EGA AZTERKETA
Gaur goizean, EGA azterketa izan du iloba Xabik. Zorioneko EGA, bai, nik neuk orain hogei bat urte egin nuen azterketa bera, edo haren berdina, izenez behintzat. Euskararen Gaitasun Agiria esan nahi omen dute EGA siglek. Esan eta izan, hori jada beste kontu bat da.
Ilobak hamasei urte baino ez dituenez, eta beraren gurasoak gaur lanean direnez, neuk hartu dut azterketara eraman eta etxera bueltan ekartzeko ardura. Eta halaxe egin dut. Zorionekoa neu, ia asteburu guztiak libre izaten ditudan hau.
Joaneko bidaian ez dugu azterketaz hitz egin. Urduri ote zegoen galdetu diot eta berak ezetz, ez duela azterketa horrek bereziki kezkatzen. Izan ere, hamasei urterekin, bestelako kezkak izaten dira buruan, gaztetxoei gehiago sufriarazten dieten horietakoak. Euskaraz egin dugu autoan Leioarainoko bidean; ohi bezala, behar bezala.
Azterketa egite horrek bi ordu inguruko kontua jango zidala jakin dudanez, Berria eraman dut, badaezpada, zain egon bitartean, zertxobait irakurtzeko asmoz. Baina, azkenean, egunkaria irakurri beharrean, Leioako campusean egon den giroa behatzeari ekin diot.
Xabik bigarren txandan izan du azterketa, atariko proba izan dena, eta, barrurantz joan delarik, ehunka azterketari atera dira egin berritan. Nire ingurutik igaro diren gehienek gaztelania zerabilten ahoan, euren artean, EGA azterketatik atera bezain pronto. Gero, tropela joan eta dena lasaixeago geratu da. Ibilalditxo bat egin dut berriztatzen ari diren campusean barna, egunkariko titularrei begiratu bat eman eta, ordubete luze joan dela ia konturatu gabe, bigarren txandakoak ere hasi dira kaleratzen. Haien artean etorriko zen iloba ere, baina, Xabi ikusi aurretik, beste ehunka gazte pasatu dira nire begien aurretik, azterketaren gaineko komentarioak egiten. “Qué rollo tío, yo no sabía si era maiatzak 4, maiatzaren 4ean o que ostias” “La de bat-batean me la sabía, que no se puede escribir bapatean como se dice”… eta horrelakoak ziren komentario gehienak. Denek erdara gorrian; denek gaztelaniaz.
Handik minutu gutxitara iloba azaldu da, eta, nire parera hurreratuta, bere asaldura erakutsi dit: “Sinestezina, osaba, denak izan dira erdaldunak”. Nik baietz esan diot, ohartua nintzela, nik ere entzun dudala erdara nagusi. Azterketaz galdetuta, “tira” esan du, “egin egin dut, eta kito”, ez duela azterketa horrek gehiegi kezkatzen.
Autoan sartu eta segituan ahantzi ditugu Leioan bizi-ikusitakoak. Elkarri luzatu diogun begirada konplize batek, dena den, argi utzi digu zer pentsatu dugun biok, eta etxerantz abiatu gara, autoan, erdi isilik eta pentsakor. Izan ere, zer pentsatua eman digu, bai, gaurko esperientzia txiki honek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: