Odol hotzekoa

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2010-02-28 15:49



Gure nagusia gogora ekartzen hasita, ezin esan nezake gizon atseginegia zenik, baina enpresako emakume ugari zeukan atzetik garai hartan. Ziur aski amak garbituko zizkion traje urdinaren galtzak ipurtaldean horren ongi geratzeak izango zuen zerikusirik horretan. Gizon galaia zen, ez altuegia apika, baina aise usain ziezaiokeen handikeriak bost bat zentimetro garaiagoa egiten zuen besteon begietara.


Zuk adarra jotzen zenidan erakargarri neritzola esanez eta nik ironia doinu nabarmenaren mozorroaz erantzuten nizun baietz, zurekin larrua jotzerakoan nagusiarekin pentsatzen nuela. Sekula ez nizun aitortu, ordea, noiz edo noiz nagusiarekin amestutakoa nintzela eta, behin ile orraztuak nahasi eta trajea erantzi nionean, erakargarri zegoela. Aitzitik, neure buruari barre egiteko baizik ez zidan balio izan amets erotiko ziztrin hark, nagusia odol hotzeko animaliatzat bainekusan, bizirik irauteko bulegoko fokoen argia beharko balu bezala.


Gizon bat 2000 euroko suge-larruzko berokia jantzita. Kontuz, ez naiz tipo gaiztoa zenik esaten ari, handiustea baino. Suge-larruz jantzitako gizona eta giza-larrua duen sugea ez dira gauza bera. Narrastiek, dena den, berak baino maiteago izango zuten lurra ziurrenik. Izua zion erortzeari, nonbait, ahantzi egiten zuen altxatzeko aukera beti zegoela hor. Esan liteke ametsak egi bihurtzeko borrokan aritu ordez, amesgaiztoak gezur bilakatuko ez diren beldurrez bizi diren horietakoa zela bera.


Utzi iruzkina: