Nadia Rossi

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-12-07 00:18

Nadia Rossi belusezko besaulkian dago, aldizkaria eskuen artean. Letrei barik, argazkiei begiratzen die. Azkar pasatzen ditu orriak, urduri edo. Hankak mahai gainean jarri ditu. Nahi gabe, edalontzia jo du oinaz, eta garagardoa mahaira jausi da. Birao egin du. Altxatu eta zapi baten bila joan da sukaldera. Leihotik begiratu du. Kanpoan, itsasoa bare dago. Belaontzi bat ikusi du kaira iristen. Hasperen egin eta egongelara bueltatu da. Garagardo isuria batu eta mahai gaineko platertxo huts batean utzi du zapia. Berriro jesarri orduko, telebista piztu du.

Irudia biolentzia handikoa da: gizona haserre dago, senetik aterata. Emazteari oihuka ari zaio. Alkandora txarto lisatuta dagoela diotso, ez duela ezertarako ere balio. Emaztea izuturik dago, eta barkatzeko erregutu dio. Behin eta berriro errepikatu dio: barkatu, barkatu, barkatu… Negar-zotinek areago amorrarazi dute gizona. Emaztea hormaren kontra eraman du, eta bi eskuak saman ezarri dizkio. Puta zikina, neuk erakutsiko dinat, esan dio.

Hansek txirrina jo du. Botila bat ardo du eskuan. Atea ireki da. Kaixo, moñoña, esan dio Nadiari. Ipurdia ferekatu dio, atea itxi orduko. Nadia kopen bila joan da. Bitartean, Hansek botila ireki du. Besaulkian eserita, topa egin dute. Musuka hasi dira. Hansen eskua Nadiaren gonaren azpian desagertu da. Astiro, bihotza, esan dio neskak. Ez daukat egun osoa, erantzun gizonak. Soinekoko botoiak askatu dizkio. Ezpainak titiburura eraman ditu. Miazkatzen hasi da. Nadia besaulkian etzan da, begiak itxita. Ez diote telebistari jaramonik egin.

Puta bat besterik ez haiz, oihukatu dio. Emaztea dardarka dago, ez dio ezer erantzun. Ikusi dinat nola begiratzen dinan auzokoak. Zer uste dun, ergela naizela? Ez naun engainatuko, fardel horrek! Akabatu egingo haut berarekin tontakerietan harrapatzen bahaut! Emaztea beldurtuegi dago ezer esateko. Malkoak ditu begietan. Nik esaten dudana egingo dun hemendik aurrera, ulertzen? Ulertzen? Emaztea negarrez dago, eta horrek gizona sutan jarri du. Zaplaztekoa eman dio.  

Zergatik ez nauzu belaontzian eramaten? Imajinatzen duzu gu biok bakarrik, itsasoan? Nadiak begiak itxita hitz egin dio. Hansek jaramonik ez. Zergatik ibili behar dugu beti ezkutuan? Ez al nauzu maite? Galdera horiek ere erantzun gabe geratu dira. Hansek kuleroak kendu dizkio. Usaindu egin ditu, mahai gainera bota orduko. Hementxe daukat belaontziko masta nagusia, moñoña, esan dio, praketako botoiak askatzen hasita. Bortxaz sartu dio. Orain biek dute begiak itxita. Hans orroka ari da, Nadia isilik dago. Hansen orroak eta telebistatik datozen garrasiak, besterik ez da entzuten gelan.

Ez naun hire maina horiekin engainatuko, mamala horrek! Bazekinat nik nola konpondu hau, bai horixe! Jarri hadi oraintxe bertan belauniko! Ileetatik oratu eta belaunikarazi egin du emakumea. Ondoren, bragetako botoiak askatu eta zakila atera du. Emaztearen ahoan sartu du. Xurgatu, alua!, oihukatu dio. Xurgatzen ere ez dakin ala? Zartakoa eman dio buruan. Emaztea ito beharrean dago, baina gizonak ez dio atzera egiten uzten, buruari tinko eusten dio, eta gerri kolpe latzak egiten ditu.

Maite zaitut, bihotza. Nadia erantzunaren zain geratu da, baina Hans altxatu eta komunera joan da. Noiz esango diozu emazteari gure artekoa? Noiz hasiko gara elkarrekin bizitzen? Hansek komunetik erantzun dio. Badakizu horrek dena hondatuko lukeela. Gauzak ondo daude orain arte bezala. Nadiak kuleroak mahai gainetik hartu eta jantzi egin ditu. Soinekoko botoiak lotu ditu gero. Ez zara ausartzen emaztearekin hitz egiten, ezta? Nahi baduzu, neuk deituko diot. Hans komunetik bueltan da. Ezta pentsatu ere! Hori egiten baduzu, zureak egin du! Nadiarengana joan da, eta besarkatu egin du. Ondoren, billete bat sartu dio eskotean. Tori, laztana. Eros ezazu gustuko traputxoren bat. Musua eman dio bekokian. Orain, alde egin behar dut. Datorren astean etorriko naiz. Nadiaren begietan malkoak ageri dira. Leihora hurbildu da. Bertan egon da Hans ikusi arte, belaontzira igotzen. Madarikatua, esan du ahapeka. Gero, telebista amatatu eta komunera joan da, dutxatzera.

Emakumea lurrean dago. Ez da mugitzen. Begiak itxita ditu. Gizonak mugikorra du eskuan. Istripua gertatu da, bai. Datorrela arin anbulantzia bat. Helbidea errepikatu du bizpahiru aldiz. Gero, mugikorra poltsikoan sartu eta besaulkian jesarri da. Madarikatua!, esan du. Madarikatua!, errepikatu du. Telebistari begira geratu da. Emakumea ikusi du dutxatik irteten, txabusina janzten. Zoruan dagoen soinekotik billete bat hartu du. Negarrez hasi da. Orduan, ados egon balira bezala, madarikatua! esan dute biek, gizonak eta telebistako emakumeak. Kanpoan sirena hotsa entzun du gizonak. Altxatu eta telebista itzali du.
 
 
 
Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: