ERRENTERÍATIK AUTOBÍARA
Iritsi berria naiz bretoien lurraldetik. Hamar bat egun eman ditugu neskalagunak eta biok Frantziak okupatzen duen estaturik gabeko nazio horretan. Okupazio horretxek egiten gaitu konplize, hein batean behintzat, bretoiak eta euskaldunok, eta, egia esanda, horrexegatik hautatu dugu Bretainia aurtengo gure oporralditxorako.
Adurretik behera sartzean, jada Euskal Herrian sartzen ari ginela sumatu dugu. Iparraldean gelditu ez bagara ere, bide-seinaleek adierazi digute, herrien izenak euskaraz ere adierazita, Euskal Herrian sartuak ginela.
Frantziaren eta Espainiaren arteko muga inposatua zeharkatu orduko, ordea, bide-seinaleek bestalako gauzatxo bat erakutsi digute: akats ortografikoak euskaraz bakarrik egin daitezke.
Izan ere, autopistan barrena etorri garela, hiru aldiz, gutxienez, ikusi behar izan dugu honako bide-seinale hau: Errentería E. Hau da, Errenteria, baina "i" tildedunarekin. Horrek garbi frogatzen du erdararako joera; edo euskararekiko begirune falta.
Ikusi bezain pronto, gogora etorri zait, maiz, Larrabetzu inguruan, Txorierriko korridorean, ikusi behar izan dudana: Autobía. Gauza bera, beraz: autobia, baina "i" tildedunarekin ere bai.
Bide-seinale horiek, hortaz, zein hizkuntzatan daude, euskaraz ala gaztelaniaz? Zergatik pairatu behar ditugu akats ortografikoak beti euskaraz? Zergatik ez dira erratzen sekula erdaraz?
Gogaituta naukate gobernari alproja hauek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: