Patxikontra

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-06-04 13:40

Patxikontra deitzen diote: oroz gain, aurka egitea gustatzen zaio. Guztiei kontra egitearren, prest legoke esateko Lurra koadratua dela. Jakina, negazionista porrokatua da: ez dago txertorik haren kontrakotasun sistematikoa osatuko duenik.

Aurreko domekan bere negazionismoa muturrera eraman zuen. Herriko futbol-taldearekin ligako azken partida jokatzen zebilela, arbitroak penaltia pitatu zuen haien alde. Denbora agortuta zegoen, eta, gola sartuz gero, txapelketa irabaziko zuten.

Entrenatzaileak Patxikontrari esan zion penaltia jaurtitzeko. Denek esan zioten ezkerrera botatzeko; horixe zioen estatistikak ere: atezain haren ahulezia ezkerraldea zen.

Horregatik erabaki zuen eskumaldera jaurtitzea: oroz gain negazionista zelako.

Baloia penalti puntuan jarri, atzera egin eta jaurtitzeko prestatu zen. Arbitroaren txistua entzun zuenean, eskumaldera botatzeko erabaki irmoaz abiatu zen. Baina, justu baloia kolpatu baino lehen, bere negazionismoari uko eginez, ezkerrera bota eta gola sartu zuen. 

Denak gainera etorri zitzaizkion besarkatzera, eta, klimax horretan, pentsatu zuen sekula ez zuela jakingo zergatik sartu zuen gola, negazionista zelako ala negazionismoaren negazionista.

                         Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: