EUSKOBAROMETROA
Barometroa, definizioz behintzat, presio atmosferikoa neurtzeko tresna dugu eta, horren karietara, aspaldi asmatu zuten “euskobarometroa” izenekoa, teorian, euskal gizartearen iritzia aldiro-aldiro neurtuko zuena. Jakina, bigarren hau ez da lehenengo hura bezain zientifikoa, ezta zehatz eta fidagarria ere, baina, azken batean, biak ere datuak ematen dituzten barometroak dira, eta datuok, noski, guztiz interpretagarriak zaizkigu.
Egunotan, berriro ere azaldu zaigu euskobarometroa, oraingoan, balizko hauteskunde autonomiko batzuetan Erkidegoko euskal herritarrok botoa zeini emango geniokeen agertu nahian. Diotenez, berdinketa teknikoa dago Ibarretxeren eta Lópezen artean, ez botoetan, baina bai eserleku kopuruan. Lehendakaritzan lehenengo aldiz alternantzia gerta litekeela jakinarazi digute, nahiz eta, diotenez, oraindik ere ez den aukera hori oso gertagarri sumatzen herritarron artean. Bada, nire aburuz, Francisco J. Lleraren lantaldeak ondorioztatzen dituenak irakurrita, bistan da Lópezek eta Llerak izenaz gaindiko zertxobait gehiago dutela komunean (eta ez naiz etxeko komunaz ari, ez horixe).
Izan ere, nik ezer gutxi sinesten dut inkestetan, oro har, eta ezertxo ere ez bereziki interes politiko batzuen ildora egiten diren horietan; euskobarometroarenak, kasu. Badakigu zer-nolako fundamentu eskasarekin erantzuten diegun herritarrok inkestatzaileei, eta badakigu, halaber, are gezur handiagoak botatzen ditugula sexuaz edo politikaz galdetzen digutenean. Gainera, bitxia da hedabideetan hainbesteko oihartzuna duten inkestetan sekula ez diotela norberari ezer galdetu; sentsazio horixe daukat nik, behintzat. Hortaz, ez dut ezertxo ere sinesten inkesta honek dioskuna.
Bistan da, gure iritzia neurtu baino, gure iritzian eragin nahi izan dutela udazkeneko agerraldi honekin. Hauteskundeak hiru hilabete eskasera ditugun honetan, eta Gabonotan senide eta lagunen artean gabiltzala, alternantziaren nolabaiteko beharra eta egokitasuna saldu nahi izan digute Llerak eta enparauek; familian eta lagunartean zeresana izan dezagun eta euren nahia gizartean hedatu eta handitu dadin. Boterera nola iritsi ez dakitela, edozerk balio dezake soziata hauentzat, antza. Euskaldunok baina, badakigu “sozialistek” erraz darabiltela ahoan gezurra, manipulazioa eta iruzurra, ez baita egiten duten lehenengo aldia.
Dena den, egia esanda, ondo baino hobeto letorkiguke alternantzia politikoa, eta ez bakarrik politikariei dagokienez, baita sistema politikoari berari dagokionez ere. Ibarretxek barik, EAJkoek berek jakin beharko lukete bestelako politika ere egin litekeela eta herri hau (Autonomia Erkidegoaz ari naiz) ez dela beraien jabego pribatua. Susmoa dut, ordea, Francisco Lópezek ez dakarrela ezelako alternatibaren bermerik eta, inoiz Ajuria Enean gobernatuz gero, ederra egingo dutela gure nortasun eta sosekin.
Bestalde, Ezker Abertzalekoek abstentzioa aldarrikatuko dutelakoan burutu dute inkesta. Badakigu independentistak ez dabiltzala, hain zuzen, beren unerik onenean, baina lar da pentsatzea abstentzioa eskatuko dutenik, ez baitaude euren azkenaldiko itsukerian eta burugogorkerian segitzeko tenorean. Beharbada, unea izan daiteke pentsa dezaten Eusko Legebiltzarrak benetako alternatiba bat behar duela eta beraiek, ezkertzale eta abertzaleek, izan behar dutela alternatiba horren zutabeetako bat. Boto-emaile askotxok horrelaxe espero dugu, behintzat.
Iruzkinak
Lur 2009-01-09 23:43 #1
Ez da ezer berririk gertatuko.<br>Bai bat bai, ez da ezker abertzalea Eusko Jaurlaritzan egonen.<br>Bestalde PNVk boterean jarraituko du bere aliatu sateliteak ahalbideratuko dute hau.<br>
Utzi iruzkina: