Eztabada kontseiluan !
(Traduction ci-dessous) Ortziralea, maiatzaren 30a. Kontseiluko bilkurak, 4 pundu aztertu behar ditu : aintzin butxetako aldaketa batetaz, bideko belar moxteetaz eta bideko lanetaz arduratzen diren enpresen hautaketaz, tresna baten erosteaz uraren kudeaketaz arduratzen den erakundearentzat eta gogeta bat ereman behar du Ama ikastolarentzat emaiten ahal daitekeen laguntzaz. Bilkura ezin hobeki hasten da Lambert jaunarendako eta pentsa daiteke oren batez afera trenkatua izanen dela... minuta bat erabakitzeko butxetaren aldaketa, hori nehor ulertzen ahal ez duen hizkuntza xifratu-kodatu batean, 5 minuta “bi enpresa merkeeri” eskaintzeko bide bazterretako lanak. Ondotik, Lambert jaunak aipatzen du tresna baten erosteko beharra uraren erakundearentzat... gauzak adostuak izaiteko punduan ziren, kontseilari batek hitza hartzen duelarik. Hau gauza bitxia ! Aintzina Baigorri zerrendako hautetsi bat da eta kontseiluari galde egiten dio denbora hartzea afera horren aztertzeko, denek, mahainaren inguruan, errezebitu baitute gutun bat zointan Lambert jaunaren jarrera bitxia esplikatua den, ur brantxamendueri buruz : herriko enpresa bati hitz emana zakon gauza bat ez du errespetatu, ez du enpresa hunen gutuneri erantzun eta erabili du enpresa hunen tresna (lau urtez !) ez erosi gabe ez eta ere enpresaren erosteko galderari arraposturik eman gabe… Lambert jauna okaztatzen hasia da eta ez du onartzen publikoan den enpresa huntako kideak hitza har dezan, kontseilari batek galde eginik ere. Bainan eztabada hasia da, kontseilari zonbaitzuek hitza hartzen dute auzapezaren defendiatzeko, Aintzina Baigorriko bi hautetsiek afera huntako bitxikeriak zerrendatzen dituztelarik banazka… ezin da eztabada gelditu… Bertze kontseilari batzuek galde egiten dute orduan enpresako kidea mintza dadin... tentsioa ozka batez igaiten da eta Lambert enseatzen da eztabadaren desbideratzea, diru historio batetarat eremanez afera, eta bere hitzaldia finitzen du « on connaît ton cinéma ! » oihukatuz enpresako kideari. Azkenian, tresna horren erosteko erabakia hartua da eta kontseiluak galdegiten dako enpresako kideari eia ados denez bere tresnaren saltzeko herriari... Uf ! Bazen aspaldi ez zela holako zalapartarik izan kontseilu munizipaleko bilkura batean. Bazterrak inarrosi eta, pentsa daiteke kalmea berriz etorriko dela herriko etxean... Ondikotz ! Heldu da Baigorriko Ama Ikastolari buruzko diru laguntzaz izan behar zen solasa. Lambert jaunak gaia aurkezten du, hastapenetik azpimarratuz diru laguntza baten kontra dela, ama ikastola baita Ortzaizeko ikastolaren adar bat eta haur horiek ez direla herriko eskola publikoan ez pribatu katolikoan sartzen, hori kaltegarria izanez herriarentzat. Aintzinako hautetsiek hitza hartzen dute berriz ere, azpimarratuz konbentzio proposamen bat badela herria eta Baigorriko Ama ikastolaren artean eta Auzapezak ez duela hori oraino aipatu. Gure jauna kexatzen da berriz ere, eta gainerat, aldi huntan, bere zerrendako kontseilari batek hitza hartzen du erranez haur horiek herrikoak direla eta pixka bat zuzengabea dela heien ez laguntzea. Bertze bi kontseilariek beren gain hartzen dituzte hitz horiek, azpimarratuz hala ere beren kezka herriko eskoletako geroari buruz. Bainan Ama ikastolako haurrak behar dira lagundu bertzeak bezain bat. Bi kontseilari iratzartzen dira, ez dira diru laguntza baten alde. Eztabada berriz ere ! Bilkura ez da hastapenean pentsatu bezain laburra izanen. « C’est un débat sans fin !» dio Lambert jaunak, berriz ere eztabadaren desbideratzea enseatuz, erranez proposatua den konbentzioa Ortzaizerekin dela eta ez Baigorrirekin. Batzuek bozka bat galde egiten dute... segeretuan izanen da. Eta hor, oi zer sorpresa ! 9 boz konbentzioaren sinatzearen alde, 2 xuri eta 8 kontra. Lambert jaunak bere burua eskuen artean hartzen ditu... zer gertatzen ari da ? Ez du amor eman nahi eta exijitzen du bozen gehiengo absolutu bat, eta orduan bigarren itzuli bat ! Kontseilariek berriz joaiten dira bozkatzerat herriko idazkaritzak geldi arazten duelarik prozedura esplikatuz esprimitu diren bozak direla konda bakarrik, eta horien arteko gehiengo absolutua behar dela Frantses Errepublikaren legearen arabera. 9 bozek eremaiten dute lehia !!! Doi bat galdurik, jaun auzapezak laster bururatzen du bilkura, fite aipatuz informazio desberdin zonbaitzu... 10ak eta 15 dira, bilkurak oren bat eta 3 laurden iraun du. Eztabada piztu da kontseilu munizipalaren barnean. Berritasun handi bat Baigorriko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: