lohitura

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-14 23:56

 

Euskarazko eufemismoen artean, hauxe da barregarrienetako bat: lotsariak (partes pudendas, partes vergonzosas). Sexua kontu lotsagarria balitz bezala, aizue! Batek baino gehiagok edukiko du zertan lotsatu, bakoitzak daki zer egiten duen bere anaia edo ahizpa txikiarekin...

 

Guk, behintzat, gaurko ezberba ez dugu lotzen sexuarekin. Ez derrigor. Bakoitzak jakingo du zer ohitura dituen eta nola kalifikatzen dituen ohitura horiek. Bakoitzak esan dezala horietako zein diren ohitura lohiak, hots, lohiturak.  Ohitura lohiak, gure ustez, zerikusia du zer ikuziarekin, ez sexuarekin. Eta mundu honetan makina bat lohitura ikusten dugu hortikoz-hemendikoz, askotan gorbatadun jende lurrinduarekin lotua. Adibide argi bat? Berlusconi. Bai, ezta?

 

Baina XXI. mende honetan ere, oraindik batzuk horretan tematzen dira, eta sexuaren lohikeriaz abertitzen gaituzte. Badirudi ez dugula asko aurreratu: Chourioren mehatxu hura (“Lohiak eta desonestak pulunpatuko dire bikhezko eta sufrezko tulunbio irakituetan”) bizirik dago antza. Baina berdin digu. Gehiago esango dugu: Maisterrek egin zuen abertimendu hark (“Lüxuriusak, eta plazeren maithazaliak phike hurtüz, eta sofre ürrintzüz flambatü izanen dira”) bero-bero jartzen gaitu. Aukeran, nahiago dugu bekatuan garreztatu eta lohituretan aritu. Jaungoikoak juzka gaitzala desonestubak, loijak ta atsitubak garialako, Fray Bartolomek esango lukeen bezala. Lohia eta atsegina den tokian laketgura gara! Zeuek ere bai?

 

LOHITURA: ohitura lohia, zantarra. Haragiaren plazerarekin lotzen da normalean.


Utzi iruzkina: