EUSKARA GORA, BIHOTZETIK AHORA!!

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-01-23 11:05

Behin, hor nonbait entzun edo irakurri nuen egunero-egunero ari direla hizkuntzak hiltzen. Zur eta lur geratu nintzen, egia baldin bada, munduan zenbat hizkuntza ote dauden pentsatuta. Gainera, berririk sortu barik, desagertu eta desagertu ari badira hizkuntzok, are larriagoa iruditu zitzaidan, hor noizbait gurea ere behin betikoz hil daitekeelakoan.

 

       Europako hizkuntzen mapa por ti.

 

Izan ere, jakin badakigu zein diren lehenen desagertu, desagertzen eta desagertuko diren hizkuntzak: ahulenak, betiere. Eta, noski, ahulezia hori hainbat modutan ulertu behar da. Hizkuntzak berak ez dira, berez, indartsu edo ahulagoak; hizkuntzak hizkuntza dira, eta kito. Baina hizkuntza bakoitza zein testuingurutan bizi den, zein egoeratan bizi diren ele bakoitzaren hiztunak, hori bai dela erabakigarria beraren biziraupenerako!

 

Gureari erreparatuta, euskarari alegia, bistan da ez duela testuingururik txarrena. Munduko alde garatuan suertatu zaigu bizitzea eta, horri esker, alderdi on askotxo ditu euskarak; esaterako, ofizialtasuna, oso-oso garrantzitsua dena. Baina horrek ez du, ezinbestean, biziraupena bermatzen; lagundu baino ez baitezake egin. Ezerk bermatuko badu hizkuntza baten biziraupena, eta euskararena bereziki, erabilerak egingo du, horretan ez daukat zalantza izpirik ere. Eta, horrexegatik hain zuzen, oso kezkaturik nabil aspaldi honetan, testuinguru ezin hobea izanik ere, euskaraz gero eta gutxiago egiten delakoan nago eta.

 

        Gora Euskara por ti.

 

Euskarari ornamentazio gehiegizkoa eman zaio (diogu?) azken hamarkadotan; ofizialkidea denetik, espresuki esatearren. Beraren inguruan formalismo larregi sortu dugu (eskakizunak edo tituluak, behatokia, kalitateari buruzko ez-dakit-zer-zigilu…), eta ahaztu egin dugu, segur aski nahi gabe, baina ahaztu, exijentzia-maila bat barik, naturaltasuna eta maitasuna behar dituela euskarak. Esaterako, milaka euskaldun-berri ditugu gure inguruan, euskaldun-zaharren antzera gramatika asko ikasi eta titulitisaren beharrean murgilarazi ditugunak, baina euskara maitatzen ikasi ez dutenak, irakatsi ez diegunak, euskara euren sentitzen ez dakitenak eta, beraz, erabili ere egingo ez dutenak. Tristea da aitortza hau egitea; tristea bezain erreala, ordea.

 

Gauzak horrela, nik uste dut matxinadatxoa egin beharrean gaudela euskaldunok; zertan eta erabileran, hain justu. Hizkuntza ahulak indartsu bihurtzen ditu erabilerak. Euskararen funtzionaltasuna erakutsi ezean, desagertu bidean segituko baitu, apurka-apurka hil egingo delarik. Eta, horretan, zeresana dugu hiztunok. Euskaldunok kontzientzia hartu behar dugu egunero, edonon eta zernahitarako erabili behar dugula euskara, geure sentituz, eta guztiona sentiaraziz. Bestela, jai du euskarak!

 

Hortaz, lagun euskaldun horiek, argi eta garbi eduki:

ERABILERA DA BIDE BAKARRA = EUSKARA GORA, BIHOTZETIK AHORA!!


Utzi iruzkina: