Hamabiak eta hogeian hilko zara

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2010-12-08 20:23

Horixe esan dizu telebistako esatariak: hamabiak eta hogeian hilko zarela. Pantailari begira geratu zara, imantaturik legez. Zerk bultzatu zaitu bertara deitzera baina? Lokartu ezinak? Ohetik altxatuta, hor aritu zara, telebistaren aurrean, botoitxoak saka eta saka. Hainbeste kate daude! Zeu ere, hortxe, telebistako kateetan harrapatuta, esatari hori ikusi duzun arte. Haren atzealdean, logotipo arraro bat: TT.  Zer arraio ote da? Norbaitek deitu duenean argitu da kontua: “Ongi etorri TeleTanatos telebistara. Nor zara?” Halakorik! TDT dontsu horretan, egunero kate berriren bat... TT hori akabukoa da horratik! Harriturik entzun duzu esatariaren erretolika. Deitzen duenaren heriotza-ordua asmatzen ei du morroiak! Eta egia balitz? Pentsatu barik, pantailan agertu den telefono-zenbakia markatzen hasi zara...

 

Zer ordutan hilko zaren esan dizunean, pantailaren goialdera begiratu duzu. Hantxe, bazter batean, katearen ikurra ikusi duzu: bi T, gurutzatuta, erlojuaren orratzen antzera. Orduan, bihotza samatrabatu egin zaizu: orratz haien arabera, hamabiak eta hemeretzi dira! Itolarriak eraginda egin diozu galdera, ea zein egunetan izango den hori, ea zein urtetan. Bizkor! Alferrik izan da, pantailako esataria desintegratzen hasi da eta. TDT madarikatua! Zoritxarreko sateliteak! Amorraturik begiratu diozu dantzan ari den irudiari, desegiten ari den puzzlea izango balitz bezala. Eta, orduan...

 

NO SIGNAL

 

 

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: