Nazioarteko zirkuitua III
Urriaren 24an, goizeko 09:30ean, prest gaude autobusa hartzeko, eta nazioarteko zirkuituaren azken zatiari ekiteko. Autobusa Txileko San Pedrotik Argentinako Saltaraino doa, baina gu, Saltan egon garenez, "Quebrada (harana) de Humahuacako" Purmamarca herrixkan geratuko gara.
Dena "ondo" antolatu dugu bidaia behar bezala aprobetxatzeko: autobusak bi pisu ditu eta guk goikoaren lehen jarlekuak hartu ditugu, 180º-ko bista panoramikoa izateko.
Ibilbidea espero genuen bezain ederra da. Hasieran Andeak mendikaterantz hurbilduz, gero mendikatea eta altiplanoa zeharkatuz eta, azkenean, zigi-zaga izugarriak eginez, altiplanotik "Quebrada de Humahuacako" haranera jeitsiz egiten den bideak ez digu aukerarik ematen loak hartzeko.
Bidean hiru izarreko paisaiak agertzen dira: Txilen Licancabur (ia 6.000 m) eta gertuko beste sumendiak, baita altiplanoko lakuak eta "Reserva de los flamencos" babesgunea ere; eta Argentinan "Paso de Jama" izeneko muga igaro ondoren, altiplanoko "Salinas Grandes" (Uyuniren antzekoak, baina nabarmen txikiagoak) edo "Lipan aldapa", oso kilometro gutxitan altiplanoko 4.170 m-tik Purmamarcako 2.192 m-ra eramaten gaituena.
Bideak, oro har, ekialderantz egiten du ekosistema ezberdinak erakutsiz: hasieran basamortu idorra, gero goialdeko puna (urteko batez besteko tenperatura 8,2ºC) eta, azkenean, haraneko landaredia (batez besteko tenperatura 13,2ºC). Kilometro gutxi batzuk ekialderago eginez gero, eta Andeak erabat zeharkatuz gero, Calilegua parke nazionaleko yungas izeneko oihan azpitropikalera (batez besteko tenperatura 20,6ºC) iritsiko ginateke. Autobusetik ondo ikusi dugu Atlantikotik iritsitako hezetasuna nola pilatzen den hodei eran ekialderen dauden mendizerra horietan.
Paisai horien guztien dibertsitatea eta erakargarritasuna azaltzeko hitz berririk ez daukagu, eta, nahiz eta argazkiek ez islatu bene-benetan ikusitakoa, kasu honetan, horietaz baliatzea pentsatu dugu:
Licancabur sumendia (Andeak mendikatera hurbiltzen)
Txileko altiplanoko lakua
Argentinako altiplanoko puna
Argentinako Salinas Grandes
Zeharkaldi osoan ez dago ia herririk, kenduta Argentinako herrixkatxoren bat eta Capricornio tropikoan bertan dagoen Susques herria. Dena da paisaia basatia, dena da natura zabal, itzel, mugagabea.
Zeharkatutako altiplanoa
"Humahuaca haranera" iristean egoera nabarmen aldatzen da. Inguru lehor honetan harana zeharkatzen duen ibaiak ("Rio Grande" izenekoak) urte osoan darama ura eta, ondorioz, ez da harritzekoa gizakiaren eragina paisaian, orain arte ez bezala, nabarmena izatea.
Humahuaca harana (Quebrada de Humahuaca)
Antza, duela 10.000 urtetik hona gizakiaren presentzia etengabea izan da, eta horrek oso historia eta kultura aberatsak utzi ditu haran osoan. Gaur egun, bertan eta inguruko Punan daude euren kultura ondoen gorde duten Argentinako herri indigenenak.
Purmamarcako jaialdia
Hala ere, badago funtsezko beste ezaugarri bat haranak duen fama ulertzeko. Izan ere, Purmamarcara iritsi bezain laster topo egiten dugu "Cerro de los 7 colores" izenekoarekin. Muinoaren ikuskizuna gu eta bertatik pasatzen diren guztiak aho zabalik uzten gaitu: oso adin eta kolore ezberdineko harriek herrixka biltzen dute margolari batek edertasuna nabarmentzeko egingo lukeen bezala.
"Cerro de los 7 colores" eta Purmamarca herrixka.
Izugarrizko konplexutasun eta erakargarritasuneko geologiaren eta bertako herri indigenen kultura eta tradizioen iraupenaren arteko konbinazioak oso toki berezia bihurtu du "Quebrada", munduan berezia hain zuzen. UNESCOk 2003an "Gizateriaren ondarea" izendatu zuen.
"La paleta del pintor" (Tilcara)
"Cerro de los siete colores" (Purmamarca)
Ohikoa denez, horrek guztiak gero eta turista gehiago erakarri ditu haranera. Izan ere, Purmamarca, Tilcara eta haraneko gainerako herriak oso turistiko bihurtu dira.
Humahuaca haranean Tilcara herrixka
Ipar-hego noranzkoan zabaltzen den haran hori, historikoki trukerako gunea izan omen da. Alde batetik, komunikazio bide ona delako; eta bestetik, harremanetan egon delako mendebaldeko goialdeko punarekin, eta ekialdeko yungasekin. Horren ezberdinak diren ekosistemek oso produktu diferenteak ematen dituzte, eta, horrela, trukea ia berez sortzen da. Horri esker, haraneko biztanleek, adibidez, honako produktu hauek lortzen zituzten: punatik gatza, ehunak, patatak...eta yungasetik frutiuak , zurak, lumak...
"Papas andinas" malbec ardotan
Harana, beraz, eremu irekia izan da, beste batzuekin harremanetan egon dena, baina horrek ez du ekiditen egungo turismoak dakarren arriskua. Toki askotan bezala turismoaren etorrerak konpontzeko zaila den dilema sortu du: zalantza barik, diru iturri garrantzizkoa da, eta bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko balio dezake; baina, aldi berean, herrien kultura eta izaera galtzeko bidean jar ditzake. Nola sustatu turismoa bertako balioak, ohiturak eta sinesmenak kaltetu barik?
Dalma turista batekin
Urriaren 29an, Humahuaca harana uzten dugu, penaz, oso gustura egon eta sentitu baikara. Argi dago zerbait berezia duela edo, guk behintzat, horrela bizi izan dugula.
Haran horretatik Salta probintziako Cafayate herrira etorri gara. Modu horretan, duela hiru aste hasi genuen "nazioarteko zirkuitua" itxi egiten dugu, Salta hirian hasi baikinen eta Saltako Cafayaten amaitu.
Saltatik hegoaldera dagoen "Quebrada de las Conchas" izeneko harana zeharkatuta gero heltzen gara Cafayatera (1.700 m-ko altitudea).
Aurpegi askoko "Quebrada de las Conchas" hori, bat-batean agertzen zaigu Saltako Lerma haran zabal-zabalean 100 bat kilometro egin ondoren. Erliebe aldaketa nabarmena da, eta paisai menditsuan murgiltzen gara.
"Quebrada de las Conchas edo Cafayatekoa"
Oso zigi-zagatsua den haran hori hasieran, hegal malkartsuz inguratutako arroil estua eta sakona da, baina gero leunagoa eta zabalagoa egiten da. Hasieran, landarediaren berdea asko nabarmentzen da, gero, berriz, harrien kolore ederrak. Batzuetan, paisaiek ipar-ameriketako zenbait pelikuletakoak ematen dute, beste batzuetan, berriz, haien kolore ikusgarriek Humahuaca harana gogorarazten digute, eta amiera alderakoek ilargikoak dirudite.
"Quebrada de las Conchas"-en ekialdeko hegala amaierarantz
Ez da harritzekoa horixe izatea, ardoarekin batera, Cafayatek duen baliabide turistikorik ezagunena. "Quebrada" harrigarri hori, hasi den bezala amaitzen da: bat-batean, eta Cafayatera eramaten gaituen lautada handian zabaltzen da.
Cafayaten ardoaren inguruko museo paregabea ikusi ondoren, zer hobeto, "nazioarteko zirkuituari" agurra emateko, torrontes famatua dastatzea baino. Antza, mahats zuri horren jatorria Errioxa da (orain desagertuta dago), eta Calchaquies haran hauetan (Cafayaten eta gertukoetan, hain zuzen) primeran garatu da nazioartean oso baloratuta dagoen ardoa emateko.
Torrontes ardoa dastatzen
Bihartik aurrera, urriaren 31, Argentinako mendebaldea utzi gabe, apurka-apurka hegoalderantz egiteko asmoa dugu Mendoza hiriraino. Baina, hori hurrengo etapa izango da.
Iruzkinak
Txepe 2011-11-01 13:37 #1
Benetan zoragarria da bidaltzen dituzuen argazkiak, paisaje geologiko-artistiko bezala definitu ahal dira leku liluragarri horiek "Colorado"-ko arroilaren luzapena emoten du. Suposatzen dut jatorri geologikoa higadura izan daitekela baina baita ere Sumendien eragina.
Edatekoa promete, baina jatekoa (Papas andinas)ordez ez dit emoten hain goxoa denik ze pare bat elementu platerrean emoten dabe krisalidak direla.
Ondo izan bikote.
Besarkada bat.
Txepe
Pila 2011-11-02 01:04 #2
Zuek hortik atzo, urriko azken astelehena, Gerrinken egon omen ziren 120.000 lagunek baino enbidia gehiago ematen didazue.

Ritxi 2011-11-02 15:20 #3
Egun on, Txepe:
Argentinako La Riojatik idazten dizugu. Carlos Menem lapurraren aberri txikitik hain zuzen.
Karmenek istripu txiki bat izan zuen atzo, eta orkatila bihurritu zuen. Horregatik, planak aldatu ditugu, eta gaur Rioja izeneko hirian geratuko gara. Asmoa da, gauza ondo baldin badoaz, probintzia honetako Talanpaya izeneko parke nazionala bisitatzea. Ea gauzak nola doazen.
Papa andinak malbec ardo ederrean oso onak dira, nahiz eta itxura eskasa izan. Hala ere, Kanalako indabak hobeak dira, zalantza barik.
Besarkada bat, eta hurrengora arte.
Ritxi 2011-11-02 16:48 #4

Egun on, Pilare:

Zuk esan arte, ez dut gogoan izan urriko azken astelehena. Erabat ahaztuta. Horixe dute bidaiek.

Gogoratuko duzu Darocan, elkarrekin gindoazela, Karmenek istripu txiki bat izan zuela eta hezurtxo bat arrakalatu. Atzo, antzeko istripua izan zuen. Arratsaldean hemengo ospitalera joan ginen, eta zorionez, bihurritua baino ez da. Horregatik, planak egun bat atzeratu ditugu, eta gaurko eguna lasai pasatuko dugu La Rioja hirian. Arazorik ez badago, eta ez dirudi, bihar pentsatutakoarekin jarraituko dugu. Ea horrela den.

Musutxuak Argentinako La Riojatik.

Pila 2011-11-03 17:49 #5
Niri holakoetan ardoa edatea ondo etortzen zait, ala Torrontes gehiagiaren ondorioak izan dira, Karmen?

Karmen eta Ritxi 2011-11-04 00:28 #6
Gau on, Villa Uniónetik:
La Rioja probintzian segitzen dugu, baina orain herrixka batean gaude gertu dagoen parke nazional bat bisitatu nahi dugulako.
Torrontesaren eragina ezin, erorikoa goizean izan zelako. Hala ere, ondorioak hobeto eramateko kasua egingo dizugu, eta gaur gauean torrontes botilatxoa edango dugu.
Utzi iruzkina: