folkulore

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-30 23:39

Zer da folkulorea? Fokuei begira eginiko folklorea, zeina egun bateko lorea izaten baita: fokuak amatatu, eta lorea ihartu!

Horixe da Eusko Jaurlaritzak abenduaren 3rako prestatu digun plastikozko lorea. Hainbat ekitaldi prestatu dizkigute, Euskararen Nazioarteko Eguna jai arranditsua izan dadin eta euskaldunok pozik egon gaitezen: argazki mosaiko bat egingo dute Donostian, eta musika taldeen arteko lehiaketa bat Bilbon. A zer betekada, aizue! Gure herrira normalizazioa ekarri omen duten horiek kontzientzia garbitu nahi dute egun batean su artifizialak eskainiz? Bada, jakin dezatela hori ez dela normalizazioa, anormaltasunaren egiaztatzea baino. Jaiegunetako su artifizialak ondo daude, baino askoz garrantzitsuagoa da norberaren etxeko beheko suari egunero-egunero jaten ematea. Urtearen 365 egunak dira garrantzitsuak euskaldunontzat. Beste batzuentzat ez, antza: lehendakaria bera atzenkaria da euskarazko eskoletara joaten; oposizioetan, euskarari garrantzia kendu diote; euskararen erabileraren alde egindako legeak bazterrean uzten dituzte, eta abar, eta abar.

Hori bai: gure lehendakariak, euskaraz jakin ez arren, oso izen baskoa du. Francisco Javier ez, bera Patxi da! Gora folklorea! Baskotasuna agertzeko ahalegin hori gorago, eta ipurdia ageriago... Ez zarete konturatu baskito eta neskita arropak janzteko zaletasun handiena erdaldun hutsek izaten dutela? Nork du euskaldun mozorrotzeko beharra? Bada, euskalduna ez denak.

 

FOLKULORE: foku-lore folklorikoa; benetakoa balitz bezala saldu nahi diguten plastikozko folk-lore faltsua.


Utzi iruzkina: