EUSKALDUNAK, ZENBAT?
Euskal Herriko biztanleen % 25 ei da euskalduna. Edo, hobeto esanda, elebidunak gara euskal herritarron laurdenak; izan ere, euskaldunok gara elebidun bakarrak zorioneko País Vasco honetan. Euskaldun-kopuruaren gorakada azpimarratu nahi izan dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako arduradunek. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan izan baita nabarmenena igoera hori.
Baina zera ez digute esan: zein edo nor hartu duten euskalduntzat. Seguru bainago, horrelako inkestak egin eta baloratzerakoan, euskara-agiri edo tituluren bat dutenak hartu dituztela euskalduntzat, paper hutsal batek euskalduntasuna bermatuko balu bezala.
Horregatik, ez datoz bat euskararen ezagutza eta erabilera. Euskara ikasi bai baina bere sentitzen ez duten horiek guztiak ez direlako euskaldunak. Gehien jota, euskara baliatu nahi izan dute euskal administrazioan lanposturen bat edo beste lortzeko, baina argi dute (eta esan ere ozen esaten dute), titulua behin lortuta, ez dutela sekula euskara erabiliko, ez direla euskaraz mintzatuko, eta ezin ditugula horretara behartu, gainera.
Honen guztiaren errua, egia esanda, ez da eurena, sistemarena berarena baizik. Indarrean dugun politika linguistiko honek oso zirrikitu zabalak uzten dizkie euskararen etsaiei, eta beroriek, ergelak ez direnez, badakite, bai, aukera aprobetxatzen. Euskal administrazioa euskara-titulua duten langilez betetzen ari gara, baina euskaraz ez dakiten edota, jakin arren, sekula egingo ez duten langileak ditugu gehienak.
Horrela doakigu, gero, eskola publikoan, esaterako. D eredutik ateratako gaztetxoek ez omen dakite euskaraz defendatzen, baina ez dugu autokritikarik egin nahi eta begiak ireki; izan ere, sistema honek eskolak euskaraz ematen uzten die euskaraz ez dakitenei, euskarekiko atxikimendurik ez dutenei, eta, zenbaitetan, euskarari gorrotoa ere badiotenei. Nolatan irakatsiko ote diete horiek gure seme-alabei euskaraz bizitzen?
Barregarria da, oso, karrera edo ikasketa guztiak erdara hutsean eginda, gerora, administrazioak emandako euskara-agiri ziztrin bat lortzeagatik, langile hori bere lana euskaraz burutzeko gauza dela pentsatzea. Oposizioak-eta euskaraz eginarazten ez dizkiegun bitartean, milaka erdaldun ez-euskaltzale ari zaizkigu administrazioan sartzen, euskaraz (hizkuntza-eskakizuna ezarrita) jardun beharreko lanpostuak hartzen.
Hortaz, ez daitezela kexa ezagutzak "gora" egiten duen bitartean erabilerak behera egiten badu. Titulua paper bustia besterik ez da, eta euskarak nahiz Euskal Herriak euskaldunak behar dituzte, ez euskara-tituluak.
Iruzkinak
txerra 2008-06-20 12:36 #1
Egia esateko, ez dute tituluak aintzat hartzen euskaldunen kopurua zehazteko. Inkesta bat da, inkesta bat besterik ez. Beraz, jendeari galdetzen diote ea euskalduna den ala ez, eta erantzunen arabera eratzen dira kategoriak.<br>
Aitor 2008-10-24 21:21 #2
<P>Zenbat euskaldunek egiten ditugu euskaraz oposizioetako etsaminak?????</P>
Utzi iruzkina: