Atzo jakin genuen

aitaere 1456130574598 Haurdun gaude | 2007-09-28 13:26
3

Haurdun gaude. Ez nuen inolako asmorik horri buruz idazten hasteko, baina Google-en ‘haurdunaldia’ idatzi, bilaketari ekin, eta amagaiaren blogarekin egin dut topo: Predictor Positive. Lehen sarrera irakurri, eta atzo etxean E-k eta biok bizi izan genuen oso antzeko egoera aurkitzean, ideia polita iruditu zait haurdunaldi osoari buruzkoak blog batean biltzea. E ez da idazteko ohitura duen horietakoa, baina atzo esan nion ideia polita iruditzen zitzaidala koaderno bat zabaldu, eta atzo bertan hasita, haurdunaldi osoan zehar sentituko dituenak eta bizi izango dituenak idaztea. Gustatu zitzaion, eta lerro labur batzuk idatzi zituen. Pozik gaudela, ederra bezain berezia dela egoera, eta antzekoak. Inbidia sanoa sentitu nuen. Eta horretaz idaztea otu zait. Haurdun dagoen emakumearen ondoan, aita zein inutila sentitzen den. Zenbait lagunek komentatu izan didate, eta lehen pertsonan kontatu nahi dut aurrerantzean. Ama da protagonista. Ama da bizitzaren miraria bederatzi hilabetez sabelean puzten sentituko duena. Mimoak eta nahi duen guztia eskaini ahal diot nik, baina ez diot utziko bigarren mailan egoteari. Hirugarren mailan egoteari, hobe esanda. Kontatuko dizuet nola sentitzen naizen. Alde batera utziko ditudan egoerak egonkortu ondoren [etxebizitza, leku aldaketa eta antzekoak] abuztuan hasi ginen haurraren bila. Azkarra izan da, beraz. Iristekotan, astelehenean iritsi behar zitzaion hilekoa E-ri. Ziklo erregularrekoa izaten da, gainera, eta egun batzuk lehenagotik ari zen gorputza ezberdin sentitzen zuela esanez. Ez zituela hilekoa baino lehenagoko sintomak sentitzen. Ez zitzaiola jaitsiko. Astelehenean ez zitzaion hilekorik iritsi, eta asteartean dagoeneko ari zen prediktorra erosi behar zuela esanez. Lasaitzeko esaten nion. Itxoiteko egun batzuk. Hiruzpalau. Goiz zela oraindik. Baina asteazkenean laneko bilera bat zela-eta beste herri batera joan behar nuenez, farmazia arrotz batera sartu eta prediktorra erostea nahi zuen. Bermeoko botika batean erosi nuen. 13,25 euro. Seria iruditu zitzaidan botikaria, eta ordaindu nionean irribarrez agurtu nuen, gustura nengoela erakutsi nahian bezala. Ez zela ezusteko bat. Emaitza positiboa izatea nahi nuela… Atzo goizean egin zuen proba E-k, informazio paperaren arabera, haurdunaldia antzematen duen ez dakit zein hormona errazago antzematen omen delako goizeko lehen gernuarekin. Bi marra. Paraleloak. Arrosak. Ez zegoen zalantzarik. Sentimendu leherketa eta nahasketa. Gustura, pozik, berezi. Oraindik inori ezer ez esatea erabaki genuen. Gurasoek ez dezatela behintzat oraindik ezer jakin, bestela egun santu guztian gainean izango ditugu-eta. Koadrilako lagunek ere itxoin dezakete. Esatekotan, esango dugu hauetakoren batean, emaginari lehen bisita egin, dena ondo doala berretsi eta egunen batzuk igarotzean. Bitartean, isiltasun konplize eta eutsiezina. Inork ez daki ezer. Gaur, lanean, haurdunaldiari buruzkoak bilatzen hasi, eta esan dizuet: amagaia. Irribarrea eta idazteko gogoa ekarri didan bloga aurkitu dut, eta bi aldiz pentsatu gabe ekin diot antzeko lanari. ‘Aita ere’ jarriko diot izena. Blogari, noski. Haurrarena ez dugu pentsatu oraindik. Aita ere. Amaren ondoan, aita ere hor dagoelako. Begiratzeaz eta ahal duenean laguntzeaz gain, ezin du ekarpen handirik egin. Hazia, maitasuna, babesa. Hori eman dezakegu, behar adina. Baina bizitzaren miraririk ederrenean, ezin gehiago murgildu. Nahi eta ezin. Aita ezin. Aita ere hor egon arren, amarena da haurra, erabat. Eta gu ikusle hutsak izango gara, inutil totalak…

amagaia

amagaia 2007-09-28 18:29 #1

<p>Zorionak! </p>

<p>Uste duzuna baino gehiago egin dezakezu, seguru. Haurdunaldian zehar denetarik izaten da eta zuek gure ondoan izatea ez da gutxi; askotan pentsatu (eta idatzi) dut nik hori, "aitatxorengatik ez balitz...". </p>

<p>Gustura irakurriko dut "beste partea" nola sentitzen den. Animo!</p>

amagaia

amagaia 2007-09-28 18:31 #2

Aurrekoan URL-arekin nahastu naiz...

Luistxo

Luistxo 2007-10-01 08:55 #3

Seguro kontatzeko modukoak izango dituzula... baina jarri puntuaparteren bat noizbehinka, mesedez<br />


Utzi iruzkina: