denbora kontuak

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2010-09-30 17:29




Haur ginelarik gure zapatak

ziren ametsen oinarri
zola gastatu, punta zikina,
ta zintzilik bi lokarri.
Artean lotzen ez jakiteak
ez ninduen jartzen larri
eskerrak zure esku abilak
topatzen nituen sarri.

Oroitzen zara nola zapatak
lotu ohi zenizkidan lehen?
Zalantza daukat orain zureak
askaturik ote dauden.
Azkenaldian koadrilatik
urrundu zara nabarmen
ta hareazko ordularia
irauli egin genuen.

Nik erloju bat erregalatu
nizun ohartu zintezen
nola harea aleak beti
goitik behera doazen;
azken aldian zure jarrera
zihoan gisan, hain zuzen...
baina erlojuko harea hura
basamortu bihurtu zen.

Ta erlojuko harea hura
basamortu bihurtzean
zure lorratzei ihes egiten
saiatu zinen, funtsean;
baina lorratzak zuri jarraika
segi zuten urruntzean
eskerrak itzal batek lagundu
egin zizun iluntzean.

Itzalak inoiz lagundu arren
min ere egingo dizu.
Ez jakitea nahiago duzu;
hala ere, badakizu.
Gaua konplize bihurtu zaizu
beraz lasai lo egizu,
baina berriro izango zara
egunsentiaren izu.

Eguzki printzek esnatu egin
zaituzte, igual goizegi.
Zalantzan zaude atzo abitu
zenuen bidean segi
edo bestela harrotasuna
jan, ta eman buelta erdi;
baina atzera joateko ere
ez al da beranduegi?

Abitu zara, beranduegi
ez denaren esperantzaz.
Basamordua zizelatuaz:
lorratzez eta zalantzaz.
nahastu denaren goibeltasunez
ta haren gustu minkatzaz;
halere, bide zuzenenetik
doanaren konfiantzaz.

Ez da ageri konfiantzarik
zure lorratzetara so:
zapaltzen duzun itzala ezin
baituzu lurretik jaso,
gutxien uste duzun unean
egingo dizu eraso.
Gugana heltzear zauden unean,
lehenagotik akaso…

Inoiz eraso egiten badu,
hasi zaitez garrasika;
gure laguntza behar baduzu
izango duzu beti ta.
Ta ez lotsatu zure burua
inoiz ahul ikusita
guk ere itzal bana daukagu
zapata zolei josita.


Jon Martin


Utzi iruzkina: