GU eta HAIEK

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-04-08 20:01

Hilabete eskas barru, lehendakari kargua hartuko du Lopezgoiti jaunak. Badakigu ez dela Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritar guztion lehendakaria izango, ez behintzat nirea, baina, hala ere, berak tematuta segitzen du lelo horrekin. Egia esanda, inoren lehendakari izatekotan, berton bizi eta bozkatzen dugunon erdien baino gutxiagoren lehendakaria izanen da, gehienok, euskal naziozaleak izanik, bestela bozkatu baitugu. Hori begi-bistakoa da, buruketa matematiko txiki bat eginda erraz ikusten dena, alegia.

 

Dena dela, lehengo lehendakari guztiak ere ez dira guztionak izan, ez eta guztiontzat gobernatu ere. Baina orain artekoak, behintzat, gehienon lehendakariak izan dira; izan ere, orain arte, oposizioak baino boto-emaile gehiagoren izenean jardun izan dute beti boterean ibilitakoek, eta, gehiago edo gutxiago gustatuta, euskal naziozaleon lehendakariak izan direla esan liteke.

 

Kopuruak eta gehiengo-gutxiengoen dikotomia hori albo batera utzita, garbi dagoena zera da: EAEn, eta politikari gagozkiolarik, bi multzo nagusi gaude, euskal naziozaleok batetik, eta, bestetik, espainiar naziozaleak. Edo, bestela esanda, Euskal Herrian bizi eta Euskal Herria geure naziotzat dugunok, bateko, eta Espainian bizi eta Espainia euren naziotzat dutenak, besteko. GU eta HAIEK, alegia, eta ez alderantziz, GU gehiago eta lehenagokoak baikara (ber)HAIEK baino.

 

Gauzak horrela, zergatik izango da, orduan, beraietako bat lehendakari eta ez gutako bat? Zergatik gobernatuko dute HAIEK eta ez GUK? Bada, erantzuna oso erraza da: HAIEK ados jartzen badakitelako, GUK ez bezala. Betiko kontua, alegia. Espainiarren eta euskaldunon arteko lehia amaigabe honetan, Espainia gailendu izan zaio beti Euskal Herriari, HAIEK, espainiarrek, badakitelako elkartzen komeni zaienean, eta GU, euskaldunok, aldiz, beti ibili izan gara geure artean elkarri ostikoka, nor baino nor, ea nor ote den euskaldunagoa-edo. “Zatitu eta irabazi egingo duzu”, horixe da estrategia, euskaldunoi, galtzaileoi, betidanik oso ongi aplikatu izan digutena.

 

Batzuek diotenez, bi multzo naziozale horien arteko zatiketaz gain, bada beste multzokatze posible bat, ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa islatzen duena. Hau da, ezkerreko alderdiak batetik, eta eskuinekoak bestetik, euskal ala espainiar naziozaleak garen/diren kontuan hartu barik. Betiko eztabaida da, azken batean. Garai batean halaxe planteatzen genuen: “Zer da lehenengo, askapen soziala ala askapen nazionala? Zer gara gehiago, ezkertiarrak ala naziozaleak? Bada, nire uste apalean, bizi garen gizarte post-moderno, globalizatzaile, neoliberal eta aburgesatu honetan, aspaldi jakin beharko genuen nazio askea izanik soilik lor dezakegula euskal gizarte libre eta justuago bat ere izatea. Askatasuna, independentzia edo burujabetasuna bezala, norberarengandik hasi behar, ezinbestean, hurbilen eta geureen dugun horretatik, alegia; beraz, Euskal Herriak berak munduan bere lekua izan dezan ados jartzen ez bagara, nolatan nahi dugu erabaki zein Euskal Herri mota behar dugun? Ez al gara konturatzen geure buruaren kontra ari garela, suizidio kolektiboa ari garela bultzatzen, beraiek, espainiarrek, berenganatzen edo asimilatzen gaituzten bitartean?

 

Tira, esan nahi dudana, azken batean, oso gauza sinplea da: euskaldunon batasunak ez bestek ekarriko du, inoiz ekartzekotan, Euskal Herriaren garaipena. Hortaz, euskal naziozaleok, bat eginik lan egiteko prest zaudetenean, orduantxe egidazue dei; bitartean, hementxe segituko dut, nire Euskal Herri ttipian, inoren eremuan, zain.


Utzi iruzkina: