Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (14)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-04-15 17:36

XIV- Erasoa

Hura zen abagune aproposa, urteetan amestutako deretxa. Erasora jotzea ebatzi zuen kondesak:  dantzan hasi bezain bizkor, bular gurien kontra estutu zuen kondea. Biguntasun haiek kondearen zurruntasuna eragin zuten.

—Jauna, sekula ez naiz hain zoriontsu sentitu.

Ez zuen erantzunik jaso. Kondearen begiradak handik urrun zirudien, hiriko teilatu ilunetatik gorago…

—Eta are zoriontsuagoa izango nintzateke zure jauregira gonbidatuko baninduzu. Entzun dut oraindik ezkongabea zarela. Harrigarria da, benetan, hain gizon galanta izanda…

Orduan, Bakedanoko kondearen begiradak sorgorturik utzi zuen: hain sakona zen, hain gartsua… Kondesak maitasuna ikusi zuen bris-bris zegiten begi haietan. Baina bazuten zerbait arraroa, mundu honetakoa ez zirudiena. Begirada hura zurrunbiloa zen, amildegia. Zorabiaturik sentitu zen. Sorgindurik.

—Jauna, ez naiz ondo sentitzen. Lorategira aterako gara?

Han burutuko zuen plana; han pasatuko ziren hitzetatik ekintzetara.

Gaua epela zen. Izarrak, handik goitik, areto barruko orkestraren airera ari ziren dantzan, eta haiek ere zorabiaturik ziruditen, konstelazio guztiak elkarren artean nahasita baleude bezala.

Tamarindo baten azpian jesarri ziren.

—Jauna, hain zoriontsu egiten nauzu…

Eta zoriontasun hura zigilatzeko, ezpainak eskaini zizkion.

Orduan, kondeak egarriz blaituriko begirada harekin erantzun zion, eta, segidan, ahoa zabaldu zuen.

Momentu hartan, Xaburuko kondesak leherketa moduko bat sentitu zuen, baina ez zuen jakin asmatzen nondik zetorren, aretotik ala bere barnetik. Ez zekien eztanda haren eragilea nor zen, Luiggi Portamento ala Bakedanoko kondea. Kontua da sekula sentitu gabeko zauskada izan zuela: pentsatu zuen bainuontzi batean zegoela eta norbaitek tapoia kentzen zuela eta ur guztia bazihoala (bazihoala, bazihoala…) eta ur harekin batera bera ere bazihoala (bazihoala, bazihoala…).

Egon balitz margolari klasikoren bat, eszena hunkigarri hura artelan batean betikotzeko! Kondesa korde barik zegoen, lurrean etzanda. Haren bisaia elurrezkoak eta begi itxiek  hil-hotz zegoela pentsarazi arren, inoiz baino ederragoa zirudien. Ipuinetako maitagarri lokartuen jasa zuen, ezpainak margul, aurpegia ilargi.

Eta ezpain erdi irekietatik, hortzordeek Bakedanoko kondea ikusi zuten, haren suzko begirada, haren letagin gorrituak. Gauaren ilunean galdu ziren letagin haiekin joateko irrika sentitu zuten, baina ez zuten indarrik: kondesa bezain ahul sentitzen ziren aho barruan, kondesa bezain lokarturik…


Utzi iruzkina: