Hankak baldosa gorritan

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2012-07-09 22:18



Ez dago ez hor eta ez hemen, atearen mugan baldosa gorritan etzanda. Bero handia duenak baino ez luke zilborra zoru hotzean jarriko. Berotuta eta biluzik ez da larrua jotzerakoan bakarrik egoten.

Baldin gorputz inerte hori harreman bat balitz, hanka bana ginateke gu, itxuraz nor bere aldetik goazenak, baina gerritik lotuta etengabe, kasualitate faltsu bati esker arratsaldeak erdibanatzen.

Akaso badenez itsas-hondoa garbitzen hasteko garaia, naizen hankari begiratu behar diot, ia odola nola doan bere zainetan. Odola gorria zergatik den, suagatik ala arriskuagatik.

Neronek esana da besteei emateko norbere burua zaindu eta osatu beharra dagoela lehenago. Hargatik saiatuko naiz esplikatzen hanka honek ibili egin nahi duela, urrats bat nik, urrats bat zuk.

Baliteke hanka bakarraren gainean doan gorputz bero eta biluzi bat lortzea horrela, herrenaren herrenez erruki pixka bat sortzen duena. Baliteke, dena den, gorputza zutitzea, freskatzeko, janzteko gai izango dena. Edozer da gorpu dirudien gorputz bat baino hobea eta hanka hau txingurritzen ari da.




Utzi iruzkina: