Hiria hemendik

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2012-03-10 15:49



Iluntze hau ederregia da niretzat bakarrik izateko. Zeruertza ikusten da urrunean, edo urrutiegi da ezer ikusi ahal izateko eta horregatik da zeruertz.

Badira aste batzuk dorre honetan nagoela, baina ahaztu zaidala nola igo nintzen. Badakit dorre honetan nagoela. Ez dakit zergatik eta zertarako igo nintzen.

Polit ikusten da hiria hemendik, hiltzera doan eguzkitan. Egon ninteke, ordea, beste dorre batetik, kale ertz batetik, teilatutik begira. Eguzkia bera litzateke, berberak lirateke nire begiak, baina ezberdin ikusiko nuke eguzkia.

Dorrean nolatan nagoen baneki,  jaitsi nahi dudan ala ez erabakiko nuke. Preso sentitzen naiz ezjakin, eta urrunera, oso urrunera begiratuta ere, inon ez dago katerik. Elkarren kalabozoetako giltzak irentsi genituenetik, bakeak egin behar ditugu ispiluko horrek eta nik.

 Ohera noa, iluntze hau ederregia da niretzat bakarrik izateko.



Utzi iruzkina: