2017ko irailaren 21a

aitziberjimenezdeaberasturi 1491039672789 Halkdhg | 2017-09-22 12:04

     Nire pausoak besterik ez dira entzuten pasillo luze eta isilean. Korridorearen amaieran dagoen atera gerturatu naiz, esku-ahurrekin bultzatu dut eta egongela handi eta dotorean sartu naiz. Leiho handiak ditu gela honek, alabaina, gortina lodi batzuek kalea ikustea eragozten dute. Egun argitsua dela esan dezaket, eguzki izpiak aurkitzen duten zulo txikienetik ere sartzen dira-eta egongelan. Bi sofaren artean dagoen mahaitxora gerturatu naiz eta bertan dagoen egunkaria hartu dut eskuartean. “Giza katastrofe baten biktimak”. Horrela izendatu dute gaur azalean agertzen den berria. Alabaina, titularra ez dator bakarrik, gazte errefuxiatu baten gorpu hila erakusten duen argazki batek berriaren izenburua osatzen du. Emakume baten forma dauka gorputzak, emakume gazte batena. Aldapa harritsu batean botata dago neska eta argazkia bizkarrez aterata dagoenez aurpegia beharrean bere ile motz iluna ikusten da. Hori ikustean jendeak zer pentsatuko duen galdetzen diot nire buruari. Urruneko errealitate baten modura ikusiko dute gizarte honetako gizabanako gehienek; izan ere, berrian azaltzen den moduan, gazte hori gureagandik oso desberdina den herrialde batetik ihes egiten ari zen. Lehen zegoen leku berean utzi dut egunkaria eta leihora hurbildu naiz. Gortina apur bat baztertu dut, nahikoa egin dudan zulo horretatik kalea ikusteko, eta zerura begiratu dut beheko errepidean dagoen zalaparta osoan erreparatu gabe. Zeru urdina ikusten dut, neska errefuxiatu horren eta nire gainean dagoen zeru urdin berbera. Nazkatuta eta bitan pentsatu gabe etxeko atzealdeko aterantz zuzendu naiz, autoa martxan jarri dut eta nik ere herrixka ziztrin honetatik ihes egiteari ekin diot. Ez da denbora asko pasa atzetik beste auto batzuk ni jarraitzen hasi direnerako. Bi auto dira, nire parean jartzeko edozer gauza saiatzen ari direnak. Errepide zabal batean sartu naiz, gainerako auto guztiekin nahasteko asmoz. Beste ezeren axolagabe azelagailuaren pedala indar guztiz zapaldu dut eta kotxeak ahal dudan moduan saihesten hasi naiz. Halako batean ezkerrera biratu dut zubi estu eta luze batera. Atzera begiratu dut inork jarraitzen ez nauela ziurtatzeko, baina bai hor daude. Berandu izan da bolantearen kontrola galdu dudala konturatu naizenerako.

     Nire pausoak besterik ez dira entzuten pasillo estu eta isilean. Korridorearen amaieran dagoen atera gerturatu naiz, esku-ahurrekin bultzatu dut eta gela txiki eta sinplean sartu naiz. Bi leiho txiki ditu gela honek, eta gortina mehe batzuek kolorea ematen diote gela txuriari. Gau lasaia dela esan dezaket eta ilargiaren argitasunak nire gela argitzen du. Nire ohe ondoan dagoen mahaitxora gerturatu naiz eta bertan dagoen egunkaria hartu dut eskuartean. “Alkoholaren biktimak”. Horrela izendatu dute gaur azalean agertzen den berria. Alabaina, titularra ez dator bakarrik, auto dotore batean harrapatuta dagoen pertsona baten gorpu hila erakusten duen argazki batek berriaren izenburua osatzen du. Emakume baten forma dauka gorputzak, emakume nagusi batena. Zubi baten erdian dago “biktima” eta argazkia bizkarrez aterata dagoenez aurpegia beharrean bere ile luze iluna ikusten da. Hori ikustean familiakoek zer pentsatuko duen galdetzen diot nire buruari. Izan ere, neba-arreben artean bakarrik nik izan dut egunkariak irakurtzeko aukera. Lehen zegoen leku berean utzi dut egunkaria eta leihora hurbildu naiz. Gortina apur bat baztertu dut, nahikoa egin dudan zulo horretatik kalea ikusteko, eta zerura begiratu dut. Zeru iluna ikusten dut, emakume zorigabe horren eta nire gainean dagoen zeru ilun berbera. Nazkatuta eta bitan pentsatu gabe etxeko aterantz zuzendu naiz, inor ez dagoela ziurtatu eta zaratarik egin gabe beste errealitate baten bila abiatu naiz. Etxean bistaz galdu ditudanean errepide batean sartu naiz eta handik gutxira atzetik sirena soinuak entzuten hasi naiz. Errepideko iskinean makurtu naiz eta poliziaren kotxe bat pasa da; alabaina, nigandik hogei bat metrotara gelditu da eta bi agente autotik jaitsi dira. Halako batean niganantz zuzendu dira eta ni, beldurraren-beldurrez, mendian gora hasi naiz korrika egiten. Malda harritsu batean sartu naiz polizia trakets ibiltzeko. Atzera begiratu dut inork jarraitzen ez nauela ziurtatzeko, baina bai hor daude. Berandu izan da nire hanken kontrola galdu dudala konturatu naizenerako.

     Urakan askok jo dute ertamerika: Kuba, Haiti, Mexiko eta orain baita Puerto Rico ere. Urakan berdinak iparralderago abiatu dira eta intentsitate berdinarekin jo dute Florida. Alabaina emaitza desberdinak utzi dituzte Kuban eta Floridan. Bi gizarte ezberdinetatik pasa da urakan berdina eta heriotzen aldetik datu ezberdinak utzi dizkigu. Floridan hainbat pertsona hil dira Kuban heriotza bat bera ere egon ez den bitartean. Horrela botatzen dute hedabideek berria, aurreko istorioetan bezalaxe; baina, zer dago titular horien atzean? zer dauka Kubako jendeak Floridakoak ez duena? Ez al da beharrezkoa bi herrialdeetako gizarteak ezagutzea datu horiek interpretatzen jakiteko? Albisteak beste pista batekin aurkeztu zaizkigu, urakanaren ondoren hartu ziren irudietan Kubako kaleak jendez beteta ikusten ziren Floridakoak hutsik zeuden bitartean.