AMETS EGITEA LIBRE
Martxoaren 1eko hauteskundeak direla-eta, Antonio Basagoiti euskal popularren buruak esan berri du Euskal Autonomia Erkidegoan aldaketa ziurtatzeko prest dagoela, eta laguntza eskaini dio Francisco Lópezi; nolabait pentsatuko du Lópezek aukeraren bat duela lehendakari izateko. Baina, horretarako, bere baldintzak ere argi eta garbi jarri dizkie sozialistei: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Kultura eta Barne Saila kudeatu nahi ditu Basagoitik.
Egunkarian irakurri bezain pronto, txistea izan dela pentsatu dut, eta halako irriñoa ere sumatu dut neure aurpegian. Ez zait eskatzea bera txistea iruditu, ez, hori inozokeria hutsa baita; irria Basagoiti eta enparauak hiru sail horiek kudeatzen imajinatzeak eragin dit. Bereziki sail horietatik bi, Hezkuntza eta Kultura, zeren Barne Saila oso egokia izan baitaiteke Euskal Herria gorroto dutenek kudea dezaten (orain arte ere ertzainek ez dute-eta ezer askorik egin Euskal Herriaren alde).
Imajina dezagun Hezkuntza Saila popularrek beren esku hartuko balute zer egin lezaketen. Hasteko, gure herriaren elebitasuna bermatzen ez duen eredukako irakas-sistema bera (A, B eta D) ezabatu egingo lukete; hau da, euskaraz ikasteko aukera eta eskubidea desagerraraziko lukete, ez baita halakorik beharrezkoa gaztelania jakitea derrigorrezkoa den espainiar autonomia batean. Hortaz, irakasleek ez lukete zorioneko profila eskuratu behar, eta libreki irakats lezakete gaztelaniaz, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa ezertarako ere kontuan hartu gabe. Orain arte ere, ez pentsa profil horiek irakasle euskaldunik ziurtatu dutenik, baina, sikiera, derrigortuta egon dira euskaldunok ere bagarela onartzera, eta ez da gutxi. Beraz, zorioneko leudeke euskara inposizio hutsa dela pentsatzen duten horiek guztiak (eta ez dira gutxi), esaterako, Bertandonako ikastetxean itxialdia egin zuten haiek eta antzekoak.
Kulturan ere izugarriak egin litzakete popularrek. Hasteko, euskararen inguruan ari diren gizarte-mugimendu, kultur talde eta horrelako guztiei dirulaguntzak kendu eta, noski, Espainiaren irudia indartzen dutenei emango lizkiekete; Centro Andalúz, Centro Extremeño eta horrelakoei, hain zuzen. Euskal Telebista ere ez litzateke popularren atzaparretatik libratuko, noski, eta “euskal”etik duen apurra ezabatu egingo lukete, Televisión Regional Vasca bihurtuz.
Barne Sailean, berriz, ez lukete gauza handirik aldatu behar espainolismoa bertan sustraitzeko. Bere garaian jada PSEk bere boto-emaileetako asko sartu zituen (hainbatentzat “zipaioak” direnak) eta, akaso, berorien espainolismoa muturrera eramateko ahaleginak egingo lituzkete, baina, berez, ez lukete lan handirik, ez bada “ertzain” hitza bera ere ezabatu eta “policía” hutsean utzi; izan ere, euskaraz dagoen guztiak separatismo kutsu ei du popularrentzat.
Basagoiti gizajoa ez da ohartu, segur aski, horrelakoak esanda, gehiago hurbiltzen dituela elkarrengana PSE eta EAJ eta, gainera, naziozale autonomista posibilisten mesederako, kanpainaren erdia egiten dietela jeltzaleei. Euren burua naziozaletzat duten asko eta asko erraz beldurtzen dira horrelakoak entzunda, eta, badaezpada ere, prest azaltzen dira “voto útil” delako bat emateko.
Ez dakit, ba. Arin batean goiko horiek izan dira bururatu zaizkidan iruzkinak popularren balizko agintaldi batean. Zuoi ere, irakurle maiteoi, besterik otuz gero, lasai asko idatzi post honen jarraian, eta diberti gaitezen denok elkarrekin kabalak eginez.
Tira, txistea, gorago esan dudan bezala, jakin baitakigu ez dela gertatuko; PSEk EAJ nahiago baitu gobernu-kide gisa. Dena den, amets egitea librea da, batez ere Basagoiti bezalako inozoentzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: