Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (9)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-04-10 19:02

IX- Bizkondearen eta hortzordeen arteko elkarrizketa

—Bizkonde jauna: egia da ipurdiei buruz berorrek dioena?

—Hara: bi seme bihurri horiek ez dira nire imitatzaile apalak baino. Sekula ez dira nire lorpenetara helduko, ezta hurbilduko ere.

Bizkonde pipiatua, besaulkian apur bat tenteturik, harrotuta begiratu zien kondesaren hortzordeei.

—Jakizue, hagin maltzur maiteok, erreginaren beraren ipurmasailei behin baino gehiagotan egin diedala muin. Eta sinets iezadazue: ez dut egundo horrelako lurrin gozorik usaindu.

—Eta, barka beza berorrek nire atrebentzia, zein dira ipurdirik gozoenak? Areto honetan horiexek hozkatu nahi nituzke.

Bazirudien hortzordeak, kondesaren ahotik hainbat orduz ihesean ibilita, bizitza propioa eraikitzen ari zirela eta ez zietela gehiago jabearen aginduei jaramonik egiten, kondesak mutil lerdenen ipurdi sendoak maite baitzituen. Bistan zen: hortzordeek bestelakoak ere probatu nahi zituzten. Horra hor bizkondearen iritzia jakiteko grinaren arrazoia. Eta asko zekien, aladeabrua!: ipurdien gaineko tratatu bat idatzia zuen, nahiz eta logelako tiradera batean gordeta izan, eskandalagarriegia baitzen argitara emateko.

Bizkondea, buruaren keinu arin batez, bigarren ilaran jesarrita zeuden bi atso seinalatu zituen.

—Bada, ni zuen lekuan banengo, eta eskandalua eragin nahi izango banu, horko bi horien ipurdiei egingo nieke ausiki.

—Neskazahar horiei? Baina zer dio berorrek? Elefante zaharren ipurdien moldea dute eta!

Bizkondea, atzazalak besaulkian tinkaturik, urguiluz mintzatu zen:

—Lagunok, zinez diotsuet: areto honetan bildutakoen arreta erakarri nahi baduzue, egin kosk ipurditzar horiei. Krakatoa sumendiak kalapita txikiagoa eragin zuen, bi mutxurdin horiek eragingo dutenaren aldean.

Hantxe zeuden atsoak, ipurdiei aulki banatan ostatu emanda. Bata, Kondebasoko alaba bakarra; bestea, Akerlandako laugarren alaba, misioetan ibilia baina aspaldi erretiratua. Mundu guztiari esaten zion moja izateari utzia ziola, baina mundu guztiak zekien inoiz baino mojagoa zela. Batak zein besteak ez zuten dantzaldirako esperantzarik: haien asmo bakarra disimuluz ikusmiran egotea zen. Arrosarioa errezatzen ari zirela zirudien, bien artean beti ere marmarka. Haien bibote luzeak bai, haiek dantzan zebiltzan, halako moduan non, soineko ilun haietan ezkutaturik, sagu konkortuen tankera zuten.

Hortzordeak, haiei begira, berriro makurtu ziren bizkondearen belarri parera.

—Horixe nahi nuke preseski: ahalik eta drogarik handiena ateratzea. Baina, arren, esan diezadala berorrek zer bertute ikusten dien ipurdi motroilo horiei, nik haietan espantua besterik ez baitut atzematen.

—Entzun ondo, lagunok: bi atso horiek ipurdietan ferekarik ñimiñoena igarri eta behingoan, garrasika hasiko dira, eta Afrika osoko tximino guztiek batera baino zalaparta handiagoa eragingo dute. Alde batetik, ezusteagatik. Ametsik zoragarrienean ere ez lukete asmatuko halako gordinkeriarik, hain ezdeusturik dituzte gizonekiko grinak oro. Atera kontuak: Edertasunaren grazia ez zen haietaz ezta ume-denboran ere oroitu; Ezaintasunaren dizipulu txit aurreratuak izan dira betidanik. Hara: gizonek gazte-gaztetatik uko egiten izan diete haien begiradei, badakite-eta begirada soil batek hil arteko ezkontzara kondena ditzakeela, haientzat arrazoi nahikoa izango litzatekeelako ezkontza-proposamentzat jotzeko. Ulertuko duzuenez, basiliskoaren soak maitasunezkoa lirudike bi sugegorri horien begirada pozoituaren aldean.

—Hori alde batetik; eta bestetik?

Hortzordeek bizkondearen diskurtsoa arindu nahi zuten, ikusten baitzuten, halako erretolika luzearen kariaz, inoiz baino pipiatuago zegoela eta une batetik bestera airean desegin litekeela, haize bolada batez.

—Ipurdi-haztatze horrek bigarren erreakzio bat eragingo luke: ipurdien birjintasuna galtzeak, ekintza miragarri horrek, bide emango die bortxaketa-saiakeratzat jotzeko. Gizonezkoen lizunkeriekin ohituta dauden emakumeek ez liokete ipurdi-ukitu sotil bati garrantzirik emango, ohiturik baitaude. Baina bi momorro horiek, zeinek erlikia saindutzat dituzten beren atarri totoloak, ederto baliatuko lukete aukera, aretoko (eta, aterako luketen espantu oihuengatik, erresuma osoko) kristau guztiek jakin zezaten ukituak izan direla, edo, beste modu baten esanda, desiragarriak direla. Zenbat eta ozenago oihu egin, orduan eta desiratuago agertuko dira beste emakumeen aurrean. Haserre antzean altxatuko dira antzezle iruzurti halakoak, jasandako ofentsa guztien begi-bistan gera dadin, eta burua moztutako oiloen moduan alde egingo dute aretotik, desondraren zipriztinak bazter orotara jaurtiz.

Kalaka luzearen kariaz, bizkondea zutunduz joan zen, tentsio erretorikoz puzturik, baina azken berbarekin batera tentsio hura guztia deuseztatu egin zen: besaulkian etzanda geratu zen, errenditurik. Inoiz baino fosilago zirudien.


Utzi iruzkina: