hauteskunde-xanpain

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-05 13:22

Botoa eskatzeko kanpaina hastearekin batera zeremonia handiz zabaltzen den edari hordigarria da hauteskunde-xanpaina. Edabearen elaborazioan garrantzi handikoa da nahas-bilketa era egokian egitea, hots, giza soroetan landatutako nahas motak (nagusiki, erresignazioa, entretenimendua eta mediokritatea) ondo manipulatzea. Manipulazio horri esker, eta ostean etorriko den prentsaketa-prozesuaren bidez, prest izango dugu jendartea hauteskunde-xanpaina dastatzeko.

Likido horrek ezaugarri bereziak ditu: botila zabaltzen denetik hamabost eguneko epea dago edateko. Hori dela eta, xanpain horren ekoizleek doan banatzen dute droga gogor hori, mitin izeneko  iragarki arranditsuen bidez, kontsumitzaileen mendekotasuna lortu nahian. Handik aurrera, indar guztia galtzen du, eta etorkizun zoriontsu eta oparoaren lilura eragin diguten burbuilak galdu egiten dira.

HAUTESKUNDE-XANPAIN: politikariek hauteskundeak heltzean zerbitzatzen diguten edari toxikoa, zeinaren biharamunak lau urte irauten dituen.


Utzi iruzkina: