Esker Ona (III): Neure bizitzaz

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2017-02-21 10:43

Neure bizitzaz

Duela hilabete esango nuen osasun ona nuela, primerakoa zela ere esango nuen. Laurogeita bat urterekin, kilometro eta erdi egiten nuen igerian egunero. Baina bukatu zait zortea: duela aste batzuk gibelean metastasi anizkoitza dudala esan zidaten. Bederatzi urte direla, oso tumore mota bakana aurkitu zidaten begian, begietako melanoma. Laser eta erradiazioaz artatu zidaten eta tumorea kendu bazidaten ere, itsu geratu nintzen begi horretatik. Eta begietako melanomen kasuan metastasia %50ean gertatzen den arren, neure kasu zehatzean probabilitatea askoz txikiagoa zen. Zorigaitzeko ehuneko horretan nago ni.

http://jozulin.eus/wp-content/uploads/2017/02/neure-bizitzaz.jpg

Eskertu egiten dut bederatzi urteko sasoi ona eta oparoa eman zaidalako, baina orain aurrez aurre ikusten ari naiz heriotza. Minbiziak nire gibelaren herena hartu du eta, mantsotu egin daitekeen arren, minbizi mota hau ez dago gelditzerik.

Orain aukeratu behar dut zelan bizi nahi ditudan geratzen zaizkidan hilabeteak. Bizi behar ditut ahalik eta modu aberats, sakon eta emankorrenean eta horretan laguntzen didate nire filosofo gogokoenaren hitzek. David Humek, hirurogeita bost urterekin gaixotasun hilkorra zuela jakin eta 1776ko apirileko egun bakarrean autobiografia labur bat idatzi zuen: Neure bizitzaz jarri zion izenburutzat.

“Endekapena azkarra izango dela uste dut” idatzi zuen. “Ez dut min handirik izan gaixotasuna dela eta; eta bitxiena zera da, gorputzaren gainbeheragatik ere, neure gogoak ez duela instant batean ere nabaritu beherakadarik. Betiko sukar berarekin ekiten diet ikasketei eta poztasun bera sentitzen dut lagunekin.”

Laurogei urte baino gehiago bizi izateko zortea izan dut eta Humek bizi izandakoak baino hamabost urte gehiago horiek ere oparoak izan dira lanean eta maitasunean. Denbora horretan bost liburu argitaratu ditut eta biografia bat idatzi dut, Humeren orrialde urriak baino luzeagoa, eta beste liburu batzuk ere ia amaituta ditut.

Gaineratu zuen Humek: “Gizon neurritsua naiz, jenioa menperatzen dakiena, aldarte irekikoa, jendekoia eta alaia, estimua sentitzeko gai eta etsaitasunaren batere zalea, eta grina guztietan oso neurritsua..”

Honetan ez nago Humerekin ados. Maitasun harremanak izan ditut eta lagunak ere bai, benetako areriorik ez dut, baina ezin dut esan (ezta ezagutzen nauen inork ere) gizon neurritsua naizela. Aldiz, izaera sutsuko pertsona naiz, irrika bizikoa eta grina guztietan neurririk gabea.

Hala ere, bada Humeren saiakeran esaldi bat bereziki egiazkoa iruditzen zaidana, hauxe: “Uste dut inoiz ez ditudala gauzak orain bezainbesteko distantziaz ikusi.”

Azken egun hauetan kapaz izan naiz neure bizitza goi goitik ikusteko, paisaia bat balitz bezala, eta honen zati guztiak lotuta dauden perzepzio gero eta sakonago batekin. Horrek ez du esan nahi ez dudala jada bizitzaz ezer jakin nahi. Aldiz, bizi bizirik sentitzen naiz, eta espero dut eta nahi dut, geratzen zaidan denboran, lagunen lagunago izan, maite ditudanei agur esan, gehiago idatzi, bidaiatu -indarrik badut-, eta gehiago ezagutzeko eta ulertzeko kapaz izan.

Horretarako beharko da ausardia, argitasuna eta gauzei beren izen esan; ahaleginduko naiz munduarekin kontuak argitzen. Baina libertitzeko astirik ere egongo da (eta tontoarena egiteko ere bai).

Bat-batean argi eta perspektibaz ikusten ditut gauzak. Ez dago alferrikako kontuetarako astirik. Neure baitara bildu behar dut, neure lagunengana eta lanera. Jada ez ditut gauero telebistako berriak ikusiko; ez diet politikariei arretarik eskainiko, ezta berotze globalari buruzko eztabaidei ere.

Ez da axolagabetasuna, distantzia da. Oraindik kezkatzen nau Ekialde Hurbilak, berotze globalak, berdintasunik ezak… Baina ez dira neure kontua dagoeneko, etorkizunari dagozkio. Poztu egiten nau gazte argi eta azkarrak ezagutzeak, baita biopsia egin eta metastasia diagnostikatu zidana ere. Etorkizuna esku onetan dagoela sumatzen dut.

Duela hamar urtetik hona-edo oso jakitun naiz nire adinkideen heriotzaz, nire belaunaldia kanpora bidean da eta heriotz bakoitza urratze baten moduan sentitzen dut, neure zati bat erauziko balidate bezala. Desagertzen garenean, ez da gu bezalakorik geratuko hemen; egia esan, inor ez da besteak bezalakoa. Bat hiltzen denean, ez dago hura ordezkatzerik, bete ezin den zuloa uzten du, gizabanakoaren patua -patu genetikoa eta neurala- da norbanako bakana izatea da, nork bere bidea topatzea, nor bere bizitza bizitzea, nork bere heriotzari aurre egitea.

Ez dut plantarik egingo, ikaratuta nago. Baina nire sentimendurik behinena esker ona da. Maite izan dut eta maitatua izan naiz; asko jaso eta zerbait eman dut ordainean; irakurri eta bidaiatu dut; pentsatu eta idatzi dut. Elkarrizketa izan dut munduarekin, idazle eta irakurleek izaten duten elkarrizketa bitxi hori.

Oroz gain, sentitzen duen izakia izan naiz, pentsatzen duen animalia planeta eder honetan, eta hori, berez, opari ederra izan da; eta abentura bat.


Datorren astean laugarren atala:

(Aurrerapentxo bat)

Neure taula periodikoa

Ezinegonaz, irrikaz ia, egoten naiz astero Science edo Nature bezalako aldizkariak noiz helduko. Eta atoan bilatzen ditut zientzia fisikoei buruzko artikuluak, eta ez, agian beharko nukeen bezala, biologia eta medikuntzari buruzkoak. Zientzia fisikoek seduzitu ninduten lehenik, ume nintzela.

(Jarraituko du…;-)


Utzi iruzkina: