lehoia

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2011-05-06 13:13

Behiala izan bazen lehoi, ez du gogoan inork. Haur txiki bat da zirrikitutik so, baina panikoa diot eta ez dakit zergatik. Edo badakit, ez dakit.

Panikoa diozu, jaioberria izanagatik, ez delako haurtxo txikia, akatsak egin omen dituelako aurreko bizitzaren batean, zuk eta nik bezalaxe, baina berak ikasi du, zuk eta nik ez bezalaxe. Omen, ez diogu-eta hanka sartzen uzten. Ibiltzen dena soilik baita hanka sartzeko gai. Ez diogu ibiltzen uzten.


Ibili gu gabiltza bide zuzenetik, infernura daramana ere zuzena bada. Haurrak badaki deabru garena, gure sarde zorrotzekin. Zergatik, orduan, sardeska soil dut sentitzen?

Deabrua hil egiten delako beragan sinesten ez duenaren begietan eta zirrikituko begi bi hoiek ez dute gugan sinesten.

Guk ere ez haiengan, diegun gorrotoan baino. Beraiek ere sinetsi baietz guri diguten herran!

Sineste komun bat bada, beraz, denon artean. Komuna eta aurkakoa. Gure herri bat euren bi direlako aldi berean.

Baina haurtxoaz ari ginen. Ibili ezin eta hor dakusaguna geldi, iraultza erreprimitua hatz puntetan.

Ez nago ziur geldi denik. Ez dabil. Dakusa. Ikusi gaitu. Gutaz badaki. Irteten bada, irtetekotan, hura jakitun da nolakoak garen, bere hatz puntez soilik dakigu guk.

Lehoi begiak zirrikitutik so. Panikoa badiot, orain badakit zergatik.



Lehoi batek egin ei du ihes Bilboko zoologikotik. Eta, hara! PaNiKo horri EuFoRiA esaten diote euskaraz.



Utzi iruzkina: