EUSKARA AKASTUNA NONAHI
Bistakoa da euskararen inguruko akatsak ez direla, zoritxarrez, esparru instituzionalera soilik mugatzen. Euskara bizibide bihurtu duten erakunde asko eta asko ditugu gure inguruan eta, horregatik hain zuzen, errespetu handiagoa eta tratu hobea zor liokete erakunde horiek gure hizkuntzari.
Lehengoan, trago batzuk hartzen ibili ginen Durango aldean. Eta, bertan egonik, jakina, derrigorreko bisita izan zen herriko kafe antzokia. Plateruena du izena eta, egun, durangar nahiz inguruetako edonorentzat erreferente ukaezina da, euskararen eta euskal kulturaren arloan, behintzat.
Ate nagusira iritsi bezain pronto, ordea, sorpresa harrigarria hartu genuen ordutegia ematean orduak nola adierazi dituzten ikusita:
Ez dute, antza, Euskaltzaindiaren araurik kontuan hartu orduok ematerakoan. Puntako orduetan, minuturik gabekoetan alegia, plurala behar da ezinbestean: 12:00etatik, beraz. Minutuak dituzten orduetan, berriz, singularrean deklinatu behar minutuok: 10:30etik, hortaz.
Nik uste dut sekulako nahastea dutela askok eta askok orduak (eta datak) ematerakoan. Baina, egia esanda, hain da erraza: orduak pluralean irakurri eta minutuak singularrean (zortzietatik bederatziak eta hogeita bostera) eta kito. Edo, bestela esanda, ez da sekula idatzi behar ahozko forma informal ezagunena (EZ: 12:30etatik; BAI: 12:30etik). Beraz, Plateruena antzokian idatzi duten –tik hori gaizki egongo da, beti, ordu osoak adierazteko, bakarrik balio baitu bokalez bukatutako minutuetarako. Eta, halaber, –era formak balioko du kontsonantez amaitzen duten minutuetarako, baina ez bokalez bukatzen dutenetarako; hots, 11:25etik / 11:25era baina 11:20tik / 11:20ra. Horrelakoetan, dena den, parentesiaren formula erabiltzea da ohikoena: 11:25(e)ra edota 11:20(e)ra, eta minutuen araberako irakurketa egin behar, beti ondo egonik.
Plateruena antzokikoek denetarako balioko zien formula bilatu nahi izan dute, baina alferrik, euskara axolagabekeriaz tratatzen duen edozein tabernak bezala jokatu baitu, azken batean. Eta, zalantzarik gabe, bestelako maila eta tratua erakutsi beharko lukete, horretarakoxe ordaintzen baitugu euskararen zerga horrelako lekuetan kontsumitzen dugunok.
Bestela, euskarari edozein grafia jartzen dionik ere badaukagu:
Tira, beti geratuko zaigu txinatarrek, behintzat, okerrago egiten dutelako kontsolamendua. Baina nork esan ote die txinatarrei horrela idatzi behar dela?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: