Kazetaritza gogoko duten ikasleen tailerra martxan da

kazetaritzatailerra 1456150378535 Kazetaritza tailerra Andoainen | 2010-03-11 13:05
1



Otsailean abiatu zen kazetaritza eta komunikazio tailerra, iazko ereduari jarraituz. Talde honetara gerturatzen ari den ikasle kopurua handitzen ari da, piskanaka. Hona, Jon Ander Ubeda kazetariaren aholkularitzapean, Andaingo ikasle gazteek Manu Etxezortu Euskadi irratiko kazetariari eginiko elkarrizketa. Ikasleek egingo duten elkarrizketa saioen artean lehena izan zen honakoa:

Gaztetatik kazetaritzan murgilduko zinela uste al zenuen?
M.E:
Nire kasuan bokazionala izan da lanbidea  aukeratzea. Betidanik nahi izan dut kazetari izan. Betidanik, irrati entzulea izan naiz, uste dut horixe izan dela kazetaritzara gerturatu nauena. Txikitatik irratia izaten genuen egun guztian piztuta sukaldean, telebista egongelan baikenuen. Era guztietako saioak entzuten nituen, kirolak, magazineak, albisteak...Oso harrigarria iruditzen zitzaidan tramankulu hark hotsak eta ahotsak  eskaintzea. Garbi nuen, haietako bat izan nahi nuela.

Garai hartan zeintzuk izan ziren erreferentzia irratigintzan?
M.E:
80ko hamarkadaren hasieran, arratsaldez, euskarazko saioak ematen hasi ziren Herri Irratian, eta hantxe zaletu nintzen. Izen propioak ematekotan, garai  hartan lanean ari ziren Txaro Arteaga, Maialen Iriarte, Xabier Montoia,... Gerora, Euskadi Irratia martxan jarri zenetik, 82ko udazkenetik, saio guztiak entzuten nituen. Martin Tejeria, Kostaldeko Trena saioa egiten duena adibidez. 80ko hamarkada amaiera aldera beste belaunaldi bat hasi zen lanean, Jaime Otamendi,Arantxa Iturbe...gerora beraiekin lan egiteko aukera izan nuen.

Hasierako irratsaioetan, lotsatu izan al zara inoiz mikroaren aurrean? Nola bizitu zenuen momentu hori?
M.E:
Ikasi arte kosta egiten da. Oroitzapen bitxia, nire ahotsa lehen aldiz entzun nuenekoa. Irudiarekin gauza berbera gertatzen da, ez baitzaude zure ahotsa entzutera edota zure irudia ikustera ohituta.

Unean uneko informazioa kontatzean, ezbehar larriren bat  kontatzeko garaian nola sentitu zara?
M.E:
Mikrofono aurrean urduri jartzen zara hasieran baina gerora kontrolatzen ikasten duzu. Gogoan dut Madrilgo atentatuak gertatu zirenean, zuzenean lanean ari nintzen. Ez genuen sinesten zer gertatzen zen eta ezin ginen jabetu atentatuaren neurriaz. Lehendabiziko momentu haietan, albisteak gainditu egin gintuen. Jendearen testigantzak bildu, gertakariak zehaztu... bat eta beste aritu ginen eta etxera joan arte ez nintzen jabetu benetan zenbaterainokoa izan zen. Kanpotik hotzago ikusten da.

Inoiz izan al duzu arazorik beste komunikabideren batekin? Nolakoa da mantentzen duzun harrremana?
M.E:
Ez daukat aparteko kexarik. Beste komunikabideek ongi tratatzen gaituzte eta batipat euskarazko komunikabideekin harreman ona daukagu. Elkarlan handia dago, telebistako jendeak irratian kolaboratzen du eta alderantziz... Euskal Herria mundu txikia izanik eta euskarazko eremua oraindik txikiagoa izanik,badago konpetentzia bat baina baita elkarlana ere.

Andoaini dagokionez, non ikasi zenuen eta non pasatzen zenituen arratsaldeak?
M.E:
14 urte bete arte Larramendi Ikastolan ikasi nuen, eta 90eko hamarkadatik egoitza berria dago baina, nik 83an amaitu nituen. Batxilerra egitera Donostiako La Sallera joan nintzen. Arratsaldeak ahal zen tokian pasatzen genituen. Kalean ibiltzen ginen, plazan, Bekoplazan eta Arrate frontoian ere arratsalde asko pasatakoak gara. Ondoren beheko tabernetan gehienbat, Itzalan, Xaximetron, Txuri-beltzen... aisialdirako ez zegoen toki askorik. Geroztik gauzak asko aldatu dira, hor dago Bastero...

Gaur egun, non igarotzen dituzu arratsaldeak?
M.E:
Kalean ibiltzea gustuko dut, mendian ere bai apur bat, hondartza oso gustuko dut, Leizarango Trentxikiko bidean paseatzera joaten naiz... horiek dira aisialdiko nire planak.

Gauetan non ibiltzea gustatzen zaizu? Festatzalea al zara?
M.E:
Festetan ibili naiz eta ibiltzen naiz baina inoiz ez naiz festazale amorratua izan. Gure garaiko jendeak oso irudi berezia du Santakruzekin. San Juanak ere gustuko genituen baina oroitzapen politagoa dugu Santakrutzetakoa.

Demagun Donostian zaudela eta norbaitek Andoainen zer moduz bizi zaren galdetzen dizula, Zer erantzuten diozu?
M.E:
Primeran bizi naizela. Kanpokoek Andoain herri itxusia dela esan dezakete, akaso ez du izango ondare historikorik, edo herrigune bitxirik, egitura aldetik zatar xamarra dela esango nuke. Baina baditu paraje zoragarriak: Leizaran, Buruntza, Belkoain... Andoainek badu bere xarma. Norbaitek esan izan dit nortasun gutxi duela, baina kanpoan ongi saltzen dut herria. Niretzat herri zoragarria da.

Elkarrizketa amaitu eta gero, solasaldi polita sortu zen elkarrizketa egin zioten ikasleen eta Manu Etxezorturen artean. Irratia, telebista, Andoain... gai askoren inguruan jardun zuten denek ere. Ikasleek tailerrarekin aurrera jarraituko dute.

joxemari

joxemari 2010-03-11 18:44 #1

kaixo oso ideia ona! Animo lagunok, kazetaritza oso lanbide duina eta ederra da!<br />joxemari<br />


Utzi iruzkina: