Buenos Aires: azken etapa

No profile photo Erretiratuaren bitakora | 2011-11-12 15:52
4

Azaroaren 9an, arratsaldeko 17:15ean, hartzen dugu autobusa bidaiaren azken etapa egiteko: 1.099 km eta 14 ordu  Buenos Airesera iristeko.

Falta zaizkigun egun hauetan Argentinako hiriburuan eta gertuko Florencio Varelan (nire izekoren herrian) pasatu nahi ditugu.

"La casa rosada"

"La Casa Rosada"

Azken etapan egoteak eta Florencio Varelan izandako elkarrizketa luze eta lasaiek Argentinari berari buruzko aipamen batzuk eta, agian, iritzi ausartegi batzuk ematera gonbidatu gaituzte.

Argentinak 2.784.000 km2 ditu, munduko zortzigarren herririk handiena da eta 40,1 milioi biztanle daude. Horietatik 3 milioi Buenos Airesen bizi dira, eta Buenos Aires handian 13 milioi. Hiriburuaren hipertrofia hori oso ohikoa da Latinoamerikan, eta desoreka askoren iturria izan ohi da.

Gu hiru aldiz etorri gara Argentinara. Lehenengoan, 1998.urtean, herria oso garesti topatu genuen, soldatak gurean baino nabarmen eskasagoak ziren eta biztanleak erabat zorpetuta zueden. Bistan zegoen egoerak ezin zuela iraun, eta hori argentinarrek ere nabaritzen zuten.

Bigarrenean, argi ikusten zen corralitoren sindromea gauza guztien gainetik nabermentzen zela. Errealitate gordinari aurre egiteko zailtasunak, etorkizunarekiko itxaropen falta garbia eta herria porroterako bidean ipini zuten  handikeria eta, bereziki, ustelkeria ezin hedatuagoaren aurrean erabateko ezintasuna.

Hirugarrenean, hasiera-hasieratik oso zentzazio ezberdinak izan ditugu: toki  gehienetan, gure harridurarako, turistak, batez ere, argentinarrak izan dira, jatetxeak, tabernak, ibilbideak...bertakoek beteta topatu ditugu...Erruletaren kontsumoa gori-gorian aurkitu dugu.

BUENOS AIRES 305

Argentinarrak eta gu, txango batean

Ikusi duguna ulertzea benetan zaila egin zaigu, eta horregatik, aukera izan dugun guztietan asko hitz egin dugu (hori ez da zaila argentinarrekin) topatu ditugun guztiekin.

Hasteko, herrialde honetan, tradizioz, oinarrizko zerbitzu batzuk doainikoak dira: hezkuntza publikoa  toki guztietara iristen da (herririk ezkutuenetara ere bai), eta "bata zuridun" ikasleek 3 urtetik unibertsitatea amaitu arteko ikasketak ezer ordaindu barik egin ditzakete (agian, horregatik daude, batez ere Buenos Airesen, irakurle asko liburudenda ugari eta deigarrietan).

Eskola publikoko "bata zuridunak"

Eskola publikoko "bata zuridunak"

Osasun sistema ere doainikoa da, guk La Riojan ikusi ahal izan genuen bezala. Zerbitzu publiko horiek, zalantza barik, eredutzat izan duten Europara hurbiltzen dute, Latinoamerikan, oro har, ez baita horrelakorik gertatzen.

Gainera, azken gobernuek, Kirchner senar-emazteenak hain zuzen, FMIren planteamendu murritzaileen kontra giza laguntzen bidea sakondu  eta hedatu dute: ume bakoitzeko hileroko laguntzak, ezinduentzako laguntzak, etxeko andre guztientzat erretiro minimoa, giza etxebizitzak... Horrekin batera, inbertsio publikoak nabarmen handitu dituzte: WiFia toki publiko gehienetan ipini dute, lehen eta bigarren hezkuntzan ikasleei ordenagailu bana (eskola 2.0) eman diete, ikusi ditugun errepide guztiak konpontzen ari dira...

Eskola publikoa auzorik galduenetan ere

Eskola publikoa inguru galduenetan ere bai

Antza, horrek guztiak eragina izan du ekonomian eta, bereziki, biztanleen "zentzazio" ekonomikoan. Gainera, esportazioen martxa onak egoera modu argian hobetu omen du. Horren ondorioz, argentinar askorengan oso errotuta egon diren ohiturak berriro hedatu dira, eta berriro hasi dira jatetxeak eta tabernak betetzen, oporretan turismoa egiten...

Hala ere, "espejismo" baten aurrean egon gaitezke ez baditugu zenbait aspektu argitzen: soldatak ezin direla konparatu guk ditugunekin, eta, erretiroak, antza, gutxiago. Adibidez, irakasleek duten soldataren zati bat "beltzean" ematen diete, eta horregatik erretiroak nekez erretiratzen ditu. Bestalde, osasun sistema publikoa doinikoa da, baina medizinak ordaindu behar dira; profesional onak omen ditu, baina instalazioak, garbitasuna eta bitartekoak hain dira eskasak, ezen ahal dutenek (batzuek zailtasun handiz) aseguru pribatura jotzen duten.

Florencio Varelan

Florencio Varelako solasaldiak

Izandako elkarrizketetan ingurumenari loturiko gai batzuk ere agertu dira. Gutxi gorabehera 48 milioi behi dituen herri honek aspalditik ezagutu ditu monokultibo erraldoiak. Azkenaldian, ohikoei berri bat gehitu zaio: sojarena hain zuzen. Esportaziora erabat bideratuta (egun, esportazio guztien %22 suposatzen du), lur askoren (18 milioi ha) eta uraren irensle ase ezina eta Monsanto multinazionalaren hazi transegenikoetan oinarrituta, nekazaritza intensiboaren egungo ikur hori ezin da urrunago egon zenbait tokitan ikusi dugun kezka eta ekoizpen ekologikotik.

Antzera gertatzen ari da, nagusiki atzerritarren eskuetan dauden energia iturriekin (petrolioa, gasa) eta meatzaritzarekin: giza eta ingurumen kontrol urriak ekoizpen eta irabazi opariak lortzeko.

Meategien kontrako protestak

Zenbait meategiren kontrako protestak

Buenos Aireseko kaleetatik ibiltzean, ezin dugu aipatu gabe utzi beste aspektu deigarri bat. Itxuraz, argentinarrak (behintzat "porteñoak") mitozaleak, ikonozaleak  dira, eta mito guztien artean "trinitate" bat nabarmentzen da. Hirukote horretako bakoitzak gainera, argentinarrek pasioz eta griñaz bizi duten alorrak ordezkaten dituzte: Maradona  futbolean, Evita politikan eta Gardel tangoan (artean).

Maradona, Evita eta Gardel, Boca auzoan

Maradona, Evita eta Gardel, Boca auzoan

Egia esan, bidaia luze honetan ederto ibili eta sentitu gara. Aurreiritzi askoren kontra, argentinarrek primeran tratatu gaituzte eta, gainera, herrialdearen azpiegiturei esker erosoa da guri gustatzen zaigun turismoa egitea.Agian horregatik, azkenean, hausnarketa bat gailendu da gure artean: herri honetan badaukagu oraindik zer ikusi, zer ikasi, zertaz gozatu; baditugu arrazoiak (Varelan ere) berriro itzultzeko. Itxaropen horrekin bueltatzen gara.

Florencio Varelan

Florencio Varelan Dominique eta Nekanerekin

Argentinan distantziak handiak dira, eta gu, orain errepasoa egiterakoan,  pentsatutakoa baino askoz kilometro gehiago egin ditugula konturatu gara. Hona hemen daturik deigarrienak: autobusez 9.391 km, trenez 1.184 km eta hegazkinez 1.300 km.

Pila

Pila 2011-11-15 02:03 #1

Horra bueltatzen zaretenean, zeuekin gustatuko litzaidake, horren gida ezin hobeekin.

Ritxi

Ritxi 2011-11-15 02:34 #2

Gau on, Pilare:

Hurrengo bidaia, beraz, elkarrekin egin behar dugu. Ea egia den.

Musutxuak

Bigos

Bigos 2011-11-15 17:10 #3

Eeeeeeh: neu ere apuntatzen naizela.

Ongi etorri berriro, bikote!!!!

Ritxi

Ritxi 2011-11-15 21:42 #4

Arratsalde on, Bigos:

Primeran. Baina, agian, erretiratuen bidaia egin behar dugu aurretik.
Egun hauetan zuek ondo ezagutzen duzuen hotelean gaude (egia esan, oso ondo dago): San Telmoko "Bohemian".

Laster arte.

Besarkada bat.

Utzi iruzkina: