Bada amorru bat

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2010-06-10 13:51





Bada amorru bat
belarrietatik ateratako sua itzalirik,
isurtzen dituena
malkoak ispiluetatik
izerdia poroetatik.

Bada amorru bat
besteekikoa
ustez
norberari nazka hartzera daramana
eta hargatik, besteekiko gorrotoa areagotzen duena
oiloa eta arrautzarena bezala
mokokadek min
oskolek krak.

Bada amorru bat
bidali egiten dena
baina badoanean
eutsi egin nahi
mendekuz.

Garrak errauts bihurtu nahi ez
hautsaren zitalkeriaz oharkabe
hautsak, izan ere,
ez du erretzen
baina txoko ezkutuenetan ere hor da
mendeku gordea
betierekoa
isila.




Utzi iruzkina: