Kate Reilly

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-10-19 10:56

Kate Reilly bakarrik joan ohi zen errekara. Biluzik bainatzea gustatzen zitzaion, ur-jauziaren azpian jartzea. Bere hamasei urteen lurrina inguru guztian hedatzen zen, soinekoa eranzten zuenean. Lurrin hark bazuen maitasunaren musika. Bai, maitasunak geldialdia egin zuen Kateren bihotzean. Lokomotora baten indarraz heldu zitzaion, uda hartan. Ezpainen gorritasunean nabari zitzaion, eta bularraldea puzteko maiztasunean.

Goiz hartan ere errekara joan zen. Sagarra janez joan zen, eta haginkada bakoitzean eguraldia bikainagoa zen: Eguzkiak gaztetuta zirudien zeruan. Izerditan heldu zen. Soinekoak lurra musukatu zuenean haize-ikara txiki bat sentitu zuen azalean, norbaitek hozkailu urrun bat ireki balu bezala.

Uretan sartu zenean ez zekien azkeneko bainua izango zela. Ez zekien ur haiek gorriz tindatuko zirela, edertasun basati hura erreka hartan itoko zela betiko.

Begi zelatari haietan zegoen heriotzaren hazia. Halako edertasuna, halako gaztetasuna jasanezinak ziren begi haientzat. Neskatxa uretan sartzen ikusi zuten, eta begien distira sukartsuan sastakaiaren zorrotza islatu zen. Bekaitzaren begiak ziren haiek, gorrotoaren begiak, edertasun hura sekula lortuko ez zuten begien begirada hiltzailea, udazkeneko arrastiriaren oskorriaren begirada alimale hura, errekarantz zihoala, errekan sartzen zela, sastakaia goratzen zuela, bere buruaren kontra, bere buruaren kontra, bere buruaren kontra...
 
 
 
Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: