garoñio

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-01-05 20:37

Elementu kimiko berria asmatu dute: garoñioa. Oraindik ez diote zenbakia eman elementuen taula periodikoan, baina hara zer dioten zurrumurruek: 666 zenbakia emango omen diote.

Garoñioaren izena (bistan da) Garoñatik dator. Bertako zentral nuklearrean kausitu dute, eta hauxe da haren ezaugarri bitxiena: txiklea bezala luzatzen da.

Hasieran Garoñako langileek pentsatu zuten Viagraren ordezko gisa balia zitekeela, baina, proba batzuk eginda, konturatu ziren ez zuela balio hankarteko ertatza luzatzeko (Oharra: ertatza “erdiko hatza” izendatzeko asmatu dugun neologismoa da, nahiz eta askotan nahiko jausita egon, behatzei begira, endemas gehien behar dugunean!).

Esan dezagun behingoz: garoñioaren onurak ez dira fisikoak, ezpada ze profesionalak; hain zuzen ere, ezin aproposagoa da bizitza profesionala sine die luzatzeko. Nola uste duzue ba lortu duela zentral nuklear horrek hainbeste urtean bizirik irautea? Bertan modu sekretuan ekoizten den garoñioari esker! Momentuz 2019ra arte jarraituko du lanean, baina zuek lasai, epe hori bete baino lehen baietz iragarri beste hamar urteko luzapena! Eta dena garoñioari esker, aizue!

Jakin dugunez, dagoeneko probatuta dago garoñioaren estraktua, eta emaitzak harrigarriak izan dira. Zehazki, Gu Gira revival-kantaldiko partaideei dosi bana eman zieten, eta hara nola berpiztu diren! Axterix eta Obelix baino indartsuago daude eta! Bai, horixe ei da oldies horien arrakastaren sekretua: garoñio-pilulak.

Imajinatzen duzue nolako abantailak izango dituen elementu horrek? Zuek uste baino arinago ikusiko dugu botiketan (edo supermerkatuetan, batek daki) salgai. Eta propagandan: luza ezazu zure bizitza profesionala! Hel zaitez 67 urtera (eta are urrunago) pozik eta alai, lan egiteko aukera izateagatik! Segi kotizatzen heriotzak erretiratzen zaituen arte!

Krisi garai hauetan, benetan eskertzekoa izango litzateke garoñioaren kontsumoa enpresaburuen elkarteetan. Garoñako zentral nuklearra zabalik mantentzeko duten grina eta afan berbera ikusi nahiko genuke beste hainbat eta hainbat enpresatan! Zinez diogu: garoñioa izan daiteke langabeziaren antidotorik onena.

GAROÑIO: elementu kimiko berria; bizitza profesionala iraunarazteko gaitasuna du.


Utzi iruzkina: