Ibarretxeren balentria: ERABAKIMENA DA BIDEA
Lauzpabost urte dira Ibarretxe lehendakariak Baskongadetako herritarroi hitza emango zigula esan zuela. Azkenik, badirudi urtebete barru izango dugula aukera, behingoz, zeozer esateko. Ausardia erakutsi du lehendakariak herri-kontsultarako data ezartzean, txalotu beharreko ausardia, egia esanda.
Esan dezadan hasieratik ni neu ez naizela EAJzalea. Sekula ez diot bozkarik eman alderdi horri, eta, dagiten politika mota ikusita, ez dut uste aurrerantzean ere emango diodanik inoiz. Baina, nik bestelako iritzi politikoa izan arren, aitortu behar dut Ibarretxek poztu egin nauela bere proposamenarekin. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrok, azken urte luzeetan, nazka-nazka eginda gabiltza bertoko politikariek eskaini diguten maila eskasarekin. Botoa eman diezaiegun baino ez dira gurekin gogoratzen, lau urterik behin, eta horrek sekulako inpotentzia, nagikeria politikoa eta politikariekiko higuina sortzen du, benetan.
Ausardia behar da, alderdikeria mespretxagarria bazter utzita, benetako demokraziara jauzi egiteko. Benetako demokrazia baita herritarrei hitza ematea, galdetzea, entzutea, zerbitzatzea... Maizago eman beharko ligukete aukera hainbat gairen inguruan (AHTaz, esaterako) zer pentsatzen dugun adierazteko. Gatazkatsuak diren auziak gehiengo osoz erabaki behar baitira; hau da, herritar guztiok boto bana izanda auzi horren inguruan. Bestela jokatuta, iruzur galanta, eta gero bortizkeria azaltzen da ondorio gisa. Normala. Herriari entzun nahi ez zaionean (eta Euskal Herrian gehiegitan egin digute ez entzunarena) kale-protestak eta gogaimen politikoa agertzen dira.
Doakiola, bada, nire eskertzea eta zoriontzea lehendakariari. Atea ireki baitu (edo saiatu da, behintzat) herri honetan POLITIKA egin dadin behingoz. Bada sasoia iseka, errespetu falta, demagogia merkea eta horrelako jokabide lotsagarriak albo batera utzi, eta Euskal Herria, euskal herritarrok nahi eta behar dugu herria, eraikitzen hastekoa. Aurrera Ibarretxe jauna, milaka herritar kontsultatuak izateko irrikan gauzkazu eta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: