ALDAKETA?
Bilboko Aste Nagusia amaitu berritan, Eusko Jaurlaritzaren eta bere ertzainen zirko mediatikoa ere bukatutzat eman daitekeela dirudi. Izan ere, hiriburuetako jaiak izaten dira mediatikoenak, telebista, irrati eta abarrez uneoro etxeratzen dizkigutenak, alegia; badira, halere, herrietako jai batzuk afera honetan oraindik ere zeresana emango dutenak, segur asko; Lekeitioko sanantolinak, kasu.
Francisco López lehendakaria, “denon lehendakaria” izan nahi duen hori berori, behin eta berriro aritu da zabaltzen “tortillari buelta eman diotela” eta ETAren apologiarik ez dutela inola ere onartzen. Hori dela eta, Euskal Herriko jai asko, bereziki Donostia eta Bilbokoak, leherrarazi egin dituzte, euren ustez, edo eurek legeaz egiten duten irakurketaren arabera, euskal preso politikoen argazkiek mindu egiten dutelako beren biktimen memoria. Jakina, eurenak baino ez baitira biktimak, antza, eta ez dute konturatu nahi zenbat min zabaltzen duten, esaterako, Euskal Herrian barna barreiatuta dabiltzan (des)ordenaren indarrek; gutako askorentzat, indar okupatzaileek, alegia.
Argazkiok baina, ez dute inor samintzen. Hori lerdorik lerdoenak ere badaki, noski. Baina López jaunak, hainbesteko indarra jarri du egingo zuen aldaketan, ezen ez baitu jakin aldaketa hori nola gauzatu, eta, ekonomian Ibarretxe jaunak utzitako egoera on samarra denez, bada, egoera politikoa “normaltzeari” ekin diote, eta, ezker abertzaleko “erradikalek” jairik zapuzten ez zutenez, ertzainak bidali dituzte jaiok leherraraztera.
Urteak eman dituzte Ibarretxe kritikatzen, herritarroi interesatzen ez zitzaizkigun gauzez arduratzen zelako, naziotasun kontuak ez omen zirelako inportanteak, eta gure benetako kezkei eusten ez zielako. Eta beraiek, aukerarik txikiena izan dutenean bestela jokatzeko, ETArekiko inpunitateaz eta deslegitimazioaz baino ez dute jardun. Gizarte-mailarik umilenak krisi erraldoi batek astintzen dituen honetan, antza denez, ETAren kontrako irmotasuna da herritarron kezka nagusi eta bakarra.
Laster, ordea, udako jaiak amaituko eta argudiorik gabe geratuko dira. Edo, beharbada, legearen irakurketa partikular hori areago zabaldu eta gure etxeetako argazki-albumak ere arakatuko dituzte euskal presoren baten irudien bila, batek daki.
Kontua da agintaldia luzatu beharra dutela, nola edo hala. Izan ere, botereari eutsi zioten moduan, denok jakin dugu jaurlaritza irreal, ezegonkor eta epe motzerakoa izango zela, baina, denborari esker, aurreko guztia estali nahi dutela dirudi; aurreko jaurlaritza guztiek lortu duten ongizate-maila ona nahiz Ezker Abertzalearen indarra eta herritarron kemena. Errealitatea ezkutatuz, ordea, ez da ezer aldatzen, bereziki memoria historikoa duen Euskal Herria bezalakoa herri batean. Berrogei urteko diktadura lazgarri batek ezabatzerik lortu ez duena ez du lortuko oraingo espainolismoren estrategiarik sibilinoenak ere.
Beraz, Francisco jauna, Patxi, ezer aldatzekotan, aldatu estrategia, eta egizu politika apur bat. Ez gaitzazu udazken osoan zehar zorabiatu A gripea gora eta A gripea behera, euskal herritarrok kezkatzen gaituen beste konturik badago eta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: