zizkigun, ofizial eta derrigorrezko. Geroztik, badakigu zer gertatu den eta non diren orain gure hizkuntza eta kultura; bigarren maila batean, inbasoreen hizkuntzaren eta kulturaren ostean, uigurrei gertatzen ari bezala.

 

Hau da, hitzok gustatu edo ez, espainolek kolonizatu egin gintuzten, eta, oraindik ere, borrokatu egiten dituzte gure hizkuntza eta kultura, berez dagokien lekua berreskura ez dezaten. Jakina, hori guztia demokraziaren mozorroaren azpian egiten da orain, eta ditugun kolonoek ez dute onartu nahi garai batean indarrez ezarri zizkigutela euren hizkuntza eta kultura. Xinjiang-en, ordea, demokrazia arrastorik ere ez dagoenez, dena egiten da bortxaz, eta, ezarpenen aurka inor matxinatuz gero, akabatu egiten dute kalean bertan, hemen garai batean egiten zen bezala.

 

Tamalez, memoria historikoa galtzen ari da, edo ari gara. Oraingo gure gaztetxo askok ez bide dakite euskara dela gure hasierako hizkuntza eta euskal kultura dela izena eta izana eman dizkiona Euskal Herriari. Oraingo gaztetxo horiek, gehienek, gaztelania dute euren hizkuntza behinena, nahiz eta euskaraz jakin, eta ez dute ulertzen izenak izana ere behar duela, herri bezala iraungo badugu. Areago, hainbatek mespretxua ere agertzen dute euskararen kontra. Helduok, berriz, ez dugu orain arte lortutakoa balioesten jakin, eta ez diegu gure ondorengoei militantzia kulturalaren bidez borrokatzen irakatsi. Globalizazioak eta ongizate gizarteak gure seme-alabak galarazi dizkigu; mestizaiak eta aniztasunak desideologizatu.

 

Nik, ordea, garaiotan eta neuk bakarrik ezer gutxi egin dezakedan arren, gauza bat behintzat argi eta garbi utzi nahi diet neure ingurukoei: Euskal Herriaren kasuan, baditugu colonoak eta kolonoak, ez baitira gauza bera bertora norberarena ezartzera etortzea eta, behin hona etorrita, bertokoa bereganatzen ahalegintzea. Bigarren hauei, kolonoei, nire laguntza eta eskertzerik zintzoena eskaintzen diet; ea bertoko askok ere ikasten duten euskaldunak, iruditzeaz gain, izan ere izan behar duela euskaldun.

Iñaki

Iñaki 2009-07-14 12:36 #1

Egia biribila azaldu duzu zure testuan, argi eta garbi. Kolonizazio lotsagabe eta gaiztoa Nafarroan egin nahi digutena eta kolonizazio maltzurrago, leunago eta ezkutuago bat EAEn egin nahi digutena. Iparraldekoak izenik ere ez dauka, Frantzia txobinista eta harroak ez baititu "villanoak" soportatzen.
Oso garbi azaldu duzu nondik gatozen eta hori auzi honetan oso garrantzitsua da, "demokrataz" mozorrotzen den askok gaurko "status quo" bakarrik onartu nahi dute, Marokok Saharan egin nahi duen bezala: lehenbizi marokoarrez populazioa hanpatu Saharan, eta gero, denek boto eskubide berdina dutela esan, jatorrizo nazioari erabakitzeko eskubiderik eman gabe. Horixe bera gertatzen zaigu guri. Eta okerrena da bertako askok eta askok onartu egin duela planteamendu hori eta etsaiaren helburuen alde jarri dela, bai alderdi kolonialistei botoa eta sostengua emanez, bai gure hizkuntza eta gure kultura baztertuz.
Ez dut gehiegi sakondu nahi, baina ez dakit ez ote den horixe bera ertzaintzarekin gertatzen ari dena, edota lehenagotik ere gertatzen ari zena.
Iñaki


Utzi iruzkina: