Nire mundua

aiene 1456130527263 Ai ene!! | 2008-03-25 20:29

Begiak itxi ditiat.

Beltz zagok pantaila.

Ezin diat ezer ikusi.

Apurka-apurka  hasi duk argia iluntasunetik irteten,

hasi duk nire desioen mundua pizten…

 

Sobera diat dena,

nire mundua perfektua izan dadin

hi soilik behar haut,

hire besoen goxoa behar diat,

hire gorputzaren beroa negu hotzean,

hire muxuen eztia.

 

Hire alboan egonik

ez diat ezeren beldurrik,

ez diat esnatu eta mundu errealera itzultzeko izurik,

beldur nauk ordea goizean esnatzeko bakarrik.

Ez diat sentitu nahi hire beharrik,

eta hau hire esku zagok soilik

nire alboan egonik

ez baitiat egingo gehiago negarrik.


Behin bati irakurri nioan

Ez al da bizitza

Indikatiboko baldintza?

Zinez egiazta nezakek haren hitza,

hi nire ondoan egongo bahintza

ez bainikek izango bizi hitsa,

egi bihurtuko huke

gozoenetan gozoena den nire ametsa,

paregabea izango zuan bizitza.

 

Ez! Kaka! Argindarra joan duk!

Itzali egin duk desioen mundua!

Begiak ireki ditiat.

Goruntz begiratu diat.

Zeruak bere tokian jarraitzen dik.

Guztiak jarraitzen dik bere berezko tokian.

Denak berdin jarraitzen dik.

Ez hago nire alboan.

 

Lasai! Ez hasi aieneka!

Etengailu diferentziala saltatu duk.

Segituan ipiniko diat ondo.

Eta begiak itxiko ditiat berriz ere,

desioen mundua piztu dadin,

mundu horretan soilik bada ere, hirekin egon nadin

Egiatan beste mundu perpendikular

batetan jarraitzen duan arren.

Nigana etortzen haizenean, esna nazak arren.

Une horretan bi munduek, hireak eta nireak,

bat egingo ditek

bien munduen arteko angelua

zerora murriztuko delarik.


Utzi iruzkina: