Geldi mugitzea da

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2012-03-04 00:18



Elkar ikusten ez duten begiak gurutzatzen dira metroan
arnasa hartzea zaila da bagoia lepo edo barrena hutsik badoa

geldi mugitzea da
eskailera mekanikoak eta trena dira nire oinak.

Ateko musikariak abisatzen dit kalea datorrela
azkarrago noa beti notak baino.
Musika izan nahi duen zarata naiz.

Aurrez aurre eseriko gara aurki
inork publikatuko ez lukeen poesia sortzeko
geldi mugitzea izango da
elkar ikusten duten begietan aurkitzen ditugu hegoak.

Zuk abisatuko didazu iluntzen ari duela
azkarrago doa eguna ni baino.

Hiri handi bateko metroan topatuko nauzu egunen batean
zarata truke ordu eske
asmo onez aterako dituzu pare bat ordu patrikatik
baina ez dizut utziko horiek kapelara botatzen
denok dugu adikzioren bat
eta berehala xahutuko nituzke ordu biak zurekin
inork publikatu ez zuen poesia hura gogoratzen.











Utzi iruzkina: