Nazioarteko zirkuitua II

No profile photo Erretiratuaren bitakora | 2011-10-21 16:16
14

Urriaren 18an ematen diogu hasiera "Nazioarteko zirkuituaren bigarren zatiari". Izan ere, egun horretan, goizeko 10:30ean, Uyuniko hotelaren atarian prest gaude gure bila etorriko den autoa hartzeko. Baina, zoritxarrez, denbora pasatzen denez eta autoa agertzen ez denez, duela 15 urte bizi izan genuen esperientzia tamalgarria berriro errepikatuko den beldur gara.

Aurreko bidaia hartan zenbait gorabehera izan genituen autoaren "arranqueak"  ez zuelako ondo funtzionatu. Aurten, azkenean, autoa agertzen da eta berarekin batera gure bidaideak izango direnak: bi neska brasildar eta Kroaziako bikote bat. Laster konturatzen gara gure kezka ondo justifikatuta zegoela. Aurtengo autoan, antza, abiatze motorrak huts egin du, eta hori erreparatu nahian eman duten denbora izan omen da atzerapenaren arrazoia. Hala ere, autoa martxan ipintzeko txoferrak solte dauden bi kable ukitu behar ditu. Baina, beranduago, hori ez da nahikoa eta azeleragailua sakatzeko tresna metaliko bat erabiltzen duen bitartean, txoferra kotxe azpira sartzen da beste zerbait ukitzeko eta horrela martxan hasteko.

Hala eta guztiz ere, autoa aurrera doa, eta kilometro gutxira gatzagaren zuritasuna nabarmentzen hasten da. Espejismoen munduan murgiltzen ari gara: urrunetik ura dagoela ematen du, baina lehor-lehor dago; gatzagan sartzean izotza ematen du, baina autotik jaistean ez du laban egiten; erdialde inguruan "isla del pescadora" eramaten gaituzte, baina ez dago arrainik kaktus ederrak baizik.

Uyuniko gatzaga

Gatzagan dagoen "Isla del Pescado"

Hala ere, dena ez da gezurra hurrengo argazkian ondo ikus daitekeenez:

Ur botilaren gainean dantzan

Ur botilaren gainean dantzan (?)

Gatzezko basamortu erraldoi honek neurri beldurgarriak ditu: 135 x 170 km, hau da, 10.982 k2 (Nafarroak 10.391 ditu). Tokirik sakonenean gatzezko geruzak 121 m ditu. Munduko gatzagarik handiena omen da, eta, adibidez, litioaren erreserbarik handienak gordetzen omen ditu.

Hori guztia oraindik, familiaka ustiatzen da. Ez dago ustiapen handirik, eta inguruko biztanleek lantzen dute soilik:

Gatza ustiatzen

Gatza ustiatzen

Gatzaga zeharkatzea da errepikaezinak diren esperientzien horietako bat, eta iluntzeak ikaragarri ederrak dira:

Uyuniko gatzaga ilunabarrean

Ilunabarra gatzagan

Gatzaga honek, inguruko beste batzuek bezala, Andeen eraketari lotutako altiplanoan eratu ziren lakuetan dute jatorria. Izan ere, gaur egun gatzaga dagoen lekuan duela milaka urte laku gazi bat zegoen (gatzak jarduera bolkanikoen ondorietako bat omen dira), eta klima lehor eta eguzkitsu honetan ura apurka-apurka lurrunduz joan zen eta gatza geruzaka metatuz.

Gatzaga zeharkatu ondoren, ertz batean dagoen "gatzezko hotel xume" batean egiten dugu lo. Gatzaga 3.650 metroko altitudean dago, eta gauak hotz-hotzak izaten dira. Gure harridurarako berogailurik ez zeukan gatzezko hotel horretan berotasuna primeran gordetzen zen. Gatzezko blokeak ondo itsatsita zeuden, eta gatza oso isolatzaile ona omen da.

Hurrengo egunean txoferrak esaten digun orduan bidaiari guztiak gozaltzen elkartzen gara. Baina, txoferra ez da ageri. Gozaria amaitzen dugu, eta, azkenean, ordu bete beranduago txoferra agertzen da. Momentu hartan ez dakigu arrazoia, baina batek baino gehiagok antzematen du haren begien gorritasuna, eta arnasak darion alkohol usaina.

Hoteletik azkenak ateratzen gara. Txoferrak ez dauka ezer komunikatzeko: ez irratirik ezta sakelako telefonorik ere. 20 bat minutu pasatu ondoren, txoferrak hartu behar ez duen bidetik eramaten du autoa, eta lokatzetan itsatsita geratzen da:

Basatzan harrapatuta

Gure autoa lokatzetan

Autoa ateratzeko ea egun osoa behar dugu, eta, azkenean, gatzagatik nahiko gertu dagoen San Juan izeneko herrixkan egiten dugu lo. Gogorra da esatea, baina ibilbide hau egiteko askoz gomendagarriagoa da Txiletik egitea Boliviatik baino. Gure kasuan, bidai agentzia presentaezinari txofer mozkortia (?) gehitzen zaio; eta hori, bide zail eta arriskutsuak dauden toki batean¡¡¡

San Juanen autoa konpontzen den bitartean (martxan ipintzeko sistema hobetu,  errobeda bitan  izan ditugun zulatuak konpondu...) gu seirok bidai agentziarekin hitz egiten ahalegintzen gara. Komunikazioak ez dira batere errazak.

Hurrengo egunean, urriaren 20an, goizaldeko 03:00etan altxatzen gara, eta Txileko mugarantz abiatzen gara. Eguna esnatzen denean ikusten ditugun parajeek pasatutako guztia leuntzeko balio dute, zalantzarik gabe: altiplanoko laku ederrak elurra duten sumendiz inguratuta, laku zuriak, gorriak eta berdeak flamenko larrosekin, kolore eta forma ikaragarriak dituen basamortua...

Colorada lakua

"Colorada" lakua flamenko batzuekin

Txileko muga zeharkatu eta 45 minutura dagoen San Pedro de Atacamara iristen gara. Eguerdiko 14:00ak dira.

San Pedro de Atacama (2.438 m-ko altitudea) basamortuan dagoen herrixka atsegina da. Capricornio tropikotik oso gertu dago (50 bat kilometro hegoaldera), eta klima desertikoa du (prezipitazioak ez dira 35 mm-tik pasatzen)  nahiz eta oasi txiki batean egon.

SAN PEDRO 661

San Pedro basamortuaren erdian

Herrira sartzean oso deigarria da ikusten den turista kopurua. Oso herri turistikoa da, eta ia "negozio" guztiak horretatik bizi dira.

San Pedro de Atacama

San Pedro de Atacama

San Pedroko bidai agentziek Atacama basamortuaren zenbait gune eskaintzeaz gain, Boliviako altiplanoko lakuak eta Uyuniko gatzagak saltzen dituzte. San Pedro Uyuni baino askoz turistikoagoa da, nahiz eta Uyunik dituen baliabide turistikoak nabarmen hobeak izan.

Oro har, Atacama da basamortuetatik basamortuena. Izan ere, munduko basamorturik idorrena omen da. Horren zergatia ulertzeko ez dira falta arrazoiak:

- Tropikoan dago, eta atmosferan goi presioak dira nagusi (euri gutxi).

-Tropikoan eguzkiak inon baino gehiago berotzen du (bero handia).

-Atlantikoko haize hezeak ez dira heltzen Andeek ekiditen dutelako, eta Pazifikotik ez dira sartzen latitude honetan atmosferako zirkulazio nagusia ekialdetikoa delako (aireak ia ez du hezetasunik: gure gorputzak eta azalak nabarmen igertzen dute hori). Ekialdetiko zirkulazioaren eraginez, latitude honetan dauden kostaldeko basamortuak kontinenteen mendebaldean daude (Atacama bezala, Namib ederra adibidez).

-Humboldt korronte hotzaren eraginez, Pazifikoko kostaldeko urak hotz-hotzak dira (lurrunketa gutxiago).

Basamortu idor-idorra ezagutzeko ez gara urrunera joan behar: San Pedrotik 15 km-ra dagoen "El valle de la Luna" izeneko gunea da horren adibide bikaina:

"El valle de la Luna"

"El valle de la Lunan"

Basamortua eta atzean Licancabur sumendia

Basamortua eta atzean Licancabur sumendia

San Pedrotik apur bat urrundu (120 km hego-ekialdera), Andeak mendikatearen magalerantz, eta 4.200 metro inguruko altitudean Altiplanoko bi laku topatzen dira, Miscanti eta Miñiques izenekoak. Laku horiek, Boliviakoak bezala, ikusgarriak dira, eta zenbait hegazti ikusteko aukera ematen dute:

Miñiques (Txile) lakuan hegaztiak ikusten

Miñiques lakuan (Txile) hegaztiak ikusten.

Ikus daitezkeen hegaztien artean azpimarragarrienetakoak flamenkoak dira. Bidaian zeharkatu ditugun lakuetan hiru flamenko mota ikusi ditugu:

Flamenko andinoa

Flamenko andinoa (Phoenicoparrus andinus)

San Pedron egiten ari garen bisitari errematea emateko, gaur gauean txango berezia dugu: astronomo baten eskutik  zeru ederrari behatzera joango gara, hemengo atmosferak duen gardentasuna (330 egun oskarbi, atmosferako hezetasuna oso txikia...) toki gutxitan dagoelako.

Txangoa gaueko 10:00 etan hasten da, eta ordu laurdeneko bidaiatxoa autobusez egin ondoren, astronomoak prestatu duen ingurura heltzen gara. "Gabatxo" sinpatiko batek (astronomoa frantsesa da) izarrez betetako ganga bati begiratzen erakusten digu lehenengo. Berarekin hainbat konstelazio bereizten ditugu. Gu Orion da gehien erakartzen gaituena. Auskalo zergatik¡ Ordu bete eta piku pasatu dira, eta 11:20 dira, tenperatura 5º ingurukoa, zentzazio termikoa hobeto ez jakin. Zergatik horrelako jarduera gozagarriak (animalia askoren behaketan berdin) egiteko egon behar gara hotzak jota?

Izarpeko sufrikarioa leuntzeko 10 bat teleskopioen laguntzaz zerua askoz zehatzago azter dezakegu. Horrela ikusten ditugu kolore ezberdinetako izarrak (laranjak, zuriak, urdinskak...), planetak (Jupiter bere hiru-lau sateliterekin), nebulosak (armiarma itxura duena, adibidez), disko erako galaxiak...Amaieran txokolate beroa, galde-erantzunak eta lotara ondo berotzera.

Orion konstelazioa

Adituek bereiztu beharko lukete argazkian nabarmentzen den konstelazioa.

Bihar, urriak 24, autobusa hartu, eta berriz Argentinara joateko asmoa dugu. Gure azken etapa (hirugarrena) nazioarteko zirkuitua biribiltzeko.

Rafa eta Maria

Rafa eta Maria 2011-10-23 18:26 #1

Arrastion Balentziatik! Ez gara hona etorri Athletic ikusteko, baina egia da, gaur partido ederra daukagu. Orain zinera joango gara. Atzo Zientzia Museoa bisitatu genuen, gaur, Ozeanografikoa eta bihar Albuferara joango gara. Eta zuek, Abentura nahi baduzue, txofer mozkarti batekin seguruagoa. Polita botilaren argazkia. Jarraitu holan! Muxuak.

txepe

txepe 2011-10-23 22:01 #2

Oso interesgarriak zuen azalpenak. Eta paisajeak liluragarriak bezain desolatuak. Ostiral honetan ikusi nuen Gernikako zine klubean "Blackthorn" pelikula eta egon zareten parajetan filmatuta dago, hain zuzen ere Potosin atera zenuten argazki horretan eszena bat dago eta momentu ikaragarriena gatzagako irla horretan filmatuta dago, fijatu al zarete ea kaskillorik bazeuden?. Western bolibian filmatuta dago eta pena merezi du ikustea, oso ona delako eta paisajeak ikaragarriak.

Gure Athletic oso partidu ona egin du balenzian eta 1-1 amaitu da, 88´minutuan Balenziaren gola, pena bat. Dena den ez du emoten talde berdina denik. Presio itzela, atzekaldea oso sendoa eta besteak orain badakite zer egin behar duten eta zer diren kapaz egiteko.

Ondo izan.

Txepe

Ritxi

Ritxi 2011-10-23 23:00 #3

Arratsalde on, Rafa eta María:

Ez genekien Valentziara joateko asmoa izan duzuela. Valentzia, Bilbo bezala, asko hobetu azkenaldian, eta, egia esan, badauzka zenbait toki interesgarri bisitatzeko.

Zuei erantzuten ari garela enteratu gara Athletic-ek partida ona egin ondoren, bana amaitu duela. Badirudi, arlo horretan behintzat, gauzak gero eta hobeto doazela.

Gu bihar goizean bueltatzen gara Argentinara autobusez. Gure nazioarteko zirkuitua biribiltzeko azken etapa. Espero dezagun txofer mozkorti gehiago ez ezagutzea (abentura bai, baina adin honetan, abentura neurtua).

Besarkada bana bion partez

Ritxi

Ritxi 2011-10-23 23:13 #4

Arratsalde on, Txepe:

Athletic-ena oso berri ona. Zure bitartez enteratu gara. Badirudi, Gernikako monja Clarisen lana nabaritzen hasi dela.

Aipatzen duzun western horren berri guk ere izan dugu. Gainera, zuk diozun bezala, ondo eginda dagoela esan digute. Ea aukerarik dugun ikustera joateko.

Gaur da gure azken eguna Txilen. Bihar autobusa hartu eta Argentinako Purmamarca herrira joateko asmoa dugu. Inguru hori ezagutzen dutenek asko merezi dutela esaten dute. Ikusiko dugu, eta ahal bada, kontatuko dugu.

Besarkada bat

Ritxi

Ritxi 2011-10-24 00:10 #5

Arratsalde on, denoi:

Batek baino gehiagok egin digun galderari erantzuteko. Altitudera, oro har, oso ondo moldatu gara (nik Potosin izan nuen buruko min apur bat), apurka-apurka igotzen joan garelako. Une honetan, seguruen, ez genuke txirrindulariei egiten dieten moduko kontrola pasatuko, globulu gorriz gainezka omen gaudelako.

Ondo izan.

Pila

Pila 2011-10-24 19:29 #6

Ze polita, hobe ze ederra dena! Eta txoferraren mistrioa ere argituta. Ez nago ziur baina iruditzen zait Urtza Handia ikusten dela eskubian? ala Txikia da? Ezkerraldean nahiko argi Triangelua. Eta erdian Orion? Begiratuko dut planisferioan...(on-line aurkitu dudan batean) Begiratu dut eta horrelakoak agertu zaizkit: erdiko multzoa Centauro edo? Urtsa pentsatu dudana Cuervo Centauro hori Escorpiorekin nahasturik (Corona Borealis zela pentsatu dut lehen) eta Triangeluaren ordez Sagitario?

Ritxi

Ritxi 2011-10-25 19:38 #7

Arratsalde on, Purmamarcatik (Argentina): Erantzunaren maila gehiegizkoa da guretzat. Guk, argazkiaren erdiguenean, Orion azpimarratu nahi izan dugu, gainerako izarrak idearik ere ez. Eskertzen da informazio gehigarria.

Atzo Txiletik Argentinara egin genuen bidaia, paisaiaren aldetik, eder-ederra. Gaur Purmamarcan gaude ("Quebrada de Humahuacan"), eta ziur gaude aterako ditugun argazkiek ez dutela inolaz ere islatzen errealitatean ikusi dugun kolore multzo ikaragarria.

Musutxuak bion partez

Neli

Neli 2011-10-26 20:58 #8

Aupa bikote!! Hau bidaia, hau!! Ni lasai lasia Portugaleten, baina, tira, posik.

Biadliatko postala jaso dut eta noizean behin blogan sartzen naiz, horrela jarraizten zaituztet. Musu handi bat bientzat. Neli

Bigos

Bigos 2011-10-27 18:01 #9

Kaixo, bikote: Atakamarako bidaiaren gorabeherak ikusita, bistan dago bidaiak emozionanteak direla oraindik, eta gezurra dela bidaiariak turista bihurtu direla. Esaten duzuen bezala horko paisaiak leuntzen du txofer mozkorti batek sortzen dituen arazoak eta eragozpenak. Ze inbidia tiñosa ematen didazuen argazkiak ikusita eta gero, baina nire mendekua terriblea izango da datorren urtean.

Bueno, orain serioan: Txepek informatzen dizuen moduan, gure Athletic ondo doa (guztiz ados bere iritzarekin). 10etan Athletico de Madrid kontra (San Mamesen) jokatzen du (gu ere gabaz izarrak ikustea geratzen gara; eta honekin ez dut konparatu nahi Atakama eta San Mames, noski).

Bueno, segi aurrera eta zorioneko bidaia izan!!!!

Karmen

Karmen 2011-10-27 20:19 #10

Arratsalde on, Neli:

Ezer baino lehen, ZORIONAK!!! Saiatu nintzen zure helbidea Interneten topatzen zoriontzeko, baina ez nuen lortu. Dena den, urriaren 17an zutaz gogoratu nintzen.
Primeran jarraitzen dugu. Orain berriro Argentinako iparraldean gaude, tilcaran. Paisaiak ikaragarri ederrak dira, baita bertako lasaitasuna ere.
Musu handi bat, eta ondo izan.

Ritxi

Ritxi 2011-10-27 20:44 #11

Arratsalde on, Bigos:

Atacamako argazkiak ez dira zuk atera zenituen bezain onak, baina egia da inguru honetako paisaiak aluzinanteak direla.Gogoratu datorren urtean zu ez zarela izango erretiratu bakarra, ni ere egoera horretan egongo bainaiz.

Orain Tilcaratik idazten dizut. "Quebrada de Humahuaca" hau, dakizuen bezala, eder-ederra da; bereziki, duen geologia. Etzi zuek ondo ezagutzen duzuen Cafayate herrira goaz. Segituko dugu paisaiekin gozatzen, baina, kasu honetan, beste zerbait egin nahi dugu: Zuk gomendatutako "El tren a las nubes" egitearren bertako "bodega" bat doainik bisitatzeko aukera dugu. Bisitatu eta ardoa dastatu nahi dugu, eta ea hori egiten dugun Athletic-en garaipen berri bat ospatzeko.

Besarkada bat, eta oso ondo izan.

txepe

txepe 2011-10-27 23:55 #12

Holan izan da Ritxi. Athletic-ek irabazi du bigarren zatia memorablea izan da. Toquero atera da 0-0 ekin eta 15 minututan 3-0. Taldea oso sendoa dago, atzekaldea izugarri eta aurrealdian posoina daukagu, erdikaldea Iturrazpe eta Jabi Martinez nagusi (Ruiz de Galarretak aukera izango duenean...kontuz). Nik ez dakit beraien dieta aldatu duten baina fisikoki dabiz topera.

Zatozenean ea holan jarraitzen badute eta ikusteko aukera dukagun.

Ke tiemble el Bârca.

Txepe

Ritxi

Ritxi 2011-10-28 20:30 #13

Oso berri ona. Azkenean, gure txiletarrak arrazoia izan behar du, eta Bielsa mirarigarria da. Zuk diozun bezala, ea bueltan aukera dudan Athletic berri hori ikusteko.

Bihar Cafayate izeneko herrira joateko asmoa daukagu. Antza, ardo zuri oso ona dute. Ospatzeko saiatuko gara ardo hori dastatzen. Kontatuko dugu emaitza.

Besarkada bat

Ritxi

Ritxi 2011-10-28 20:35 #14

Arratsalde on, Bigos:

Berriro idazten dizut, Txeperen bitartez enteratu naizelako zer egin duen Athletic-ek. Antza, zuk izarrak ikusi zenituen, baina ez zeruan zelaian baizik.

Azkenean, JoseManuk arrazoia izan behar du, baina, tarte batean behintzat, nik ez diot aitortuko.

Musutxuak

Utzi iruzkina: