ATHLETICEN DIRUTZA

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-11-02 19:08

Atzo bat eta lau galdu zuen Athleticek Vila-Realen aurka. Nik lehenengo zatia baino ez nuen ikusi, eta, futbolaz ezer askorik ez dakidan arren, esan behar dut ez zutela, nire iritziz behintzat, txarto jokatu. Bigarren zatiaz, ordea, ez omen dago gauza bera esaterik.

 

Athletic_c_de_bilbao por ti.

Merezita edo ez, kontua da oraingo ligan ezin okerrago ari dela eta, gauzak erabat aldatu ezean, segur aski, maiatza aldera bigarren mailako ekipoa izango da Athletic. Lehenengo aldiz gerta liteke hori, duen ehun urtetik gorako historia distiratsuan. Ez diot nik jaisterik merezi duenik, ez, oraindik ere ikusteke baitago, baina badirudi, urterik urte, jaisteko gero eta meritu gehiago ari dela egiten, eta, agian, aurten lortuko dute.

 

Izan ere, Athletic jada ez da lehengo hura. Lehoitik ezer gutxi dute oraingo jokalariek, eta, koloreak sentitu barik, dirua eta bizimodu erraza baino ez dute desiratzen Yestek eta enparauek. Gainera, txarto jokatuta ere, euren soldatak gora eta gora doaz urterik urte, eta bazkide inozoak gero eta gehiago ordaintzeko prest ei daude beren bazkidetza-txartelaren truke. Tira, merezita izango dute bazkideek ere, akaso.

 

Bada, gauzak horrela, poztekoa izango da Athletic bigarren mailara jaistearena. Nolabait, dagokion mailan eta bere mailakoekin (Realarekin, adibidez) jokatu beharko du ostera ere, eta, bide batez, Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak oparitzen dioten dirutza, herritarron zergetatik ateratzen den dirutza, hain zuzen, era juxtuagoan banatuko da bigarrenean egonik.

 

Denon diruak kudeaketa ona behar du, batez ere orain, krisi garaian. San Mames Barria eraiki nahi badute, edo milioitako soldatak ordaindu nahi badizkiete Euskal Herria zer den ere ez dakiten aberaskume horiei, bada, ordain dezatela euren poltsikoetatik. Athletic enpresa pribatua da, eta iraingarria da diru publikoz salbatu nahi izatea kudeaketa pribatu eta kaskar baten ondorioz bilatutako zulotik.


Utzi iruzkina: