50 URTE BADIRA URTEAK

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-08-02 11:34

Berrogeita hamar urte betetzen omen dira egunotan ETAren sorreratik. Urte askotxo dira hainbatek terrorista soiltzat hartzen duten talde armatu batentzat eta, horregatik baino bada ere, badute zer hausnartua espainiar demokraziaren defendatzaile sutsu horiek. Izan ere, ez dirudi hainbeste urtean zortziehundik gora hildako eragin dituztenak hiltzeko zaletasun hutsagatik ari direnik horretan. Dena den, jakina, erailtzea beti da mespretxagarri, baina ahaztu barik hil eta erailtzeko bestelako modu asko ere badaudela, mass-mediek terroristatzat behin eta berriro jotzen dituztenez gain.

           50 urte por ti.

Nik erakunde horrek baino urte gutxixeago ditut, baina ez naiz atzo goizekoa eta, horri esker, ETAren etapa ezberdinak bizi izan ditut. Hau da, badut nolabaiteko oroimen historiko txiki bat, beste askok ez dutena edo, ukan arren, ezabatu nahiago izan dutena. Urte kopuru horretaz hitz egitea, azken batean, bizitza oso batez aritzea da; lehen mundu honetako gizakion batez besteko biziraupena kontuan hartuta, behintzat.

 

Horrela, nik hiru etapa nagusi bereiziko nituzke ETAren bizitzan (eufemismoa iruditu arren):

1)      1959. urtean sortu eta, frankismoan zehar, diktaduraren kontrako borroka-garaia; hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadek osatua, beraz.

2)      Balizko demokrazia espainiarrean sartuta, borroka armatuarekin jarraitzea erabaki zeneko trantsizio-garaia; laurogeiko hamarkada, nagusiki.

3)      Helburu militarrez haratago, zibil eta politikarien kontrako ekintzak burutzen hasi zirenetik eta gaur arteko garaia; laurogeita hamarreko hamarralditik honakoa, alegia.

 

Hiru aro nagusi horietan zehar, ETAren beraren bilakaera ikus liteke, eta, gutako bakoitza horietako zeinetan sortua den, ikuspegi eta iritzi ezberdina izango dugu, segur aski, ETAren existentziaz.

 

Lehenengo etapa hartaz zeresan handirik ez dago, batez ere artean umegorriak ginenontzat. Baina umezaroan ere gauza batzuk garbi genituen: frankismoa zen borrokatu beharreko fenomenoa eta, haren kontra, dena zen baliagarri, noski. Hortaz, ETAren agerrera txaloka eta adoreka hartu zen gure gurasoen aldetik. Azken batean, gure nortasuna defendatzera azaldu baitziren etakideak, eta, inguru politiko abertzaleetan bizi ginenontzat, erreferente bilakatu ziren armak eskuetan dena, baita euren bizia ere, Euskal Herriaren alde emateko prest zeuden gazte haiek.

 

Ni neu, berriz, bigarren etapak markatu ninduen bereziki. Laurogeiko hamarkada hura nire gaztaroaren ardatza izan zen, ezbairik gabe. Gazte ginen gazte, eta ez ginen konforme, ez horixe. Orduko garaietan, “demokrazia” hitza paper bustia besterik ez zen, eta Espainiako felipismoa (gaurko zapaterismoaren aurrekaria) trantsizio faltsu baten kudeatzaile bihurtu zen. Lortutako askatasunaren izenean, euskal nortasuna, Euskal Herria bera, ukatu egiten zen behin eta berriro, eta, sozialismoaren mozorroaren azpian, langileria zigortu eta lagun kapitalistei botere handiagoa ematen zitzaien. Urte nahasiak izan ziren haiek. Bilbon, esaterako, unibertsitarioak ginenok Euskalduna ontzioletako langileekin elkartzen ginen manifestazioetan, denon aldeko leloei indar handiagoa eman nahian. Poliziak jipoitzen gintuen arren, bat eginik egiten genuen bidea geure eskubide eta aldarrikapenen alde. Hala, manifestazio soziopolitiko haietan, erraza zen ETAren aldeko oihu zaratatsu bezain gorgarriak entzutea, eta inork ere ez zuen kolokan jartzen borroka armatua; gehienez ere, baten baten isiltasuna zen susmagarri, baina ez zen kontrako jarrera garbirik agertzen.

 

Gero, hirugarren etapa horretara ailegaturik, ETAk jauzi kualitatibo ikaragarria eman zuen: militarrez gain, hau da, guardia zibilez, poliziez eta militarrez eurez gain, kargu politikoak ere hiltzen hasi zen. Herritarren botoei esker kargu politikoa hartutakoak, Donostiako Gregorio Ordoñez hura kasu, helburu bilakatu ziren ETArentzat. Sufrimendua sozializatzea omen zen xedea, KAS alternatibaren postulatuen harira, bederen. Baina, poliki-poliki eta atzerabiderik gabe, kontra bueltatu zitzaien estrategia hura, espainolistek ere atarramentu politikoa ateratzen jakin baitzuten egoera hartatik (gogoratu, bestela, Miguel Angel Blancoren ingurukoak).

 

Hala, bide luze eta mingarri bat egin da gaurdaino, gizartearen ongizateak eta konfortak gehienen desideologizazioa eta pasotismo politikoa ekarri dutelarik. Den-denek, ordea, ez dute paso egiten, eta mutur batekoek zein bestekoek esku hartzen dute barrikadako euren taldeen alde; ETAn, esaterako, “demokrazian” sortutako gazteak ari dira militatzen, nolabaiteko belaunaldi-jauzia lortuz; espainolisten alderdian, berriz, ezarri diguten hau “benetako demokrazia” dela sinesten duten gizatalde berriak ari dira botere politikora ailegatzen, itsu-itsuan sinesten dutenak, gainera, etakideak terrorista hutsak direla. Bitartean, beste batzuk adinez zahartu gara eta, hogei urterekin genuen militantismoa eta odol beroa, kontserbadurismo eta bizimodu erosoa bihurtu zaizkigu berrogei betetakoan. Oro har, gainera, halako neke politikoa sumatzen dugu inguruan, zorgin-zulo honetan parte hartzera batere motibatzen ez gaituena.

 

                Zurekin por ti.

Testuinguru horretan betetzen da, nik uste, ETAren berrogeita hamargarren urteurrena. Eta, hainbeste urteren bueltan, lehengo lepotik burua, nor bere sinesmenean temati. Espainiar estatuak euskal errealitatea ukatzen segitzen du, eta txapitxeo “legalak” ere asmatzeko prest azaldu dira bertoko botere-esparruak kontrolatzekotan, euskal abertzale edo naziozaleok existituko ez bagina bezala. Bitartean, ETAk ez du amore ematen bere estrategia militarrean; badirudi, gainera, egunotan lehengo parametro haietara itzultzen saiatzen ari dela eta helburu militarretan zentratu nahi dituela, berriro ere, bere ekintza militarrak, nolabait euren aldeko sinpatia eta militantismoa berpiztu ahal balute bezala.

 

Ez bata ez bestea, ordea. Tarteko zertxobait beharko dugu luze jotzen duen auzi hau konponduko bada. Gizartea oro har, eta naziozaleok bereziki, ez gaude prest beste berrogeita hamar urte dinamika honetan emateko; neuk, behintzat, bestelako jokamolde politikoak behar ditut, bestelako politika, gogaimen hau gainetik astindu eta ilusiorako ateak zabalduko dizkidana. Eta zenbat ote, nire moduan, zain?


Utzi iruzkina: