Zuri so, zure zain

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2008-04-10 10:21

Errealitateak masailekoa ematen dizunean esnatzen zara Morfeoren besoetatik.Berriz ere, ukazioa, ezina, samina. Betazalek behera egiten dute aurre egiteko kapaza ez zarela erakusteko. Aurpegia eman beharra eta ezina. Begizuloek salatzen zaituzte atzo ere maindireekin borrokan ibili zinela. Burkoaren kontsultak ez dizu antzinako erremediorik ekartzen. Iluna, egonezina, bakardadea, loaren sugeak noiz pozoinduko zain. Ez da ona baina ahanzturarako bide laburrena dirudizu. Etorriko dira garai hobeak esaten diozu buruari baina badakizu okerragoak ez etortzeko erregutu beharko zenuela.

Agian bilatuko duzu ordu luzez patxadan pausatzeko begiradaren bat. Agian aurkitua duzu jada. Ez duzu jakingo nor den begirada lotsati, sarkor, bakarti horren maizterra. Eguzkia itzalduko da bere begietan. Ez zaizu axola, izar iheskor baten hilezkortasunean sinisten baituzu. Agian berarekin ihesi beharko zenuke, haritz baten aterpera, ilargia isladatzen den hondartza batetara, bere begiek eramaten zaituzten edonora. Agian ez zenuke hori egin behar, baina beharra sentitzen duzu. Agian, aspaldi sentitu ez zenituen sentsazioak dituzu, itolarria eta eromena, larritasuna eta ziur zaudenaren lasaitasuna, tximeletak sabelean eta milaka burutazio bihotzean taupaka. Agian, begi horiek mantentzearren zugandik hurbil dena emango zenuke. Agian ez zenuke ilusio faltsurik egin behar. Agian bai. Agian bizkarra emango dizu. Baina zer? Carpe Diem. Bizi bizitza uzten dizuten bitartean.

Zast!

Berriz masailekoa. Hondoratu zaitu, hondoratu zara. Morfeoren morfina behar duzu lokartzeko baina beldurra ematen dizu amets egiteak. Agian, bere begiradaren sirena kantuekin egingo duzu topo berriz. Berriz, bere sarean. Gaur ez. Kalera atera zara bere begien atzetik, bere begiradaren bila, bere begirunea aurkitu asmoz.


Utzi iruzkina: