BAT SPANISH TEAM
A zer-nolako abuztua pairatu behar izan dugun zorioneko Olinpiar Jokoekin. Ez naiz, hain zuzen, kirolzale amorratua, baina, tira, kirolaren bonbardaketa urte osoko kontua da eta, azken batean, kirolzale izan edo ez, ohituta gaude betiko matraka jasaten. Ez, ez naiz horretaz ari, Eusko Jaurlaritzaren faltsukeriaz baizik.
Izan ere, Miren Azkarate eta enparauak uneoro aritu zaizkigu “gure” kirolariek Beijingo Jokoetan egin duten paper ona laudatzen. Hiru hitzeko eslogan faltsua asmatu eta erabili dute horretarako, hitz bakarra euskaraz eta beste biak ingelesez dituena: BAT BASQUE TEAM. Baina esan nahi izan ez digutena zera izan da: kirolari horiek espainiarrak dira, Espainiaren elastikopean jokatu baitute, noski.
Kirolari beraren adierazpenak Euskal Telebistan eta gainerako edozeinetan entzunda, zelako aldea! Eta diot nik, nolatan izan daitezke hain hipokritak bi nazioren izenean adierazpenak egiteko? Ala esan nahi ote digute euskal nazioa Espainia supernazioaren zati dela eta horregatik bion ordezkari direla? Mesedez, ez adarrik jo!
Argi gera bedi, beraz, hiru hizkiko lelo horretan, hizkietako bat, gutxienez, txarto egon dela azalduta, BASQUE eta SPANISH ez baita gauza bera. Gure selekzioek Olinpiar Jokoetan jokatuko dutenean, orduan bai, zilegi iritziko diot horrelako propaganda muntatzeari, eta, beharbada, gehiago kirolzaletuko naiz ni neu ere. Bien bitartean, ordea, argi eta garbi izan dezatela euskal jokalari horiek, euskaldunak izan edo ez, Espainiaren izenean aritu direla.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: