Seneka

urruzuno06 1456153496706 Urruzuno-06 | 2006-09-29 21:59
2

(...) Seneka Etikaz aritu zen batik bat, guztioi berehala dagokigun bizitza zoriontsuaz. Jakintsua, hain zuzen ere, zoriontsu bizitzen dakiena da, ez eruditu antzua, eta jakinduria teknika baten ondorio den izaera bati dago lotua. Jakintsua, denborarenganako bere arretaren ondorioz, bizi egiten da, ez soilik iraun.

Jakintsuaren ikuspuntua, aldiz, heriotzaren orenean kokatzen da beti. Irudika ezazu berehala hil behar duzula, eta begira atzera. Zertan eman duzu bizitza? Zer erantzun eman nahiko zenioke itaun honi? Bada, bizi zaitez horren arabera.

Ez gara hilezkorrak: ez diozu oraingo une honi ihes egiten utzi behar, gelditzen zaizun bizialdia mugatua da, sakon eta zabal behar dituzu une guztiak bizi. Ondorioz, geroarenganako izua berez desagertuko da, eta heriotzaren orduan, atzera begira, benetan bizi izan zarela esan ahalko diozu zure buruari. (...)

Gaur, filosofiako klasean (antzeman daitekeenez), Seneka-ren inguruan mintzatu zaigu Markos Zapiain (irakasle, idazle, kritikalari eta filosofo izateaz gain, Kalaka programako audientzia igoarazi du, batik bat Athletic-en sufrimendua, berez, homosexualtasun erreprimitutik datorrela dioen teoriaren bitartez). Nire gelakideak asperraldiari gatibatuta, Aliziaren mundu harrigarrira joan badira ere, niri erabat harrapatu naute Markosen berbek. Ezin izan dut ekiditu, nire bizitzan, benetan maite edo gura dudana lortu ote dudan, ahal izan ditudan une guztiei zukua atera ote diedan eta benetan zoriontsu naizen bezalako galderak. Eta, aitortu behar dut, momentu hartan, galdera haien erantzun ezinbestekoez konturatzean, poltsikoan gorde ezean aireari eroaten utzi izan dizkiodan une galdu guztiez damu izan naizela.

Bestalde, gerotxoago, Markosek beste galdera erretorikoegi bat bota du airera: Heriotzaren orduan bazeundete, zein oroitzapen etorriko litzaizueke burura? Eta, une hartan, gura barik, pentsatu barik, eta derrepentean, Itsaso Baltikoan ikurrinarekin eta euskal abestiekin batera bainatu zinetenetako gogorapena etorri zait burura. Ondoren, tximeletak bailiran, zuekin igarotako une ahaztezinen gogorapenak hasi dira hegan egiten, gela osoa koloreztatu dutelarik.

Orain hilko banintz, atzera begiratu, eta gogoan (zein poltsikoan) izango nituen oroitzapen asko, zuek oparitutakoak dira. Eskerrik asko, benetako zoriontasunaren usain eta zaporeak sentiarazteagatik.

Jon

Jon 2006-10-06 07:13 #1

Bua, latza Alaine. Carpe diem, carpe diem! Bizitza esprimitu egin behar da: maitasuna, sexua, literatura, familia edo dena delakoa, lagunak, parrandak, ikasketak, siestak ere bai... Dena atopera egitea, hori da nik bilatzen dudana.

Nire limitea zein den deskubritu eta limitean bizi nahi dut

Gero arte jende!

Jon

Jon 2006-10-06 07:16 #2

Porcierto, Mikel Zapiain irakasle eta horri ikastola deitzein diote?

Hori eroetxea da, eroetxea...

Utzi iruzkina: