Kulturaren aurka egiten diren atentatu guztiei

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2012-02-11 11:58



KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA

Azterketa garaian, ematen duenez buruak ez ditu bira askotxo ematen. Pentsatzeko ez da gai askorik, soilik ikasi beharrekoa eta ni ere horrela nabil Espainiako Historia Ekonomikoaren gora eta berberarekin behera. Beraz irakurle sentitzen dut ezin denbora eskaintzea zati honi. Baina berdin du, horrelako momentuetarako prestatua nago eta ohore moduan edo Urruzuno Sariari eskaini nahiko nioke errebindikazio gisa, krisia dela eta, oraingoz behintzat, urtebeteko atsedena eman diotelako. Beraz, kulturaren aurka egiten diren atentatu guztiei eskaini nahi diet egunen batean egin nuen olerki hau, eta batez ere Urruzunori, berau irabazi gabe duda egiten dudalako horrelako zerbait egin nezakeenik. 

 

Dena galdutzat jotzen genuenean

genuen DENA galdu genuen.

Zutik ez zen ezertxo ere geratu, denak lurra besarkatu zuen.

Tango bat dantzatzeko eskatu nizun eguzkia itsasoaren

magalean lokartzen ari zelarik lotsati.

Bihar esan zenidan.

Iragana oraina bihurtu den minutu hauetan besoetatik

hartu zaitut,

baina ez tango baten erritmoan.

Burtsak hondoa jo du salbazioari oihu egiteaz nazkaturik

itota. Orain arrainen bankete bihurtu da.

Gizadia gurutziltzaturik abandonatu dugu.

Kontzeptu abstraktu bat besterik ez zen bere balio guztia galduta

eta ondasunak errauts artean kontsumitzen dira

naufragio baten arima olatuek daroaten moduan.

Haizeak bortitzago jotzen du zure aurpegian

larrutu nahi bazintu bezala.

Gaizkilea kondenatu behar zuen epaitegiak

gaizkiaren esanahia hiztegietan begiratu gabe

eta gaizkiak berak kondenatu gaitu basamortuko

heriotzera.

Salbatzaileetan ez dugu sinesten.

Horregatik kaleidoskopiotik begiratzen dugu,

zerbait ederra aurkitzeko asmoz,

edo errealitateari uko egiten diogulako

nazkatu baikaitu bere lege eta arauekin,

bere etika eta moralarekin,

bere nahi eta ezinarekin.

Gasolina burutik behera bota dugu

eta azken zigarro bat piztu.

Sua.

Sua.

Malkorik ez da begietan.

Sua.

Sua.

Hutsa.

 

Ugaitz Agirre, Usurbilgo NOAUA! astekarian, 2012ko urtarrilaren 27an.




Utzi iruzkina: