DEMOKRAZIAZ
Hitz polita da demokrazia, grekotik datorrena, antza. Etimologian adituek diotenez, “demos” eta “kratos” hitzetatik eratorria da, eta “boterea herriarentzat” edo “boterea herriaren esku” esan nahi omen du.
Esanahia hori baldin bada, garbi asko dago demokrazia gutxi dagoela munduan, baita gure “lehenengo” mundu honetan ere. Izan ere, nire ikuspegi txit apaletik, ezin da demokraziarik egon herriarekin ezertarako ere kontatu gabe. Hau da, “dena herriarentzat, baina herria gabe” leloa ez da batere demokratikoa, oso despota baizik. Eta, onartu edo ez, horixe gertatzen zaigu hemen, Euskal Herrian; eta demokraziaren izenean gobernatzen den herrialde gehienetan ere bai, guztietan ez esatearren.
Arazoa demokraziaren abizenean datza, ez izenean. Demokrazia parlamentarioak horixe baitu kalte: parlamentarismoa. Parlamentariek promes asko egiten digute eta, gero, behin bozka eta boterea emanda, ez dute bat ere betetzen. Herria aitzakia moduan erabiltzen dute nahi dutena egiteko, demokraziaren izenean aberasteko. Guk badakigu baina, lau urterik behin botoa ematea ez dela politikan esku-hartzea.
Benetako demokraziak, abizenduna izango bada, demokrazia parte-hartzailea beharko luke izan, ez bestelakoa. Eta parte- edo esku-hartzaile izate horrek, besterik gabe, zera esan nahi du, gatazka edo kezka handia sortzen duten gaietan, herritarrei galdekatu behar zaiela, ezinbestean, ekintza politiko horren zuzeneko ondorioak herriak berak pairatu beharko baititu.
Hemen, ordea, “kontsulta” edo “galdeketa” hitzak entzun orduko, urduritu egiten da “gure” klase politikoa, jakin baitakite herritarrok bizkarra eman ahal diegula hainbat kontutan. Izan ere, hemen, herritarrok ez gara ezjakin hutsak, badakigu irakurtzen eta idazten, baita hausnartzen ere, eta iritzi propioa izan dezakegu edozeren gainean. Bestela, kontsulta diezagutela, esaterako, Abiadura Handiko Trenaren gainean, ea zer erantzuten diegun.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: