Hurrengo bizitzan

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2008-06-30 19:23




Bizitza bat -edo bi, pentsatzen jarrita- beharko nituzke pianojolea izateko.
Bateriajolea izateko beste bat.
Saxoa,
gitarra elektrikoa
eta kontrabaxuarentzat ere bizitza bana.

Opera konpositorea ere izan nahi nuke
baita biologoa ere;
eta zoologoa,
etologoa,
botanikoa,
fisikaria,
astronomoa
eta astronauta (badakizue, Martera joango diren horietakoa...).
Filologoa ere bai.

Eta emakumea.

Aberats mezenas errenazentista izan nahi nuke
bizitza oso batean
eta aberatsa, besterik gabe,
beste batean;
ahaztu barik nabegantea, belauntzian bakarrik hortik zehar dabilena.

Izan nahi nuke idazlea,
blogari profesionala,
multimaitalea (erran nahi baita maitale anitza;
anitzen maitalea, alegia),
etorkizun urrunetako biztanlea,
arotza,
eskultorea,
eta margolaria.

Neandertala izan nahi nuke galdutako garai haietan,
kazetaria,
nekazaria,
eta aktore pornoa ere bai.

Txoria izateko ere bizitza bat behar dut,
kurloi, txantxangorri edo enara.

Azkenik, orain naizena ere izan nahi nuke.
Berriro.
Ea horrela gauzak hobeto egiten ikasten dudan.
Behingoz.






Post Scriptum: Mezu hau gure Patxiren beste honek iradoki zidan.




 


Utzi iruzkina: