Euskal preso politikoak bake prozesuan zuzenean parte hartzearen aldeko mozioa.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2005-03-21 00:00

700 euskal herritar baino gehiago dira jadanik, Euskal Herriak estatu espainiar eta frantziarrarekin duen gatazka politikoaren ondorioz mundu zabaleko kartzela desberdinetan sakabanaturik daudenak.

Mendeetan zehar, eta bereziki herri honi askatasuna ukatzeko egin zen frankismoaren erreformaren ondoren, azken 25 urteotan, milaka izan dira atxilotuak, torturatuak eta kartzeleratuak izan diren herritarrak. Milaka bestalde, urteak joan eta urteak etorri, Eukal Herritik ihesean bizi behar izan dutenak.

Gatazka hau luzatzeko apustua egin duten bi estatuen aldetik, demokrazian oinarrituriko konponbidearen norabidean lan egin ordez, errepresioa eta zapalkuntza besterik ez da izan. Euskal preso politikoei sakabanaketa eta bakartzea aplikatuz, preso eta beraien senideen eskubide guztiak urratu zaizkie azken urteetan, preso zeudenen artean eta beraiekin egotera zihoazen senideen artean 35 heriotza sortuaz.

Espainiar eta frantziar kartzela sistemaren baitan, Euskal preso politikoek jasan behar izan duten zigor gehigarriak izaera berezia eman baldin badie ere, urte hauek guztietan, preso politiko izaera ukatu egin zaie. Bi estatuek onartzen ez duten gatazka politiko baten lehen lerroan egon da Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, dispertsioari gain hartuaz, preso gisa dagozkien eskubideen aldeko defentsa eginaz eta batik bat Euskal Herriaren eskubideen defentsan eragile garrantzitsua bilakatuaz. Kolektibo izaera gorde dute, borroka konpromezuaren tresna nagusi gisa.

Gaur da eguna, frantziar eta espainiar estatuek herri honi inposaturiko marko politiko-juridikoen krisia eta baliogabezia agerian dagoena. Gaur da eguna, gatazka politikoa inoiz baino ageriagoan dagoena eta gaur da eguna, herriak behingoz, gatazka hau (eta bide batez bere ondorioak) konpontzeko beharra inoiz baino ozenago aldarrikatzen duena.

Gatazkaren konponbidea, euskal herritar guztien hitza eta borondatearen errespetutik etorriko da. Hau gero eta herritar eta eragile gehiagoren ahotik entzuten ari garen argudioa da. Bide honetan, Euskal Herrian, demokrazia eta bakera bidean pauso ausartak emateko garaia da, inoiz baino garrantzitsuagoa da munduan zehar eman diren prozesu politikoetan presoen kolektiboek izan duten parte hartze eta paper zuzena erreferentzia izatea. Hor dugu Irlandako kasua, Hego Afrikakoa eta beste hainbat. Ez da gatazkarik konponbidean jarri, kolektibo hauen parte hartzerik gabe.

Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzean datza gatazkaren konponbidea. Bi estatuen aldetik, errepresioa besterik ez da izan, oraingoz konponbiderako aukera guztiak zapuztuz. Jarrera honen parean tinko aurrera egiteko garaia da. Aukerak egon badaude, baina aukera hauek gauzatu egin behar ditugu.

Euskal herritar guztiek hitza libreki hartze bidean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere zuzenean parte hartzeko aukera izan dezan, eta era berean gatazka politikoaren ondorio izanik estatus politikoa onartua izan dakion, hiru hilabetetako borrokaldiari ekin diote presoek.

Horren aurrean Auzoarteko Herri Plataformak, Busturiako Osoko Udal Batzarrean, honako puntu hauek aurkezten ditu bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:

1. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, gainontzeko euskal eragileen gisan, Euskal Herriaren hitza eta erabakia gauzatzeko bidean, zuzenean parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzen du Udal honek.

2. Udal honek, parte hartze hori behar den baldintzetan eman dadin, isolamendu eta sakabanaketarekin bukatu eta euskal presoek Euskal Herrian egoteko duten eskubidea bere egiten du.

3. Aldarrikapen horiek gauzatu daitezen, martxan den presoen borrokaldiarekin bat egiten du Udal honek.

4. Borrokaldi hau babesteko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dio Udal honek herritarrei.

5. Erabaki honen berri herritarrei ematea deliberatzen du Udal honek.


Euskal Herrian, 2005eko Martxoan.


Utzi iruzkina: