Ertzainak etorri dira afaltzeko kroketak egin ditudalako
Asteazkenetan kroketak egiten dizkiot afaltzeko Enekori. Lau kroketa. Hori dio berak antolatu zuen afari-egutegiak.
Azken larunbat honetan, baina, elur gehiegi egin zuen Aralarren eta elurra kentzeko kamioiak ezin zuen pasa.
Hori arazo erraldoi bat da asteazkeneko kroketentzat, izan ere, larunbatean kamioiak ezin izan zuenez pasa, Enekok, aitarekin Baraibarren arratsalde osoa pasatzeko zain egon ostean, dei garrantzitsu bat egin zidan.
Ama – esan zuen – gauza garrantzitsu bat eskatu behar dizut: gaur Aralarrera igotzeko aukera ez dut izan eta beraz, asteazkenean etorri BEHAR dut aitarekin. Asteazkenean uzten didazu piszinara ez joaten?
Nik baietz, eta berak: “eta gero nola berandu joango naizen etxera ez egin afaririk, aitarekin afalduko dut bokata bat eta etxera iristean lau orduz kantatuko dut.
Ez du zentzurik, badakit, niretzat ez du zentzurik. Baina berak horrela funtzionatzen du eta inora ez iristeko eztabaidatzeak, horrek bai ez duela zentzurik.
Gaur, baina, ez dut elkarrizketa gogoratu eta kroketak prestatu dizkiot. Bera gelan kantatzen zegoen, baina gero afaldu nahiko zuelakoan. Eta oheratu naiz.
12 t’erdietan edo esnatu gaitu, harrapatzen dituen haserrealdi-krisialdi-antsietate krisi horietako batekin. Garrasika, biolentziaz.
“Ama, oso gaizki, gaizki zaintzen nauzu, kroketak egin dituzu, eta jan ditut, eta gosea dut, eta antsietatea dut, eta bihar oso gaizki pasako dut, eta oso gaizki egin duzu”.
Guzti hau, garrasika, ozen, kolpeka, eskandaluz. Ez da berria, askotan gertatzen da. Bi astetan behin, demagun.
Goiko bizilagunak sapaian kolpeka. Hau ere ez da berria. Horrelakoetan “es la última vez” eta horrelakoak bidaltzen dizkio senarrari guatxapez. Niri ez dizkit bidaltzen. Akaso emakumea izanik berak berdinen arteko komunikazioa egiten duelako idazten dio senarrari? Baina senarra ez da Enekoren aita eta ni banaiz Enekoren ama. Akaso ez da nirekin ausartzen.
Ordu laurdenera edo lau ertzainek deitu dute atea. Norbaitek ireki die portaleko atea. Goiko bizilagunak, jakina. Hau bai, lehen aldiz egin du. Orain arte mehatxatu bai, baina deitu ez die inoiz deitu. Gaur bai.
Ertzainak ikusterakoan Eneko izutu da eta garraixi guztiak isildu ditu. NANak eskatu dizkigute, nirea eta Enekorena, autismoa duen ume baten ama izanagatik azalpenak eman behar izan ditut, berriz, eta nire telefono zenbakia eman behar izan diot ertzainari.
Enekori eskatu diot ertzainei azaldu ziezaien zer gertatu den.
- “Esaiezu zer gertatu den, Eneko”.
- “Eske amak kroketak egin dizkit afaltzeko, eta bazekien ez zizkidala egin behar”.
Umorez ere hartu daiteke kontua.
Galdera bat, zuek, badakizuenontzat: “bizilagunak egiten didana biolentzia moduan bizitzen dut. Zentzua du horrek? Salatzeak zentzua luke?”…
Argazkia gaurkoa da.
Donostia,
2022ko apirilak 7, 3:30ak.
Iruzkinak
2022-04-07 09:11 #1
Besarkada bat Aintzane! Zer esan?
Utzi iruzkina: