Informazio Gutuna / Idekidura zerrenda Baigorriren garapenarendako

aintzinabaigorri 1456130567407 Aintzina Baigorri | 2008-02-14 19:42

I. Gure kandidaturaren zentzua Badu orai zonbait hilabete biltzen girela aste guziz edo astean bietan. Baigorriko herriaz mintzo gira, azken urteetan ezagutu duen bilakaeraz, arazoetaz eta herriaren geroaz. Denek ohar bera egiten dugu : gure herriak dinamismoa falta du, gatazka eta etsaigo zaharrek herria zatikatzen dute eta trabatzen, aitzina joaiteko. Hortarik abiatuz, erabaki dugu zerrenda baten muntatzea, 2008ko martxoaren 9ko herriko bozer buruz. Dugun motibazio bakarra da Baigorriko herriaren dinamizatzea, Baigorriko garapenaren akulatzea eta Baigorriar guzien alde lan egitea. Ondorioz, osatzen ari giren zerrenda, idekidura zerrenda bat da. Nola izan ditake beste gisan ? Bildu nahi ditugu ideia on guziak, lan egiteko gogoa duten jende guziak. Hala nola, adin, ideia desberdinen gainetik guretako konda dena da herriaren alde lan egitea. Denbora berean, nahi dugu Baigorriarrak zerrenda hortan ordezkatuak izan diten, zerrenda horrek bilduko ditu Baigorriko auzo eta belaunaldi desberdinetako jendeak, ofizio desberdinak (ofiziale, enpresa buru, saltzaile, funtzionario, laborari, osagarri eta hezuntza mailan ari diren jendeak) eta ideia desberdinetako jendeak. Azkenik, lista huntan, nahi ditugu nahasi Baigorrirat berriki arribatuak, betiko Baigorriarrekin (jende berri anitz baita Baigorrin bizi dena). Zendako hori ? Pentsatzen dugu Baigorriko herria ttipia dela eta nehork ez duela baztertua izan behar. Ezinezkoa da alde batetik Baigorriar guziekin lanean artzeko nahia ukaitea, eta bestetik alderdi bat baizik ez ordezkatzea. Ideia guziak ongi etorriak dira, motibatua den jendea hurbil dadila. Orduan, gaur aurkezten dauzuegun zerrenda idekia da, dinamikoa, motibatua. II. Ekartzen dugun proiektua Elgarri juntatuz, proiektu bat sortu dugu Baigorrirendako. Proiektu hori konkretua da, xede anitzekin baina arras egingarria. Zazpi pundutan laburbiltzen ahal da : 1. Lurraren eta etxebizitzaren inguruko politika koherentea eta gogoetatua : PLU landu, lur eremuen osatzea aztertu, baita ere karrikaren geroa, etxe anitz hutsak baitira. 2. Politika ekonomiko azkar bat : enpresak lagundu hemen planta diten, proiektuak ekartzen dituzten jendeak sustengatu, eta enpresak herrirat jinarazi haien gana joanez. 3. Herriko interesak defendiatu : Baigorri kantonamenduko eta Garazi-Baigorri elkargoko herri jendeztatuena da. Alta Donibane Garaziko herriak du leku nagusia. Gure xedea da oreka berriz atxemana izan dadin, Baigorriren boza entzunaraziz kantonamenduan eta borrokatuz herrian zerbitzu publikoak atxikiak izan diten. 4. Laborarier sustengua ekarri egun guzietako bizian, baita ere baleako sindikatan. Engaiatzen gira, laborari eta mendia baliatzen dutenekin Natura 2000 europar proiektuaren gogoetatzera, erabakiak ez ditzagun inposatuak ukan. 5. Elkarlan bat herriko eragileekin : elkarteek dute Baigorriren indarra egiten. Nahi dugu zinezko partaidetza bat sortu, elkarteak dinamika proiektuan sartzen baitira. Elkarte guziak inportanteak dira, eta beharrezkoa da denek laguntza bera eskura dezaten. Animazio taldea gure tresna izanen da elkateekilako lotura horren egiteko, eta animazioen proposatzeko urte osoan. 6. Herriak duen aberastasun kulturala : Baigorri euskalduna da parte haundi batean. Euskararen erabilpena sustengatzen dugu, hizkuntzaren normalizazio bati buruz joaiteko egun guzietako bizian eta bizi publikoko harat-hunatetan. 7. Gogoeta orokor bat jende xaharren laguntzari buruz : Larrazkena etxearen ahalak emendatu, Eskuz-esku bezalako elkarteekin lan egin, Luro klinikarekin, adinetako jendeen etxean atxikitzea lagundu, etab… Ez da deus harrigarririk hortan, bakarrik Baigorriren alde borrokatzeko nahikeria, herriaren interesak defendiatu, belaunaldi guziak untsa sendi diten, beren lekua atxeman dezaten. Azkenik, jakin dezazue gure bortak zabalik direla eta gure desmartxak intersatzen bazaituzte, oraino ere jiten ahal zirezte bilkuretarat ! Aitzina Baigorrirendako,


Utzi iruzkina: