Hitz hotzak

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2010-12-29 19:55





Hitz hotzak ekarri ditu izotzak Brooklynera, niri ez zaidalako aski Utzi kontu horiek gaurkoz, Gabonak dira!, niri ez zaizkit aski Gabonak zure oparia irribarrez zabaltzean gezurti ez sentitzeko. Orduan oihuka galdetzen duzu ez ote zaidan gustatu, ez ote zaitudan maite. Joder! Maitasunaz nola hitz egin dezakezu zuk. Sukaldera egin dut zugandik ihes, jada ez dakit negarrez, inork ez daki negarrez etxe honetan. Zuk ere ez, ama. Orain malkotan egonagatik, badakizu, beste kontu bat dela negar egitea.

Arraskan aurpegia busti dut esku ahurrez eta konturatu naiz, hala esan nizun arren, inoiz ez dizudala barkatu orduko hartan babes eman ez izana. Izan ere, ama, kontatu nizun, zuri, nire senarraren beldur nintzela, min egiten zidala egunero. Ubeldu zizkidala desioa, iritzia eta azala gero.

Zuri bost, halere, edo hala zirudien, laztan pare batek konponduko bailuen dena. Zer, ama, zer? Laguntzeko eskatzen nizun, ez laguntzearen planta egiteko begi gorri gaixo horiekin. Andrewk zu lasai hartzeko zioen, gauero usten zenuen whisky botilak burua eraman zizula.

Nik lagunduko nizukeen alkohola hiltzen, baina orduan ez, ama, ni nintzen hiltzen ari zena, ulertzen? Saiatzen nintzen zu justifikatzen, gogor saiatu ere. Semeari begiratzen nionean, ordea, zuganako gorrotoa pizten zitzaidan, mina, nazka, ziur bainintzen ororen gainetik babestuko nuela beti nire semea, whiskyak edo beste edozerk zentzua lapurtuagatik ere.

Dena den, zeuk irakatsi zenidan hanka-sartzeak barkatzen, beraz, barkatzen ez badizut, ez pentsa alkoholezko urte haietan egin zenituen edo egin ez zenituenengatik denik. Barkatzen ez badizut, ama, barkamenik eskatu ez didazulako da. Edateari utzi zeniola hamalau urte beteko diren honetan, zure ezpainek ez didate oraindik damuaz hitz egin.

Eskuak sikatu orduko hartu dut berokia eta baietz ihardetsi semeak ba ote goazen galdetu didanean. Bye.






Telefonoa goizeko zortzietan. Andrew da amaren etxetik. Ahots dardartiz adierazi dit bart gaueko afariko ontziak eta sukaldea atontzen laguntzera joan dela zugana, baina egongelan topatu zaituela egoera negargarrian. Nebak ba omen zekien edanari ematen hasia zinela duela hilabete inguru, konponduko zelakoan, ordea, ez ei dit ezer esan. Andrew! Hori esan egin behar zenidan! Gure ama da, ez dut harreman onegia berarekin, baina ama dut, entzun!

Semeari esnatutakoan deitzeko oharra utzirik sukaldeko mahaian, zure etxera joan naiz ziztuan. Anai-arrebon artean jaso eta egongelatik ohera lekualdatu zaitugu, altzari ezdeus bat baitzinen. Esnatu zarenean ura edanarazi dizugu, lasai egoteko esan, arrautzopilak prestatu dizkizut gero. Andrew, zoaz etxera bazkaltzera nahi baduzu, geratuko naiz ni amarekin.

See you later. Andrew joan denean lotsatuta begiratu didazu, ama, barkamena eskatu nahian bezala, baina isilik geratu zara berriro eta nik, badakit, ez didazula berriz galdetuko maite ote zaitudan.


.



Utzi iruzkina: