Hegoalderantz Mendozaraino

No profile photo Erretiratuaren bitakora | 2011-11-02 16:49
9

Urriaren 31n, Cafayatetik irten eta astiro-astiro mendebaldea utzi barik (Andeetatik aldendu barik) hegoalderantz abiatzen gara.

Cafayate utzi baino lehen herrian dauden upeltegi piloetatik "Domingo Molina" aukeratu dugu bisitatxo bat egiteko. Mendizerra baten magalean dago, eta Cafayate herriaren eta haranaren ikuspegi ederra dauka. Bisitan ohiko azalpenekin batera ardo dastaketa sartzen da. Horri esker, paraje eder horretan,  haraneko gazta zati batzuekin batera, upeltegian ekoizten dituzten  ardo zuri eta beltzak dastatzen ditugu. Eta dena doanik¡

Cafayateko Domingo Molinan ardoa dastatzen

Domingo Molina upeltegian

Horren ostean, seguruen alaiago, autobusa hartzen dugu Cafayatetik hegoaldera (50 km) dagoen Quilmes aztarnategiraino.

Aztarnategia (Argentinako garrantzitsuenetakoa) mendixka baten hegalean nabarmentzen da. Tokia, lautada zabal batez inguratuta, ahazten ez den horietakoa da.

Quilmes aztarnategia

Quilmes aztarnategia

Ikusten dena izan zenaren %15 baino ez omen da, beste guztia hortxe dago, antzematen da, baina ez dago berreskuratuta.

Historiak kontatzen du hiria IX. mendearen hasieran sortu zela, denborarekin 3.000 biztanle izan zituela eta 10.000 biztanleengan eragin zuzena izan zuela.

Calchaquies haran hauetako hiri boteretsu honetan, Quilmes izeneko indigenak bizi ziren tragediarik gordinena pairatu arte: 1535ean iritsi ziren inguru hauetara lehen konkistatzaile zuriak. Quilmes indigenek aurre egin zieten, eta 1665. urtera arte ezin izan zituzten menderatu. Baina, gero ondorioak oso latzak izan ziren: hiria hustu behar izan zuten, eta 2.000 indigena inguru deportatu zituzten Buenos Aires aldera. Oinez 1.200 km egin ondoren, antza, %20 baino ez zen heldu. Urteak pasatu eta gero, Buenos Airesekoak desagertu egin ziren, eta eurekin batera zuten hizkuntza eta kultura.

Historia ohikoegi honetatik Buenos Aires handiko herri baten izena geratzen da, eta, dena saltzen eta kontsumitzen den mundu honetan, Argentinako garagardo ezagunenaren marka: Quilmes zerbeza hain zuzen. Lazgarria¡

Quilmes zerbeza

Quilmes garagardoa

Historia hori eredugarria da ondo laburbiltzen duelako zein izan den konkistaren benetako izaera eta geroko gizarte "criollo"aren benetako jarrera.

Konkista (Ipar Amerikaren, Afrikaren, Australiaren... antzera) kupidagabea, zapaltzailea eta suntsitzailea izan zen. Hala ere, Espainiako Gobernuak Amerikako "aurkikuntzaren" bigarren mendeurrenean ospakizun askoren izenburu nagusitzat El encuentro entre dos culturas aukeratu zuen. Ameriketako indigenek behar duten aitortza eta erreparaziotik urrunago ezin¡. Historiaren historiak manipulazioaren bideak beti izan ditu zabalik.

Quilmes Tucuman probintzian dago. Tucumanek independentziaren aldeko borrokan paper funtsezkoa izan zuen. Tucumanekoa zen Mercedes Sosa handia. Baina, hala ere, gizarte "criolloak", bene-benetan, erabateko bizkarra eman zion aipatu dugun errealitate historiko horri.

Tucumanek aztarnategia guztiz utzita eta ahaztuta izan zuen aurreko mendeko 70eko hamarkadara arte; soilik borroka luze bati esker, 2007. urtean, inguruan bizi diren indigena haien ondorengoek lortu dute aztarnategiaren ustiapen turistikoaren kontrola. Agian, hori izan daiteke zor zaien erreparazio horren lehen (ez azken) urratsa.

Aztarnategia uzten dugu, autobusa berriz hartu, eta segitzen dugu hegoalderantz Cafayatetik 125 km-ra dagoen Tafí del Valle herrira iristeko. Quilmesetik 75 km-ra baino ez dago, baina paisaia aldaketa hain da nabaria, ezen askoz kilometro gehiago egin ditugula ematen duen. Egia esateko, bideak ekialderantz ere egiten du, eta Andeetako azken mendiak, Calchaquies mendiak hain zuzen, zeharkatzen ditu Tafira heldu baino lehen. Zeharkaldi horretan oso ondo ikusten dugu Atlantikoko haize hezeak nola pilatzen diren hodei eran aipaturiko mendi horietan. Horregatik, Tafi inguruko paisaia Quilmesekoa baino askoz berdeagoa da, belar fresko asko ikusten da  (ganadu ugari ere bai), eta berdetasun horrek Pirinioetako zenbait toki gogorarazten digu.

Hodeiak mendi garaietan pilatuta

Andeetako ekialdeko mendizerretan eratzen ohi den hodei barra

Tafi herri lasaian lo egin ondoren, nabarmen hegoalderago dagoen La Rioja hirira joateko autobusa hartzen dugu. Lehenengo Tucuman hiriburutik pasatu behar dugu (autobusez aldatu), eta gero Catamarcatik La Riojara heltzeko. Guztira 500 bat km eta 9 ordu.

Tafitik irten eta berehala Yungas oihanean sartzen gara. Errepideak itzelezko jaitsiera egin behar du (Tafiko 2100 m-tik Tucumaneko 420m-ra iristeko) eta basoa ondo ikusteko aukera ematen du.

Tucuman hiribururantz

Yungas baso azpitropikala Tafitik gertu

Tucuman hiriaren inguruan azukre kainabera eta tabakoa nagusitzen dira paisaian. Horiek utzita,  etengabe hegoalderantz egiten dugu, eta  gaueko 20:30ean  La Riojara (496 m) heltzen gara . Gure asmoa gau bakarra egitea da, baina planak aldatu behar ditugu. Tafin, Karmenek istripu txiki bat izan du: erori, eta orkatila bihurritu du.  Bidean gero eta min handiagoa duenez, hirira heltzean ospitalera joaten gara. Eraikina eta gelak hirugarren mundukoak eman arren, funtzionamendua eta atentzioa oso onak, eta gainera dena doainik. Erradiografiak egin, traumatologoak ikusi, eta argi geratzen da ez dagoela hausturarik. Baina, komeni da gauzak lasai egitea, atsedena hartzea, ibuprofenoei laguntza eskatzea eta etengabe izotzaz tratatzea. Horregatik, La Riojan egun bat gehiago egitea erabakitzen dugu.

Hiriak ez dauka ezer aipagarririk, eta labe errea ematen du. Udaberriko egun hauetan tenperatura 30º-tik gorakoa da, eta udan, sarritan, 40º-tik pasatzen omen da.

Eskola 2:0 Argentinan

La Riojako bus geltokian: Eskola 2.0

Azaroaren 3an, La Riojako Villa Union herrixkara joaten gara. Hiriburutik mendebaldera dago Andeetako mendikatetik gertu. Mapan hurbil ikusten da, baina errepide zuzenik ez dagoenez 271 km egin behar ditugu herrixkara heltzeko. Bidean, olibondo eta mahasti asko ikusten dira, normalean tanta-jarioz ureztatuta. . Argi dago Tucumanetik La Riojara  lehorragorantz egin dugula.

Izan ere, Villa Union (1.200 m), eta, oro har, La Rioja mendikate paraleloz inguratuta dago. Ekialdean "Sierras Pampeanas" izenekoak daude( horietan mendirik altuena Famatina da: 6.250 m) eta mendebaldean Andeak mendikatea. Mendi garai horiek itsasoetatik etor daitezkeen haize hezeentzat muga nabarmena dira, eta ondorioz euren artean dauden lurraldeetan oso euri gutxi egiten du. La Riojako herriak, eta hegoalderago daudenak (Mendozakoak barne) elurtuta egoten diren mendi horietan sortzen diren ibaiei esker bizi dira.

Bermejo ibaia Villa Unionerantz

Bermejo ibaia, Andeak mendikatetik Villa Unionerantz

Villa Unionek gero eta turismo gehiagao dauka, sarrera atea delako izaera ezberdineko bi txango interesgarri egiteko: bata, ezagunena, Talampaya parke nazionala ezagutzeko, eta, bestea, altiplanoko Laguna Bravara iristeko.

Imagen 911

"Laguna Brava" (zuria) eta aurrean geiserrak

Azaroaren 4an, lakura doan txangoa egiten dugu. 3000 m-tik gorako desnibela duen ibilbideak, berriro ere, paisaia ezin ederragoetatik eramaten gaitu. Egia esan, Argentinako iparraldeko Andeak izan dira, guretzat behintzat, ezustekorik deigarrienak: ezinezkoak diruditen koloreen konbinazio ikaragarriek etengabe utzi gaituzte aho zabalik.

Imagen 922

"Laguna Brava"rako bidea eta paisaia

Gainera, begiak gehiago alaitzeko, hasieran guanakoak izan ditugu bidelagun, gorago bikuinak  eta tartean kondor talde handi bat (ez da normala 12 inguru batera ikustea). Kondorrak seguruen zerbait jaten ari ziren guk altxatu genituenean.

Laguna Bravan egiten duen haize bortitzak lakuaren izenaren esanahia argitzen digu: paiasaiaren edertasunak eta flamenkoen lasaitasunak kontrakoa eman arren, baldintza meteorologikoak beldurgarriak dira.  Adibidez, Boliviako "Laguna Coloradakoak" baino gogorragoak dira, tenperaturak -26ºC-koak izan daitezkeelako, eta haizeak zakarragoak direlako.

Laguna Bravan
"Laguna Brava" haizetsuan

Hurrengo egunean, azaroaren 5ean, Talampaya parke nazionala (215.000 ha, hau da, Urdaibai  halako 10) apur bat ezagutzeko bi txango egiten ditugu.

Goizekoan, Talampaya kooperatibakoekin (parketik gertuen dagoen herriko biztanle batzuen elkartearekin) autoz 24 km egiten ditugu parketik, eta oinez kilometro bat pasatxo. Buelta bide beretik egiten dugu. Ia basamortua den parke honetan, guk ibai baten ubidetik egiten ditugu kilometro gehien. Ubidean ez dira falta zuhaizkak eta ur eskasira oso ondo moldatuta dauden zuhaitz batzuk ere (bereziki algarrobo zuria: Prosopis sp.). Horregatik, inguru hori faunarako ere oso aproposa da, eta guk animalia batzuk ikusteko aukera dugu: guanakoak, marak (edo Patagoniako erbiak), eta ordu gutxi aurretik pasatu den puma batek utzitako aztarnak. Gainera, oinez egiten dugun zatian, kolorez beteriko kainoi estu ederra topatzen dugu:

Imagen 950

Talampaya parke nazionala: harrien ortzadarra

Arratsaldekoan, oso ezaguna den Talanpayako kainoira goaz. Argentinoek arroil horretaz hitz egiterakoan, behin baino gehiagotan, Ipar Amerikako "Gran Cañon del Colorado"rekin konparatu dute. Horrelakoetan argentinoek ez dute parekorik. Bilbotar "faroleroek" apal-apalak dirudite haien aurrean. Guk "Colorado" ez dugu zuzenean ezagutzen, baina, hala ere, argi dugu ezin dela parekatu Talampayakoarekin ez paisaiaren aldetik, ezta geologiaren ikuspuntutik ere. Dena den, Talampayakoak dituen 150 m-ko orma bertikalek ondo justifikatzen dute bisita.

Imagen 958

Talampaya parke nazionaleko kainoia

Azaroaren 6an, La Rioja probintzia utzi eta Mendoza hiriraino joaten gara (500 bat km eta 8 ordu autobusez). Mendoza duela hiru urteko bidaian ezagutu arren, berriro etorri gara  atsedenaldirako oso hiri egokia delako. Egia esan, oso gustura sentitu ginen, eta oraintxe ere oso gustura gaude. Hala ere, horrek ez du ezkutatzen nabaritzen hasi garen beste zentzazio bat: bidaia amaitzear dagoela, eta ondorioz bueltaren bertigoa gero eta presenteago dagoela. Hori leuntzeko, dena den, oso lagungarria izango da 300 bat upeltegitatik egiten duten eskaintza anitza.

Mendoza (750 m)  gertu dituen Andeek baldintzatzen dute. Izan ere, hortxe daude mendirik garaienak (Aconcagua: 6962 m), eta hortik heltzen da hiriak behar eta kontsumitzen duen ura. Mendozaren klima, oro har, beroa eta lehorra da. Izan ere, latitude honetan (33º S) tropikotik urrundu garenez, batzuetan  sar daitezke  haize hezeak Pazifikotik (latitude berean Txilen 400 bat km-ra dagoen Valparaiso aurkitzen dugu. Atacama basamortua amaitu da, eta hezetasun gehixeago nabaritzen da). Baina haize heze horiek Andeak aurkitzen dituzte, eta Mendozara iristean hezetasuna galdu dute, eta gainera 6.000 m-ko jaitsiera izan dute. Ondorioz, asko berotu dira eta ingurua gehiago lehortzen dute (Föehn efektua. Gurean, hego haizeak erakusten digu hori). Haize horiek zonda izena hartzen dute eskualde honetan, eta Mendoza hirirako kaltegarriak badira ere , gertuko mendietan hiriak beharrezkoa duen ura, eta, sarritan, elurra uzten dute. Zoritxarrez, egun hauetan, ondo ezagutu dugu zonda haizearen eragin kaltegarria: oso zakarra, hautsez beterikoa, benetan, jasangaitza eta arriskutsua (hildako bat, zaurituak, eskolak itxita, kalte nabariak...).

Zonda haizearen eragina

Zonda haizeak gure hotelaren aurrean utzitakoa

Mendoza hiria 1861ean gertatu zen lurrikara batek ia osorik suntsitu zuen. Hiri berria  Jules Ballofet hirigilearen arabera eraiki zen. Andeetako ur kanalizatuari esker zuhaitzez beteriko hiria diseinatu zuen: kale guztietan eta erdiguneko bost enparantzetan daude eta dena gerizpetan mantentzen dute.

MENDOZA 962

Mendoza hiria (Sarmiento kalea)

Eremu idorrean sortutako oasi horren kontrakoa da guk duela urte askotxo Brasilgo Manaos hirian ezagutu genuena: oihanean (Amazonian) eratutako basamortu sinestezina. Hiri hartan, berunezko eguzkiak zapaldu egin gintuen asfalto erdiurtua zuten gerizperik gabeko kale haietatik ibiltzean. Mendozako kaleetan, berriz, eguzkiak ez du zuzen jotzen,  gertuko inguruan baino tenperatura atseginagoa mantentzen da, eta "terrazaren" baten zerbait hartzea gozamen ederra ohi da.

Aconcaguaren ikuspegiarekin eta dastatu beharreko ardoen laguntzarekin igarotzen ari dira azken egunak Buenos Airesera iritsi arte. Buenos Airesekoa hurrengo etapa izango da (zoritxarrez, bidai eder eta ahaztezin honen azken etapa).

Horacio Guaraní (Rafaren partez)

Horacio Guaraní (Rafaren partez) 2011-11-08 12:51 #1

Si el vino viene viene la vida:

vengo a tu viña, tierra querida.

Quisiera dejar mis huesos

bajo cielo mendocino

que mi sangre y mis cenizas

vuelvan camino del vino.

Recitado:

Qué triste ha de ser morirse

y no volver nunca más,

pero es tan linda la vida,

pero es tan churro el camino,

que si me muero algún día

entiérrenme en Mendoza,

en San Juan, allá en la Rioja

o en Cafayaté La Hermosa

que en vino habré de volver!

Y cuando lloren las viñas

para que rían los hombres,

he de volver en las copas

que habré de mojar las bocas

de mis viejos compañeros

o tal vez de la que quiero

y no me pudo querer...

y en una noche de farra

cuando lleven la guitarra

si ven al vino llorar

déjenlo llorar su pena

déjenlo llorar su pena

que en la lágrima morena

como nunca he de cantar!

Cantado:

La vida es un vino amargo,

dulce de jarra compartida:

que los que nadan pa' dentro

se ahogan solitos en vida.

Si el vino viene viene...

Ritxi

Ritxi 2011-11-08 13:24 #2

Egun on, Mendozatik:

Abesti hobea ezin izan duzu aukeratu. Guk bakarrik ezagutzen genuen hasierako leloa. gainerakoa ez. Ederra benetan.

Tafi del Valle herrian egon ginenean, gauez afalostean, aukera izan genuen horrelako abestiak kantatzeko bertako jendearekin. Guk hemen ez dugu herri guztietan "Casa de la Trova" topatu, baina gau hori zuek kontatzen zenuten antzekoa izan zen (kantari espontaneoak eta guzti).

Txepe

Txepe 2011-11-08 15:49 #3

Bisitatu dituzuen paisajeak ikusita, hain lasaiak eta hain bakartiak, hona itzultzen zaretenean deskonpresio prozesu bat jarraitu behar duzue, bestela ...

Antza denez deskompresio prozesu hori hasi zarete jadanik ardo ona edaten.

Hemen pasaden asteburuan Athletic-ek eman zigun izugarrizko espektakulua. Europa osoan komentatu da Bielsaren partidua Barcâ-ren kontra. Zuri gorriek presio itzela sartu zuten eta denbora ako Barsa erabat anulatuta egon zen. Benetan izugarria izan zen partidua: kemena, indarra, borroka, kiroltasuna, giroa, ordena,jokua... gutxienez eskatu behar dioguna talde bateri. Epikoa izan zen, gainera izugarrizko euritea botatzen zuelako. 2-2 amaitu zen 90´ minutuan akatz baten bidez Messik gola sartu zuelako, baina tira honela pena merezi du futbola ikustea.

Honelako gauxekin konformatu behar gara denpora zail hauetan.

Ondo izan.

Txepe

Ritxi

Ritxi 2011-11-08 23:17 #4

Arratsalde on, Mendozatik:

Hoteletik idazten dizugu, zonda haize madarikatuak ez digulako beste aukerarik utzi. Kaleetatik ibiltzea zaila da, hautsez betetzen zara, eta, duen indarragatik (batzuetan eskolak... itxi behar izan dituzte) arriskutsua izan daiteke.

Ez duzu sinetsiko, baina partida zuzenean ikusi genuen Mendozako hotelean. Iritsi ginenean, ezer jakin gabe, zapping egiten hasi ginen, eta, gure harridurarako, partida aurkitu. Gero, Mendozako ardo onarekin ospatu genuen. Badirudi, Bielsak, Gernikako clarisen laguntzarekin, bete-betean asmatu zuela. Segi dezala horrela¡¡¡

Besarkada bat.

Bigos

Bigos 2011-11-09 16:53 #5

Kaixo, bikotín: rutinak arrapatzen nauenean, banoa zuen blogera eta irudimenarekin bidaia txiki bat egiten dut. Benetan gozada dela zuen bidaia jarraitzea, irudimenarekin bidaiatzea ere balio duelako. Ez kezkatu "que si se acaba el viaje"  eta holakoetaz, aprobetxu geratzen zaizuena -ondiño badituzue egunak- eta segi Mendozako ardoaz gozatzen.

Ritxi: berri on ona: Urdaibaiko gida publikatzera doaz. Ziur asko hilabete honetan imprentan sartuko da. Txeperekin hitz egin dut eta martxan gaude zuzenketak eta azken tokeak emateko. Hala ere, horretarako zure zain gaude.

Beste berri on ona Txepek eman dizu, baina globalizazioari ezker ikusten dut partida ikusi zenutela. ¿Qué te voy a contar? Amets eder modukoa izan zen ( eta ez dut esajeratzen). San Mamesetik ateratzean pentsatzen nuen -nahiz eta azken jarro de agua fria-: joder, ze polita den futbola!!!!!

Laster arte

Ritxi

Ritxi 2011-11-09 19:25 #6

Arratsalde on, Bigos:

Gaur lasai-lasai gauge Mendozan, denbora egiten Buenos Airesera eramango gaituen autobusa hartzeko. Hiriak dituen "terraza" ugarietako batean, garagardoa hartzen, bertako egunkari bat irakurri dugu. Kirolen sailean Argentinak asteburuan izango duen partidaz orrialde osoko artikulu bat agertzen zen. Atzerrian jokatzen ari diren jokalari guztien etorrera zehaztean, Messik aipamen berezia zeukan eta, beste gauza batzuen artean hauxe zekarren: "viene de marcar el gol del empate en  el memorable partido contra el Athletic".

Ibilbideen liburuarena Txeperi esker jakin dut, eta esan diot nirekin kontatzeko egin beharreko guztirako. Gu, gauzak normal badoaz, azaroaren 17an iritsiko gara Urdulizera, eta hortik aurrera hitz egingo dugu eta ikusiko dugu zer egin behar den.

Zuk segi horrelako berri onak ematen.

Besarkada bat

Pila

Pila 2011-11-10 18:33 #7

17an, dagoeneko bueltatuko zaretela? Biigosek diñoen lez gure bidaia virtuala ere amaituko da, ni ere horrela sentitu naiz ta. Atzo ez nuen lentoirik aurkitu baina bapo hornitu nintzen arrainez Askaoko arrandegian; baina asteburu horretan 20N tokatzen zait Ondarroan ta ezingo da izan.
Muxu bana

Ritxi

Ritxi 2011-11-11 14:53 #8

Egun on, Pilare:

Topatuko dugu lentoia jateko, bidaiaz hitz egiteko... tartea. Gaur Nekane (nire izeko) bisitatzera joango gara. Buenos Aires handiko auzo batean bizi da, eta hortxe pasatuko dugu asteburua. Astelehenean berriro bueltatuko gara hiriburura azken bi egunak hemengo kaleetatik pasatzeko. Badirudi, Txileko sumendiak askatutako errautsek  kontrakoa esaten ez badute asteazkenean hegazkina dugula, eta bidaia amaitzen dela.

Laster arte.

Musutxuak

txepe

txepe 2011-11-16 16:20 #9

Bukatu zaizue (zaigu) zuen bidai zoragarria. Orain epilogoa dastatu behar dugu hemen. Mitoak komentatu duzue eta nik daukat bat argentinan: Maradona. Bera Lanús-ekoa da eta antza denez Villa Fioriton jaio zen Buenos Aireseko lekurik miserableena. Google earth-en ikusi dut eta txabolaz beteta dago oraindik. Hor, gauzak ez direla aldatu ematen du. Bere jatorrizko etxea eta jokatzen zuen zelaia oraindik antza duela 40 urte bezala dago.

Hori bai bisitatzeko agian arriskutsua izan daiteke.

Horrengo bidaian agian.

Ondo izan eta itzultzeko bidaia ona izan dezazuela.

Txepe

Utzi iruzkina: